Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Tuterako katedraleko Judizioaren Ateko zaharberritze-lanak ikusteko bisita gidatuak hasi dira

2018/09/25

Larunbatean hasiko dira, irailak 29, Ondarearen Europako Jardunaldiekin bat eginik.

Tuterako katedraleko Judizioaren Ateko zaharberritze-lanak ikusteko bisita gidatuak larunbatean hasiko dira, irailak 29. Esku-hartzearen erdialdean, aldamioen kokapenak bisita hauek egiteko aukera eskaintzen du. Bisiten hasiera Ondarearen Europako Jardunaldien Nafarroako ospakizunarekin bat eginik egingo da.

Iraileko azken asteburuan hasi eta urri osoan, bisitak larunbat eta igande goizetan egingo da, honako ordutegi hauetan: 10:00etan, 10:45ean, 11:30ean, 12:15ean eta 13:00etan. Bisiten iraupena ordu erdi ingurukoa izango da eta gehienez 10 pertsona sartu ahalko dira txanda bakoitzean. Bisitetan parte hartzen duten pertsonek 14 urtetik gorakoak izan behar dute eta ez dute mugikortasun arazorik izan behar, izan ere, bisita, obrako aldamioetan zehar egingo da. Hori dela eta, oinetako erosoak eramatea ere gomendatzen da.

Bisitetan parte hartzeko, nahitaezkoa da aldez aurretik izena ematea webgune honetan: http://visitas.fcpatrimoniodenavarra.com/visitas-tudela/

Tuterako katedraleko Judizioaren Atea zaharberritzeko lanak erritmo egokian garatzen ari dira, mendebaldeko fatxadako goiko aldeetatik eta goiko erronda-pasabidetik arkiboltetako eskultura-multzoetarantz. Arrosa-leihoan, pasabidean eta modiloien gaineko erlaitz ikusgarrian egin beharreko lanak bukatzeko zorian daudelarik, orain, atea zaharberritzeko lanak abian dira.

Iraileko eta urriko lehendabiziko txanda honetan, 500 bisitari inguru bilduko dituzten 50 bisita gidatu egitea aurreikusi da. Lehendabiziko zabalkunde ekintza hau zaharberritzea bultzatu duten erakundeen artean adostuta dago: Iruñeko eta Tuterako Artzapezpikutza, Nafarroako Gobernua, "la Caixa" Gizarte-Ekintza, CAN Fundazioa eta Tuterako Udala. Nafarroako Ondare Historikoa Zaintzeko Fundazioa arduratu da bisitak antolatu eta kudeatzeaz, Tuterako Dekanoaren Jauregiko Museoaren lankidetzaz. Bisita gidatuen ondorengo txandak zaharberritze-lanetako beharren arabera iragarriko dira.

Gainera, zabakunde eta informazio arloko ekintza hauei atxikita, irailaren 7an, NUPekin batera antolatuta, ateari buruzko lehendabiziko hitzaldia egin zen Clara Fernández-Ladreda irakaslearen eskutik, eta ostiral honetan, irailak 28, Dekanoaren Jauregian bertan, Francisco Prado-Vilar irakaslea Santiago de Compostelako Katedraleko Loriaren Ataria zaharberritzeko lanei buruz mintzatuko da.

Zaharberritzea

Ekainaren 4an, astelehenez, atea zaharberritzeko lanak hasi ziren. Proiektua Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuko teknikariek idatzi zuten eta lanak Gasteizko Artyco S.L. enpresa egiten ari da. Esku-hartze hau Nafarroako Foru Komunitatea, Iruñeko eta Tuterako Artzapezpikutza, "la Caixa" Gizarte-Ekintza, Nafarroako Kutxa Fundazioa, Nafarroako Ondare Historikoa Zaintzeko Fundazioa eta Tuterako Udalaren arteko 2017ko abenduaren 31ko lankidetza-hitzarmenari atxikita dago. 


Zaharberritze lanen detailetariko bat.

Esku-hartzearen lehendabiziko zatian, arrosa-leihoan eta ateko paramentua gainetik zeharkatzen duen erronda-pasabidean lan egin dute, horiexetan biltzen baitziren aldez aurreko ikerlanetan ageri ziren hezetasunak eta gatzak. Harlanduen oinarra berreraiki da, arrosa-leihoan zegoen pitzaduraren bat zigilatu da, eta honi eusten dioten erlaitza eta modiloiak zaharberritu dira. Era berean, alboetako paramentuetako harria aztertu eta tratatzeari ekin diote, bereziki hegoaldeko hormetan.

Harlanduak eta eskulturak garbitu aurretik, horiek estaltzen zituzten substantziak ezagutu behar ziren, harriaren gainean ezarritako geruza kopurua zehaztuz. Lehedabizikoa, nahiko lodia, hautsez eta lokatzez osatuta zegoen; horren azpian, euskarriari oso atxikita zegoen zarakar beltz bat ageri zen. Horien azpian, polikromiaren aztarnak aurkitu ziren ongien babestutako erlaitzaren sektore batzuetan. Beharbada, deigarriena, iparraldeko modiloietako metopa batean agertu den landare-apaindura da. Gaurdaino kontserbatu den bakarra da. Kontserbaturiko zati txikiagoetatik, azterketa kimikoak egin dira pigmentu bakoitzaren osagaiak bereizi ahal izateko.

Zarakar beltzaren garbiketa, lehendabizi, brotxa, eskuila, espatula eta xugarketaren laguntzaz egin da. Helburua geruzaz geruza egitea zen, hurrengo geruzak kendu edo kontserbatzea baloratuz aurrera egin ahala. Azal gaineko zarakarra kendurik, ondorengo garbiketa baliabide kimiko eta mekanikoen bitartez egin zen. Arkiboltetatn, ausazko kata batzuk egin dira apar-harriaren mikroproiekzioaren bidez, eta horietan lorturiko emaitzak positiboak izan dira, zenbait figuraren aurpegien polikromiak agertu baitira. Hurrengo asteetan egiaztatuko da noraino kontserbatu diren jatorrizko polikromiaren geruza horiek. Era berean, laser bidezko garbiketa probak egin dira, eta hauen emaitzak ere positiboak izan dira.

Tuterako katedraleko Judizioaren Atea

Tuterako katedrala da Nafarroako eraikin historikorik garrantzitsuenetakoa, tenpluaren, klaustroaren eta barnealdeko aretoen interes artistikoagatik eta barruan dituen ondasun higigarriengatik. Judizioaren Atea mendebaldeko fatxadan dago, tenplurako sarbide nagusian. Iberiar Penintsulako hasierako gotikoaren eskulturari dagokion sorkuntzarik garrantzitsuenetakotzat jotzen da, ikonografia aparta du eta zenbait ezaugarri formalek Frantziaren iparraldeko zenbait lanekin lotzen dute. Seguru aski XIII. mendearen lehen laurdenean sortua, horren eraikuntza eta taxuketa egundoko kualifikazio artistikoa zuen eskultore tailer batek egin zuen.

Tuterako katedraleko Judizioaren Ateko zaharberritze-lanak ikusteko bisita gidatuak hasi dira
Tuterako katedraleko lanak.

Zerrendara itzuli