Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Kultur 2021

Ekainaren 18tik irailaren 4ra

Kultur bideari lotu zaio berriz, Nafarroako bideei eta Donejakue bideari, Xacobeo 2021-22aren abaroan.

Ongi erroturiko kultur programa, urtero berritzen dena. Uda eta jaiekin bat egiten duen kultur programa, Nafarroako lurrak berezkoa duen paisaien aniztasuna erakusten duena.

2020ko edizioan, Kulturrek 4.300 lagun baino gehiago bildu zituen, segurtasunez eta arduraz bildu ere, musikaren eta arte eszenikoen inguruan. Eta, beti bezala, parte hartu zuten herriek eskainitako agertokietan egin ziren emanaldiak, herriek beren onena eman baitzuten artisten eta ikus-entzuleen arteko topaketa haiek ahalbidetzeko, arras beharrezkoak izan zirenak pandemiaren testuinguru ziurgabe eta kezkagarrian.

2021ean, Kultur bideari lotu zaio berriz, Nafarroako bideei eta Donejakue bideari, Xacobeo 2021-22aren abaroan. Itzuli da bertako herritarrei eta bisitatzen gaituztenei lagun egiteko, denek ere aukera izan dezaten eskaintza kultural eta turistiko honetaz gozatzeko: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak gustagarri izan dadin betiko ilusio berberaz prestatu du Turismo Zuzendaritza Nagusiarekin lankidetzan.

Aurten, inoiz baino gogo handiagoz gonbidatzen zaitugu uda honetako eskaintza zabalari erreparatzera, Nafarroako eta beste toki batzuetako artista ugari arituko baitira, eta aukera paregabea izanen duzu musika-taldeak eta dantza-forma berriak ezagutzeko. Eta hori guztia, gure lurraldean barrena ibiliz ekainaren 18tik irailaren 4ra arte luzatuko den bidaia batean. 

Arte plastikoek beren tokia izanen dute, eta berritasunak ere ekarriko dizkizugu: Bertizko Lorategi Botanikoan, “Azken eguzkilorea” izeneko historia sortzeko prozesuan murgiltzen ahalko zara uztailaren 1etik abuztuaren 31ra, Gua-Mia-Bu artistaren pintura-lan digital horren ibilbide osoa ikusten ahalko duzu-eta, hasieratik ezagutuz nola sortzen den obra hori, leku, mito eta kondaira ederren ondare eta natur balioak islatzen dituena.

Gozatu Kultur 2021ekin. Arnastu Kultura. 

Kultur 2021