Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

2024 Edizioa

40. edizioa

Irailak 20 - urriak 26

PROGRAMA 2024

Organorako musika Nafarroan zikloa irailean eta urrian itzuliko da, bere 40. urteurrena ospatzeko.

Aurten, 40 urte betetzen dira garai hartan Nafarroako Organoaren Astea deitzen zena ospatzen hasi zenetik. Urte hartan bertan sortua zen Organoaren Lagunen Nafarroako Elkartea (ANAO, gaztelaniaz). Elkarte horrek paratu zuen abian jaialdi hau; lehenbizi, berak bakarrik antolatzen zuen eta, gero, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, harik eta urte batzuk beranduago Nafarroako Gobernuak jaialdia EGITARAUA propio gisa hartu zuen arte, Organo Musika Nafarroan izenburuarekin.

Izatez, 40 zenbaki bat bertzerik ez da, baina onartu behar da, halaber, data jakin batzuek gibelera begiratzera bulkatzen gaituztela, bai eta noraino iritsi garen bereziki estimatzera ere. Era berean, organoaren alde lan egin duten guztiei eskerrak emateko parada ere ematen digu zenbaki horrek, jadanik gure artean ez daudenei ere bai. Ez da dudarik urte hauetan, Kultura Departamentuaren berezko programetako bat izateak ematen dion sendotasunari esker, zeregin garrantzitsua bete duela Nafarroako organo Zikloak (hala deitzen diogu, Nafarroako organo jaialdi bakarra ez bada ere), gure ondare organistikoaren balioa hedatzen lagundu baitu; gainera, baliagarria izan da gure gizartean organoaren alde sortutako hainbat ekimen antolatu eta zabaltzeko.

Horretaz gain, balio izan du, batetik, Nafarroako ondare organistikoa gure erkidegoko iruditeria kolektiboan kokatzeko, jende aunitzek urtero espero izaten duen hitzordua baita, eta, bertzetik, ikuspegi berriak esploratzeko; ikuspegi horiek, zalantzarik gabe, beharrezkoak eta are ezinbertzekoak izanen dira etorkizun hurbilean. Organo Musika Nafarroan beti izan da ziklo berritzailea, unean uneko testuinguruaren barrenean. Hasieran, Estatuan antolatzen hasi ziren organo kontzertuen lehen zikloetako bat izan zen; hain justu, garai hartan osatu zuten Aurelio Sagasetak eta Luis Tabernak Nafarroako organoen katalogoa, eta orduan eratu zen Organoaren Lagunen Nafarroako Elkartea.

Ildo horretan, Nafarroako Gobernuaren meritu nagusia izan zen urte haietan jakin zuela lan horri bere balioa ematen, eta, ondorioz, ahalik eta gehien babestu zuela. Geroago, berrikuntzak bertze arrazoi batzuengatik etorri dira: bertze arte batzuekin izandako harremanarengatik; une bakoitzean sortutako aurrerapen teknikoekin elkarreraginean aritzeagatik; eta kontzertuen mundutik haratago egindako hedapen lanarengatik, topaketa, kongresu edo mahai inguruen bidez; beti, gaurkotasuna aintzat hartuta. Bertzalde, ziklo bakoitzean sartu izan dira urte horretan zaharberritutako organoak, bai eta egin berriak ere.

Nabarmentzekoa da, halaber, harreman bikaina dagoela Eliza katolikoarekin, bai eta bertze erakunde batzuekin ere, hala nola udalekin eta kultura elkarteekin. Egiaztatu dugu organo zikloaren kontzertu bat herrian izatea prestigio ikurtzat hartzen dutela herri horiek, eta bertan den organo ondarearen kalitatearen seinaletzat hartzen dela. 40. urteurrena ospatzeko, 2024ko zikloak ekitaldi bat prestatu du, non bere historia errepasatuko den, hasieratik gaur arte. Ekitaldi berean, Nafarroako organo ondarearen alde lan egiten duten elkarte eta norbanakoen arteko topaketa antolatu da; horietako gehienak herri txikietakoak dira. Hala, aukera izanen dugu Nafarroako hainbat herritan ondare organistikoa birgaitzeko egiten ari diren proiektuak ezagutzeko. Ildo horretan, tokiko elkarteen zeregina ordezkaezina da, eta gure zikloak topagune bat sortuko du, esperientziak trukatzeko eta kideek elkar ezagutzeko.

Ez da ahaztu behar gure ondare organistikoaren testuingurua kezkagarria dela, nahiz eta alderdi positibo batzuk ere izan; testuingurua kezkagarria da organistarik aski ez delako eta aunitz direlako pixkanaka bertan beheiti uzten ari diren organoak, eta oraingoz ez du itxurarik joera hori aldatuko denik. Laburbilduz, 40 urteko bilakaeran lorpenak eta esperientzia pilatu ditugu heldu zaizkigun erronkei aitzin egiteko. Eta, era berean, gizarteari halako ondareaz gozatzeko aukera ematen jarraitzeko; izan ere, batetik ondare ezezaguna da, baina, bertzetik, hagitz harrera ona izaten du publikoaren aldetik, aberastasun artistiko horretaz gozatzeko aukera duenean.

Aunitz urtez!

José Luis Echechipía París

Organo Musika Nafarroan zikloaren zuzendari artistikoa