Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Kultur programa asteburuan abiatuko da bi kontzerturekin

2018/06/21

Eñaut Elorrieta musikari eta konpositorea Tafallan izango da bihar, eta Oibarko Aritza Abesbatza Orreagan, heldu den larunbatean.

Kultur programa bihar abiatuko da, Eñaut Elorrieta musikari eta konpositoreak Tafallako kultur etxean eskainiko duen kontzertu akustikoarekin. Larunbatean, Oibarko Aritza Abesbatzak errezitaldia eskainiko du Orreagako elizan. Honela emango zaio hasiera, musika, dantza eta artea bilduz, ekainaren 22tik irailaren 8ra bitartean Nafarroako 36 herritan eskainiko den askotariko programa zabal honi.

Musikaren bitartez, Eñautek bidaiatzeko eta norberaren baitako geografian dauden bideak ibiltzeko gonbita luzatzen dio publikoari. Berak landutako testuez gain, konpositoreak beste poeta eta idazle batzuen konplizitatea ere bilatu ditu, erbesteratze politikoa pairatu dutenak (Joseba Sarrionandia eta Joan Oliver) nahiz erbesteratze poetikoari buruz idatzi dutenak (Mario Benedetti, Harkaitz Cano, Bernardo Atxaga) barne harturik.
 

Kontzertu honetan, bere azken diskoko kasuak entzun ahalko dira; adibidez, Non dago nire herria, Geografia, Nire aitaren etxea, Azken balsa eta Deserriko kontradantza. 

Eñaut Elorrieta (Gernika, 1975) Ken Zazpi euskal musika taldearen sortzaile eta kantaria da. Atzo da bihar (2001) eta Argiak (2007) lanek eta Phoenicoperus (2015) izenburua daraman azken diskoak talde honen biografia markatu dute.

Alabaina, 2013az geroztik, bide berri bat ireki zen Eñaut Elorrietaren karrera artistikoan, Elkar diskoetxearekin Deserriko kantak izenburuko bakarkako bere lehenengo lana argitaratu zuenean. Handik hona, bi zereginak uztartu ditu, bakarkakoa nahiz Ken Zazpi taldeari atxikitakoa, eta sona handiko kontzertu-bira egin du hainbat areto eta antzokitan zehar.

Hitzordua 20:30etan izanen da.

Oibarko Aritza Abesbatza

Bestalde, larunbatean, ekainak 23, Oibarko Aritza Abesbatzak errezitaldia eskainiko du Orregako elizan, 19:00etatiko aurrera. 1974an sortua, abesbatzaren jarduera musikala ugarituz joan da azken urteotan polifonia eta folklorea uztartzen dituen errepertorio zabala osatu arte, eta horren adibide garbiak dira udaberrian nahiz Eguberrietan eskaini ohi dituen kontzertuak edota Oinarko Erdi Aroko merkatuetakoak. Horrez gain, herrian antolatzen diren bestelako kultur jardueretan eta ongintza-kontzertuetan ere parte hartu ohi du. Era berean, A un paso dokumentalean eta Castellóko 2017ko Aplec Nadalenc jaialdiaren X. edizioan parte hartu du.

Kultur programa haziz eta eboluzionatuz joan da, udan Nafarroan eskaintzen den kultura-aisialdiko proposamenik garrantzitsuena bihurtu arte. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak antolatutako ekimen honek Nafarroako geografia osoan hedaturiko musika-zirkuitua garatzen du, kultur jardueraren deszentralizazioa bultzatuz eta Foru Komunitateko bandei beste herri batzuetan jotzeko aukera eskainiz. Hartara, era askotako musika formatuak uztartzen dira, tradizionalak nahiz garaikideak, dantza eta arte plastikoen arloko proposamenez eta turismoaren arloko jarduerez gain.

Kultur programa asteburuan abiatuko da bi kontzerturekin
Eñaut Elorrietak bihar Tafallan kontzertu bat eskeiniko du.

Zerrendara itzuli