Udako 12 astetan zehar (ekainaren 25tik irailaren 11ra), Nafarroako hainbat leku bisitatzea proposatzen dizu KULTUR programak, kontzertuetan parte hartzeko eta bertako herriak eta ondare artistiko eta kulturala ezagutzeko aukera emango baitizu.
Aurten, zabaldu egin da lurraldea, eta hazi egin da KULTUR, herri gehiago sartu baitira. Bide sare ederra duzu aurrean, haiek gidatuko zaituzte eta, nahi baduzu, haietan galdu egin zaitezke... Baina, gelditu, begiratu, entzun, gozatu eta ikasi ere egingo duzu aurkitzen dituzun lekuetan, hori seguru. Jarrera kontua da; jakin-mina eta ate irekien bizitzara itzultzeko gogoa nahastea.
Gogoratu kulturak kargatu egiten zaituela eta zure aberastasun pertsonalean laguntzen duela, eta zure laguntza eta presentzia ere energia iturri direla sektorean lan egiten duten artistentzat eta pertsonentzat.
Eta ibilbide horretan, beste ibilbide garrantzitsu bat dugu: Arte Berriko 10 urteko ibilbidea, kultur sorkuntzako fabrika, KULTURek 2022. edizioan parte hartzera gonbidatu duena. Bertizko Jaurerriko Parke Naturaleko Lorategi Historiko-artistikoaren gune liluragarrian, pintura, eskultura, musika, literatura, argazkigintza eta zinea zuzenean mintzo dira aberastasun botanikoarekin eta urmaelek, zubi txikiek, biribilguneek, begiratokiek, kaperak, Art Déco beirateek… eratzen duten paisaiarekin.
Lilura – Olerki magikoak Mikel Belascoain du komisario, eta uztailaren 1etik abuztuaren 31ra arte kultur sorkuntzako fabrika bat zer den eta nola funtzionatzen duen erakutsiko dizu. Agertoki berezi hori ikuspegi horretatik jorratu ahal izango duzu, eta era horretako espazioetan sortzen diren prozesuak ulertzera hurbildu. Ideia trukea, diziplinarteko lankidetza eta kultura proposamenak sortzeko baliabideen batura bultzatzeko pentsatuak daude prozesu horiek.
Horren guztiaren parte zara zu ere; sartu, ezagutu, ikasi eta gozatu
Eta 2022an 50 urte beteko dira Iruñeko 1972ko topaketak egin zirenetik. Gertaera berezi hark abangoardiako artista ugari, nazioartekoak eta askotarikoak, bildu zituen, izaera apurtzaileko obrekin, erradikaltasun sozial eta politikoz betetako testuinguruan.
Memorian geratu ziren aztarnen artean, aniztasunari, sorkuntza prozesua ikusarazteari eta eremu publikoan egoteko borondateari buruzko ideiak jaso ditugu Kultur 2022an.
Kupula puzgarriak Ziudadela aurrean. Iruñeko Topaketak – 1972
Prada Poole artxiboa 25 larunbata 20:00