Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Metal-detektagailuen erabilerari buruzko gomendioak

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN

Nafarroako Foru Komunitatean metal-detektagailuak erabiltzeari buruzko kontsultak jaso ditugunez, honako dokumentu hau idatzi dugu informazioa emateko. 

Nafarroan metal-detektagailua erabiltzeari buruzko araudi espezifikorik ez dago, prospekzio arkeologikoko tresna gisa erabiltzeaz kanpo. Helburu horretarako erabiltzea, hau da, material arkeologikoak bilatu edo berreskuratzeko tresna gisa baliatzea, esku-hartze arkeologikotzat jotzen da eta lotuta dago Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen 58. artikuluan xedatuari. Erabilera horretarako, zenbait baldintza bete behar dira:

  • Erabiltzaileek eskatzen den titulazioa eta jarduketa-proiektu bat izan behar dute. 
  • Esku-hartze arkeologikoko lizentzia eduki behar da, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak emana. 

Debekatuta dago metal-detektagailuak material arkeologikoak bilatu edo berreskuratzeko erabiltzea dagokion baimena izan gabe; arau-hauste astuntzat jotzen da eta 150.000 euro bitarteko zehapena dago aurreikusita; horretaz gain, erabilitako tresnak konfiskatuko dira. Bestalde, Zigor Kodeak sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdi-zigorra edo hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezartzen du norbaitek kalteak eragiten baditu balio historiko, artistiko, zientifiko, kultural edo monumentala duten ondasunetan, edo aztarnategi arkeologikoetan (izan lurrekoak edo urpekoak); zigor bera dago azken horietan ebasketak eginez gero.

Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoek, jokabide horietako edozein egin dela jakiten dutenean, salaketa izapidetzen dute, eta horrek zigor-prozedura bat hastea ekar dezake edo, hala badagokio, zehapen-prozedura bat abiaraztea Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak. Espediente hori ebazpen ez den bitartean, metal-detektagailua konfiskatuta gera daiteke kautelazko neurri gisa. 

Kontuan izan behar da material arkeologikotzat hartzen direla interes historikoa duten objektu higigarriak eta hondakin higiezinak; horren barruan sartuko lirateke tresnarik zaharrenak (silexezko objektuak, zeramikak etab.) eta piezarik berrienak (guduetako jaurtigaiak, ekipamendu-pieza eta tresna militarrak, Memoria Historikoarekin lotutako objektuak, azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legeak babestutakoak –zeinak 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematen baitie– eta 1936 baino lehenagoak, balio arkeologikoa badute, eta abar). 

Nafarroako Foru Komunitatean 7.000 aztarnategi arkeologiko baino gehiago daude katalogatuta, Nafarroako inbentario arkeologikoan jasota. Beraz, ez da zaila landa-eremura joan eta horietako batekin topatzea. Aztarnategiak ez daude seinaleztatuta eta Legeak adierazten du inbentario honen ezaguera eta erabilera mugatuta daudela; hortaz, datuak bakarrik ematen dira ikertu edo babestu behar denean (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen 57. artikulua). 

Horregatik guztiagatik, gomendatzen da Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari kontsulta egitea metal-detektagailu bat edo detekzioko beste tresna bat erabili nahi denean material arkeologikoak bilatu edo berreskuratzea ez den beste helburu batekin (esaterako, nekazaritzan hodiak detektatzeko, azpiegiturak eraiki edo mantentzeko, txatarra, mineralak eta abar bilatzeko). Kontsulta hori izanen da detektagailuarekin prospekzioa egin nahi den eremuari buruzkoa eta atxikitako inprimakia betez eginen da.

Erabiltzeko kontsulta egin

Atalak informazio-dokumentu bat emanen du, zeinetan adieraziko baita zer lekutan ezin den detektagailua erabili aukera handiak daudelako bertan material arkeologikoak egoteko. 

Horrenbestez, honako urrats hauek egin behar dira:

  1. Mezu elektronikoa bidali arqueologia@navarra.es helbidera. Mezuan nork bere burua identifikatuko du eta kontsulta egiteko inprimakia eskatuko du. 
  2. Inprimakiko datu guztiak bete eta aipatu helbide horretara igorri. 
  3. Material arkeologikoak aurkitzean, horren berri eman prozedura berari jarraikiz. 
  4. Interes historikoa duten objektu berreskuratuak aztertzeko/emateko eskaera egin. 

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren erantzuna informatzeko izanen da, besterik gabe; inoiz ez du emanen aipatu tresnak erabiltzeko baimenik, eta ez ditu erabiltzaileak erantzukizunetik salbuetsiko, tresnak behar ez bezala baliatzen badituzte.

Neurri horiek guztiak hartuagatik, ezin da baztertu katalogatu gabeko lekuetan objektu arkeologikoak aurkitzea horretarako asmorik izan gabe. Hori gertatuz gero, berehala utzi behar zaio objektuak lurretik ateratzeari, eta aurkikuntzaren berri eman aipatutako helbidean. Aurkitu diren objektuak baloratu ahal izateko, irudiak bidaltzen ahal dira esandako helbidera. Horrela teknikariek esanen dute zeintzuk diren interes arkeologikoa dutenak eta, beraz, eman beharrekoak. Edo, bestela, eskabide bat egiten ahal da, objektuak eman eta Ataleko arkeologoek aztertu ditzaten Nafarroako Gobernuko Arkeologiako Funtsetan (Iruña-Zaragoza errepidea, 3. km, Cordovilla.  Nafarroako Artxibo Garaikidearen eraikina). Ematen diren objektu guztiek betiere adierazita izanen dute zer poligono, lurzati eta herritan aurkitu diren.

Aurkikuntza-arkeologikoak jakinarazi

Azkenik, metal-detektagailua darabilen pertsona orok jakin behar du sistema horren bidez aztarna arkeologikoak aurkitzea ez dela ustekabeko aurkikuntza legearen aldetik, eta, beraz, ez duela inoiz ekarriko aurkikuntza egiteagatiko saria, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Legearen 64. artikuluan aurreikusitakoa. 

Metal-detektagailuen erabilerari buruzko gomendioak