Hainbat egile
Lizarrako Erdi Aroko Ikerlanen Astearen berrogeigarren ekitaldiaren izenburua eta gai nagusia «Kultura XIII. mendeko Europan.
Igorpena, bitartekotza, harrera» izan zen. Batzorde Zientifikoak erabaki zuen, gaia era horretan mugatuta, kulturaren inguruko gogoeta egitea, haren hiru dimentsioen inguruan ardaztuta, historiografia modernoak aztertzen dituen moduan. Lehenik eta behin, kulturaren igorpenaren formak, esaterako, eskritura historikoa, jardunbide liturgikoen dimentsio kulturala, erromantzea literatura gaztelarrean sartzea eta ekoizpen artistikoa. Bigarrenik, kulturaren bitartekotza fokuak, esaterako Alfontso X.a Jakintsuaren gortearen inguruko itzulpen eskolak, testuen transkripzioaren eta transmisioaren formak, Aragoiko Koroaren notariotza jardunbideak, unibertsitateetako irakaskuntza eta mezenasgo artistikoaren eginkizuna. Eta, azkenik, kulturaren harrera XIII. mendeko gizartean, literaturaren kontsumoan gauzatzen zena, bereziki britainiar literaturaren kontsumoan; legenden sorrera eta heroien sublimazioa literaturan, eta artearen pertzepzioak eta kontsumoa.
Astean elkartu ziren garai haiei buruzko ikerketan nabarmendu diren aditurik ospetsuenak, liburuaren edukia osatzen duten hitzaldien kalitatean egiaztatu daitekeenez, eta inaugurazioko saioan planteatu zen XIII. mendeko kulturaren berrikuspen baten beharra, izan ere, denbora luzez, egungo egoera proiektatu nahi izan da garai haietara, eta beraz, ahaztu egin dira zenbait gai eta ikuspegi, hain zuzen ere, liburu honetan landu nahi izan direnak.