Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Ikus-entzunezko pizgarri fiskala

ZINEMA EKOIZPENETAN ETA IKUS-ENTZUNEZKOETAN EGINDAKO INBERTSIOENGATIKO KENKARIA Sozietateen gaineko zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legeak arautua dago. Foru lege horren 65. artikuluan ezartzen da, ekoizleari eta finantzatzaileari kuota likidoan %35eko edo %40 (kasuaren arabera) kenkarirako eskubidea emanen diotela film luze zinematografikoen eta ikus-entzunezko serieen (fikziokoak, animaziokoak edo dokumentalak) Espainiako ekoizpenetan egindako inbertsioek, seriean egiteko ekoizpen industrialaren aurretik euskarri fisiko bat egitea ahalbidetzen dutenek.  

Pizgarri horrek beharturik, gastuaren zati bat (%40) Nafarroan egin behar da, enpleguaren garapena eta sustapena ahalbidetzeko hainbat sektore ekonomikotan eta, bereziki, ikus-entzunezko industriako profesionalen sektorean. 

Legeak, era berean, zinema ekoizpenen finantzatzailearen figura jasotzen du. 

Pizgarri fiskal hori aldatu egin da 2020ko abenduan, 2020ko abenduaren 31ko 304. zenbakiko NAOn jasotzen denez.

21/2020 FORU LEGEA, abenduaren 29koa,  zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzekoa eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina aldatzekoa.

Kuotaren kenkarien eremuan, lege honek aldatu egiten du ekoizpen zinematografikoetan eta ikus-entzunezko serieetan inbertitzeagatiko kenkaria.

Ekoizpen zinematografikoetan eta ikus-entzunezko serieetan egindako inbertsioengatiko kenkariari segurtasun juridiko handiagoa emate aldera, ezartzen da kenkariaren oinarria Kultura Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez zehaztuko dela, kontuan hartuta ekoiztetxeak egindako inbertsioa eta Nafarroan egindako gastuen zenbatekoa. Halaber, tributu-arloan eskumena duen departamentuko titularrari ahalmena ematen zaio ekoiztetxearen inbertsioa osatzen duten gastuak zehazteko, bai eta gastuak Nafarroan egindakotzat jotzeko irizpideak zehazteko ere.

Gainera, bi prozedura ezartzen dira, zerga-arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru aginduaren bidez garatuko direnak: bata, kenkaria aplikatu ahal izateko baldintzak aldez aurretik baliozkotzekoa, eta, bestea, eragindako kostuak ondoren justifikatzekoa, kenkariaren oinarria zehazteko. Aplikatutako kenkaria handiagoa bada Kultura Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenean ezartzen den kenkariaren oinarriaren arabera zegokiokeena baino, zergadunak kenkaria erregularizatu beharko du aipatutako ebazpenaren jakinarazpena jaso den zergaldiari dagokion autolikidazioan.

Azkenik, pizgarri gehigarri txiki bat ezartzen da (%5 puntu gehiago kenkari-oinarriaren aurreneko milioiaren gainean) ekoizpen jakin batzuetarako: jatorrizko bertsio bakarra euskaraz duten lanak, emakumezko zuzendariek bakarrik egindako lanak, dokumentalak, animazio-ekoizpenak eta zuzendari berrien ekoizpenak.

NAO: 2020(e)ko abenduaren 31(a), osteguna. Zenbakia 304 - Orria 13100

Zortzi.–65. artikulua, 1. apartatua, 2. apartatuko 6. paragrafoa eta 6. apartatuko

c) letra; 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren ekoizpenetan izanen ditu ondorioak.

“1.a) Espainiako film luze zinematografikoen eta ikus-entzunezko serieen (fikziokoak, animaziokoak edo dokumentalak) ekoizpenetan egindako inbertsioek, seriean egiteko ekoizpen industrialaren aurretik euskarri fisiko bat egitea ahalbidetzen dutenek, kuota likidoan %35eko kenkarirako eskubidea emanen diote ekoizleari.

Kenkariaren oinarria, zeina kultura alorrean eskudun den Nafarroako Gobernuaren organoaren ebazpen bidez zehaztuko baita, ekoizlearen inbertsioak osatuko du, baldin eta Nafarroan eginiko gastuak inbertsioaren %40ra iristen badira. Bestelakoan, kenkari-oinarria izanen da Nafarroan eginiko gastuak 0,4rekin zatitzearen emaitza.

Tributuen arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru agindu bidez zehaztuko dira kenkariaren oinarriaren parte izan daitezkeen gastuak, bai eta gastuak Nafarroan egintzat hartzeko irizpideak ere.

a) letra honen lehen paragrafoan ezarritako kenkari-portzentajea ehuneko 40koa izanen da kenkari-oinarriko lehen milioiarentzat, honako hauen kasuan:

  1. Jatorrizko bertsio bakarra euskarazkoa duten ekoizpenak.
  2. Emakumezko zuzendariek baizik eginak ez diren ekoizpenak.
  3. Ekoizpen dokumentalak.
  4. Animazio ekoizpenak.
  5. Inolako film luze zinematografikorik edo fikzio-, animazio- edo dokumental-alorrekoa den ikus-entzunezko serierik zuzendu edo kozuzendu ez duen pertsona baten zuzendaritzapeko ekoizpenak.

Apartatu honetan araututako kenkariaren zenbatekoa ez da 5 milioi euro baino gehiagokoa izanen.

Koprodukzioen kasuan, apartatu honetan adierazitako zenbatekoak koprodukzioan parte hartzen duen bakoitzaren partaidetza-ehunekoaren arabera finkatuko dira.

b) Kenkaria obraren ekoizpena bukatzen den zergaldian sortu dela ulertuko da. Hala eta guztiz ere, ekoizpenak hamabi hilabete baino gehiagoko epea duenean edo entitatearen zergaldi batean baino gehiagotan eragiten duenean, entitateak zilegi izanen du kenkaria aplikatzea ordainketak egiten diren neurrian eta ordainketa horien zenbatekoan, kenkaria hasteko datan kenkarietarako indarrean dagoen araudia aplikatuta. Kasu horretan, kenkaria ordainketak egiten diren aldietan sortu dela ulertuko da.

c) Kenkari horri heldu nahi dioten zergadunek proiektuaren azalpen-memoria bat aurkeztu beharko dute Nafarroako Gobernuko kultura arloko  zuzendaritza nagusi eskudunean, eta hark txosten bat emanen du proiektu horrek kenkariaren betekizunak eta baldintzak betetzen dituen argitzeko.

Txosten hori eskatzeko edukia eta prozedura zerga arloan eskumena duen departamentuko titularrak zehaztuko ditu.

Txostena eskatu ondoren, zergadunak sortutako kenkaria kontsignatzen ahalko du bere aitorpen-likidazioan.

d) Kenkari hau aplikatzeko nahitaezkoa izanen da produkzioak dagokion naziotasun-ziurtagiria eskuratzea eta, halaber, edukiaren izaera kulturala dela, errealitate kulturalarekiko lotura duela edo Espainian aurkezten diren lan zinematografikoen aniztasun kulturalari egindako ekarpena dela egiaztatzen duen ziurtagiria, Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak emana.

e) Naziotasun-ziurtagiria eskatu eta sei hilabeteko epean, zergadunak ekoizlearen inbertsioaren justifikazioa aurkeztu beharko dio kulturaren arloko eskumena duen Nafarroako Gobernuaren zuzendaritza nagusiari, bai eta kenkaria egiaztatzeko ezarritako gainerako betekizunak betetzearen justifikazioa ere, zerga arloan eskumena duen departamentuko titularrak zehazten dituen baldintzetan.

Aurreko paragrafoan adierazitako epea betetzen ez bada, aplikatutako kenkaria galduko da, eta 76.3 artikuluan ezarritakoaren arabera erregularizatuko da.

Kulturaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak, kenkaria justifikatzen duen dokumentazioa aurkezten denetik 6 hilabeteko epean, ebazpena eman eta jakinaraziko du. Ebazpen horretan, kenkariaren oinarria zehaztuko du, kontuan hartuta ekoizlearen inbertsioa eta nafar lurraldean eginiko gastuak.

Ebazpen horretan aitortutako kenkari-oinarria aitortutako kenkari-oinarria baino txikiagoa bada, zergadunak ordaindu beharko ditu, ebazpena jakinarazi den zergaldiko kuotarekin batera, bidegabeki aplikatutako kenkariari dagokion kuota osoa gehi berandutze-interesak.

“Kenkariaren zenbatekoa ez da 5 milioi eurotik gorakoa izanen.”

“c) Produkzio edo koprodukzio nazionalen kasuan, ekoizleak produkzioaren kopia bat Nafarroako Filmotekari eman beharko dio, obra bukatu eta hiru hilabeteko epean.”

(https://www.navarra.es/NR/rdonlyres/DFE1AA66-61F4-4837-BEB7-B3191F23CC22/0/VigorLeySoc200504.pdf)

2020ko abenduko aldaketari buruzko info +

Bilatzailea