KULTURA GARAIKIDE V. IKASTAROA
2025eko azaroaren 3, 4 eta 5a
BILAKABIDEAK ETA PREMIAK ZINEMA ETA MUNDUA
Garaikidetasuna ikus-entzunezko kulturan
Z
inema, arte-adierazpena den aldetik eta ez bakarrik entretenimendu hutsa, oso tresna baliotsua da munduari buruz hausnartzeko. Filmak egiazkoaren ispilu izan daitezke eta, hala, ahaltsuak eta esanguratsuak dira “bilakabideak eta premiak” (politikoak, sozialak, ekonomikoak, filosofikoak, ingurumenekoak…) islatzeko, zeinak gero eta azkarragoa, zaratatsuagoa eta arduragabeagoa den geure orain hau ezkutatzen baitute. Zinemak hausnarketa poliedriko, ireki, aberats eta heterodoxorako bidea irekitzen digu, eta, batzuetan, aldaketarako funtsezko eragilea izan daiteke.
Ikastaro honetan, gure garaiko erronkarik premiazkoenetako eta segur aski konplexuenetako batzuetan sakontzea proposatzen dugu, gaur egungo ikus-entzunezkoen joerarik berrienetako batzuen bidez. Hainbat gai jorratuko ditugu, hala nola gerraren ezereza, izugarrikeria eta hutsalkeria, eta, horretarako, zinema-zuzendari palestinarren kasu zehatz eta berezia aztertuko dugu; edota landuko dugu zer-nola erakutsi diren film jakin batzuetan queer-pentsamenduak ibili dituen bideak identitate indibidual eta kolektiboen eraikuntzan eragiteko. Horrez gain, antropozentrismoa (eta gizakiak naturarekin duen harremana) auzitan jartzeari buruz lanean ari diren teorietako batzuei helduko diegu, lan zinematografikoetatik eta bideoartistikoetatik abiaturik, eta orobat begiratuko dugu nola eragiten ari zaion adimen artifiziala irudiaren ontologiari, gai arras funtsezko batzuk zalantzan jartzeko, hala nola artistaren eta artelanaren ideia edo are benetakoaren ideia eta “egia” deitzen dugun hori.
Zinema, hemen, analisirako tresna pribilegiatua da, balio baitigu ulertezina den horretara hurbiltzeko eta problematika horietako asko agerian jarri eta argitzeko. Baliteke, agian, zinema geure buruari aterpe emateko tokia ere izatea.
JAKIN BEHAR DUZUN GUZTIA
ANTOLATZAILEA


LEKUA ETA ORDUA
2025eko azaroaren 3, 4 eta 5a.
Nafarroako Museoa.
Ekitaldi aretoa.
18:00-21:00.
ARGIBIDE GEHIAGO ETA IZENA EMATEA
Matrikula Museoaren bulegoetan aurrez aurre egiteko aukera mantentzen da, 10:00etatik 14:00etara. Ordainketa eskudirutan egin beharko da.
ZUZENTZAILEA
Yara Yañez.
Caimán Cuadernos de Cine aldizkariaren zuzendaria da 2022ko urtarriletik, eta argitalpen horretan lan egin du, 2007an Cahiers du cinéma. España izen pean sortu zenetik. Gainera, 2014az geroztik, irakasle dihardu Zinema Kritikako Masterrean (ECAM), eta TVEren Historia de nuestro cine programaren ohiko kolaboratzailea da.
TARIFAK
Normala: 25 €
Murriztua: 12 €
Nafarroako Museoaren Adiskideen Elkarteko eta museoen beste elkarte batzuetako kideak, kultura kudeatzaileak eta boluntarioak, Esperientziaren Gelako ikasleak, ikasleak, 65 urtetik gorakoak eta 30 urtetik beherakoak.
Doakoa
Langabeak (25 gehienez).
Harremanetarako telefonoa zalantzak argitzeko eta kontsultak egiteko: 948 29 13 31, goizeko 10:00etatik 14:00etara.
Matrikula-epea urriaren 17an, ostiralean, hasiko da.
PROGRAMAKO HITZALDIAK
Azaroak 3, astelehena
Nafarroako Museoa.
Ekitaldi aretoa
Ekitaldi aretoa
18:00etan. Ikastaroaren aurkezpena (Jara Yañez) eta hitzaldia (Eulália Iglesias):
Antropozentrikoa ez den zinema baterantz?
1947an, Hollywodeko estudioen urrezko aroan, Alexander Hammid-ek eta Maya Deren-ek The Private Life of a Cat filmatu zuten Estatu Batuetan: katuen zinemako film aitzindari hura zinema klasikoaren kontzeptu paradigmatikoaren antipodetan kokatzen zen, baita bere ikuspegi ez-antropozentrikoan ere. Baina, gai ote gara film bat ikuspegi ez gizatiar batetik sortzeko? Debate hori zinema garaikidearen joera liluragarrienetako baten muinean dago eta izenburu hauek, besteak beste, ekarpen handia egin dute eztabaida horretan: Space Dogs, Elsa Kremser eta Levin Peter-ena (2019); Gunda, Viktor Kossakovsky-rena (2020); Acid Forest, Rugilė Barzdžiukaitė-rena (2021) edo Vaca (Cow), Andrea Arnold-ena (2021).
Gomendatutako filmak
Vaca (Cow), Andrea Arnold-ena (2021). Hemen ikusgai: Filmin.
Gunda, Viktor Kossakovsky-rena (2020). Hemen ikusgai: Filmin.
Hizlaria: Eulália Iglesias
Kazetaria eta zineman eta ikus-entzunezkoetan espezializatutako kritikaria da, baita Rovira i Virgili Unibertsitateko Komunikazioko Ikasketen Saileko irakaslea ere. Caimán – Cuadernos de Cineko erredakzio-kontseiluko kidea da, eta beste komunikabide batzuetan ere parte hartzen du, hala nola Ara egunkarian, Fotogramasen, Filmtopian eta Rockdeluxen. Programazio-aholkularia da nazioarteko zinemaldi hauetan: Bartzelonako Autore Zinemaren Nazioarteko Zinemaldian eta Semincin, Valladolideko Nazioarteko Zinemaren Astean.
19:15. Hitzaldia:
Queer begiradaren estetikak eta politikak ikus-entzunezkoan.
Proposatzen den ibilbide honetan ikusiko dugu nola artikulatu dituzten zinemak eta ikus-entzunezkoek identitatearen, desioaren eta generoaren kontakizun normatiboak auzitan jartzen dituzten queer begirada desberdin batzuk. Zenbait obra giltzarri aztertuz, erabilitako gailu formalak, irudikapen-estrategiak eta ikusgarritasunaren eta disidentziaren arteko tirabirak ikertuko dira. Hausnarketa kritiko bat queertasunak zineman, borrokaren eremu sinbolikoa den aldetik, daukan ahalmen politiko eta estetikoei buruz.
Gomendatutako filmak
Los caballeros las prefieren rubias (Gentlemen Prefer Blondes), Howard Hawks-ena (1953). Hemen ikusgai: Amazon eta Apple TV.
Paris is Burning, Jennie Livingston-ena (1990). Hemen ikusgai: Mubi.
La belleza y el dolor (All the Beauty and the Bloodshed), Laura Poitras-ena (2022). Hemen ikusgai: Movistar eta Filmin.
Hizlaria: José Félix Collazos
Arkitektoa (Nafarroako Unibertsitatea, 1982-1990) eta Zinematografia Kritikako Masterra ECAMen (2015-2016). Haren ibilbideak zinemaren irakaskuntza, kritika eta dibulgazioa uztartzen ditu. Ikastaroak eman ditu Civivoxetan, Nafarroako Kutxa Fundazioan eta ESCACen, eta Caimán. Cuadernos de Cinealdizkariko kolaboratzailea da. Ohiko aurkezlea da Nafarroako Filmategian, eta Donostiako Zinemaldiko solasaldiak koordinatu ditu hainbat ediziotan.
20:15. Bi hizlariak bertaratzen den publikoarekin ariko dira eztabaidan.
Azaroak 4, asteartea
Nafarroako Museoa.
Ekitaldi aretoa
Ekitaldi aretoa
18:00. Hitzaldia:
Zinema: etorkizunez betetako arma bat.
Nola erantzuten dio zinemak orainaren premiari? Zer eginkizun du gure garaiko erronka sozial, politiko eta kulturalen aurrean? Abiapuntutzat hartuta zinemak, bere garaiko gertaerak islatu eta irudikapen-modu berriak sortzeaz gain, haiek ulertzeko modua eraldatzen duela, egungo zinemaren zenbait adibide aztertuko ditugu, horren bidez erakusteko ikus-entzunezko tresneriek nola sortzen duten ideologia eta, aldi berean, nola irekitzen dituzten aukera kritikoak. Hala, zinema garaikidea erresistentziarako eta pentsamendurako toki bihurtzen da, eta gai da orainaldiaren premia itxuratzeko, ez soilik gertaerak kontatuz, baita benetakoa ikusteko eta ulertzeko modu berriak proposatuz ere.
Gomendatutako filmak
Esto no es una película (In film nist), Jafar Panahi-rena (2011). Hemen ikusgai: Filmin.
Hizlaria: Jara Yáñez
Caimán Cuadernos de Cine aldizkariaren zuzendaria da 2022ko urtarriletik, eta argitalpen horretan lan egin du, 2007an Cahiers du cinéma. España izen pean sortu zenetik. Gainera, 2014az geroztik, irakasle dihardu Zinema Kritikako Masterrean (ECAM), eta TVEren Historia de nuestro cine programaren ohiko kolaboratzailea da. Artearen Historian lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, eta, ondoren, Zinemaren Historiako doktorego-ikasketak egin zituen. Zenbait liburu idatzi ditu produkzioari buruz, filmak jatorrizko bertsioan eta azpidatziekin emateari buruz edo Espainiako film laburrei buruz, eta beste zenbait testu ere idatzi ditu bai, autore jakin batzuei buruzko liburu kolektiboetarako. Bestetik, Femenino plural liburuaren editorea da, Andrea Moránekin batera; DocumentaMadril-eko programazio-batzordeko kide izan da bi etapatan (2009tik 2011ra eta 2017tik 2019ra), eta 2011z geroztik film laburrak hautatzeko batzordearekin lankidetzan aritu da Alcalá de Henaresko Alcine Zinemaldian. Horrez gain, haurrendako ikus-entzunezko bi ziklotako komisario izan da Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazionalaren Museocinema programan, baita Madrid en Corto haurrendako saioetakoa ere, eta Platino Educa hezkuntza-plataformarekin eta EducaFilmoteca programarekin lankidetzan aritzen da maiz.
19:15. Hitzaldia:
Irudi gainezkatua. Zinema esperimentalaren eta adimen artifizialaren arteko loturak.
Adimen artifizial sortzailearekin hein batean edo erabat egindako lehen zinema-lanetako batzuk aztertuz gero, ohartuko gara ahaidetasun argia daukatela, bai estetikari eta bai prozesuari dagokienez, zinema esperimentalaren tradizioarekin: lehenik eta behin, Europako 20. hamarkadako zinema abstraktuarekin, zeina abangoardia historikoen ahaide zuzena baita, eta, bigarrenik, Ipar Amerikako 60. hamarkadako underground zinemaren proposamenekin, zeinek ikuslearen kontzientzia handitu nahi baitzuten tresneria zinematografikoa deseginda. Bi mugimenduek begirada gainezkatu nahi zuten, ardatz harturik zinema arte modu beregaina, kritikoa eta gogoeta-pizlea dela, baina baita ikusgarria ere, esperientzia berriak sortzeko gai den heinean. Konexio horietatik abiatuta, hitzaldiak orainaren eta iraganaren arteko ikuspegi gurutzatuen mapa bat sortuko du, xedea izanik bereiztea denboran barna iraun duten ezaugarriak, eta zinemako eta ikus-entzunezko euskarriak, adimen artifizialarekin egindako lehen filmetara iritsi arte.
Hizlaria: Carolina Martínez
Irakasle titularra da Gironako Unibertsitateko Arte Eszenikoetako eta Ikus-entzunezko Komunikazioko eta Multimediako graduetan (ERAM), GROCeko kidea (Zinemaren jatorriari buruzko ikerketa-taldea) (UdG) eta SEMINCI Valladolideko Nazioarteko Zinemaren Asteko programatzailea. El universo dereniano. Textos fundamentales de la cineasta Maya Deren (2015/2020) liburuaren editorea eta itzultzailea da.
Haren ikerketa-ildoek zinemaren, koreografiaren eta eszenaren arteko harremanak aztertzen dituzte, ikuspegi esperimental eta dokumental batetik. +RAIN Film Fest adimen artifizialarekin egindako filmen lehen jaialdi europarreko hautaketa-batzordeko kidea da.
20:15. Eztabaida bi hizlarien eta bertaratzen den publikoaren artean.
Azaroak 5, asteazkena
Nafarroako Museoa.
Ekitaldi aretoa
Ekitaldi aretoa
18:00. Hitzaldia:
Erresistentziaren memoriak. Palestina izan zen eta izanen da.
Zabalera txikiko herrialdea izan arren, israeldarren okupazioak bere lurraldea etengabe urritu arren eta hango errealitate tragikoak sorkuntza oztopatu arren, nazioarteko zinematografia gogo-pizgarrienetako bat eraiki du Palestinak. Zinema palestinarrak nazioz gaindikoa izan beste aukerarik ez du, eta izan dituen etapa ezberdinak aztertzean 1948az geroztik bortxazko gatazka bat bizi duen herri baten errealitate historiko eta politikora hurbiltzen gara, eta hango”krisi” ugari eta dramatiko ororekin batera berregiten eta berriz loratzen den energia sortzaile batekin lotzen ere bai. 70eko hamarkadaz geroztik, Tewfik Saleh, Bashir Safiya eta beste aitzindari batzuk erbesteratuen eta erresistentziako kideen odiseak kontatzen hasi ziren. Ondotik, funtsezko zenbait egile etorri ziren, hala nola Michel Khleifi Rashid Masharawi eta Elia Suleiman maisu handia. XXI. mendearekin batera, Hany Abu-Assad, Kamal Aljafari eta Maha Haj-en lanak agertu dira, berriz ere erakutsiz zinema palestinarraren kemen menderaezina eta inguruabar ezezagunetara zabalduz ikuspegi berritzaileetatik. Saio honek zinemagintzari ospea eman zioten sortzaile mitiko horien obrari helduko dio, baina, era berean, hain ezagunak ez izan arren ezinbestekoak diren beste zinemagile batzuen lanak aztertuko ditu, hala nola Larissa Sansour edo Basma Alsharif zuzendarienak.
Gomendatutako filmak
De repente, el paraíso (It Must Be Heaven), Elia Suleiman-ena (2019). Hemen ikusgai: Filmin.
A Fidai Film, Kamal Aljafari-rena (2024).
Omar, Hany Abu-Assad-ena (2013). Hemen ikusgai: Filmin.
Hizlaria: Javier H. Estrada
Kritikaria, irakaslea eta zinema-programatzailea. SEMINCI Valladolideko Nazioarteko Zinemaren Asteko programazio-burua da, FILMADRID Nazioarteko Zinemaldiko sortzaileetako bat eta programazio-burua, eta DocumentaMadrid-eko hautaketa-batzordeko kidea. Sevillako Europako Zinemaldiko programazio-burua izan zen 2017tik 2022ra, eta programatzaile aritu zen bai Oberhausengo Film Laburren Nazioarteko Zinemaldian, 2020tik 2022ra, eta bai Lima Independiente Zinemaldian (Peru), 2013tik 2018ra. Irakasle da Camilo José Cela Unibertsitatean (Madril) eta ECAMen, Madrilgo Erkidegoko Zinematografiako eta Ikus-entzunezkoen Eskolan.
20:15. Eztabaida bertaratzen den publikoarekin.
20:45: Ondorioak eta ikastaroaren itxiera.
Saioetan Espainiako zeinu-hizkuntzako (LSE) interpreteak, indukzio magnetikoko begizta eta zuzenean egindako azpitituluak izango dira, Eunate Elkartearen lankidetzari esker.
HIZLARIAK

Eulália Iglesias.
Kazetaria eta zinema eta ikus-entzunezkoetan espezializatutako kritikaria, Rovira i Virgili Unibertsitateko irakaslea, Caimán – Cuadernos de Cineko kontseilukidea, hainbat komunikabidetan kolaboratzailea eta D’A eta Seminci jaialdietako programazio-aholkularia.

José Félix Collazos.
Arkitektoa eta Zinematografia Kritikako masterra; zinemaren irakaskuntza, kritika eta dibulgazioa uztartzen ditu. Caimán. Cuadernos de Cine aldizkariko kolaboratzailea, Nafarroako Filmategiko ohiko aurkezlea eta Donostiako Zinemaldiko solasaldiak koordinatu ditu hainbat ediziotan.

Carolina Martínez.
Gironako Unibertsitateko irakasle titularra, GROC ikerketa-taldeko kidea eta SEMINCI jaialdiko programatzailea. Maya Derenen testuen editorea eta itzultzailea da, eta haren ikerketa zinemaren, koreografiaren eta eszenaren arteko harremanetan oinarritzen da. +RAIN Film Fest jaialdiko hautaketa-batzordeko kidea da.



