Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Nafarroako Artxibo Garaikideak Mugarik Gabe-ren dokumentazio-funtsa jaso du

2020/10/23

Dokumentazioa, dagoeneko, nafar herritarren eskura dago.

Nafarroako Artxibo Garaikideak Nafarroako Mugarik Gabe GGKEaren dokumentazio-funtsaren dohaintza jaso zuen, 2019ko ekainean (garapenaren aldeko gobernuz kanpoko erakundea). Hegoaldeko herrien aldeko lankidetza erakunde bat da, eta prestakuntza, sentsibilizazioa eta garapenaren aldeko lankidetza ditu helburu nagusi. Horretarako, jarduera eta ekintza sorta bat egiten du bai lankidetza sustatzeko, bai Giza Eskubideen alde, bai emakumeak ahalduntzearen alde, bai eta garapen jasangarria bultzatzeko ere. Proiektuak, gehienbat, Guatemala, El Salvador, Kolonbia, Nikaragua, Mexiko eta Kuban garatu ditu, egungo ekonomia-sistema salatzea xede harturik, munduko miseriaren eta desberdintasunaren arrazoi nagusia baita. 

Dokumentazio-funtsa 

Erakundea 1987an sortu zenetik gaur egunerainoko dokumentazio guztia dago funts horretan. Dohaintzaren helburua da Nafarroako Artxibo Garaikideak agiri horiek guztiak gorde eta zabaltzea. 

Funtsean era askotako agiriak daude, hala nola jarduerei buruzko kartelak, urteko memoriak, barne buletinak eta foiletoak. Beraz, agiri horiei esker, erakundearen ibilbide luzea berregin daiteke. 

Guztira, 253 kartel eta 81 foileto deskribatu eta jarri dira bere testuinguruan. Lan hori, zehazki, I-Communitas Institutuaren bidez gauzatu da, betiere Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak eta NUPek sinatutako hitzarmenarekin bat. Era berean, Nafarroako Artxibo Garaikideko teknikariek dokumentazio-funtsa antolatu, digitalizatu eta herritarren eskura jarri dute, hala era presentzialean nola Artxibo Irekiaren bidez. 

Dohaintza, izan ere, Nafarroako Artxibo Garaikideak 2018ko erdialdetik darabilen proiektuaren barnean dago. Proiektuak erakundeetako agiriak hartu eta hedatzea du ardatz: hau da, gizarte, politika, sindikalgintza, kirol, enpresa eta beste arlo batzuetako erakundeetako agiriak, bai eta familienak eta pertsonenak ere. Guztiak ere lagungarriak dira Nafarroako gizartearen XX. mendearen azken urteetako memoria kolektiboa dokumentatzeko eta aberasteko.

Nafarroako Artxibo Garaikideak Mugarik Gabe-ren dokumentazio-funtsa jaso du

Zerrendara itzuli