Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Javier Velaza Frías

Javier Velaza Frías

(Castejon, 1963)

Latin Filologiako katedraduna da Bartzelonako Unibertsitatean. Filologia Klasikoko Departamentuko zuzendaria izan da (2005-2012), eta Ikerketa eta Nazioarteko Harremanetarako dekanordea (2012-2017). Gaur egun, Bartzelonako Unibertsitateko Filologia eta Komunikazio Fakultateko dekanoa da (2017-).

 Literatura klasikoa, epigrafia erromatarra eta hizkuntza eta kultura paleohispanikoak dira haren irakaskuntza, ikerketa eta transferentzia ildo nagusiak. 

LITTERA ikerketa-taldeko zuzendaria da (Erromako eta antzinako testu epigrafikoak ikertzeko eta tratatzeko laborategia). Espainiako eta nazioarteko erakunde publikoek finantzatutako hogeita hamar ikerketa-proiektutan baino gehiagotan parte hartu du. Zortzi doktoretza-tesi eta master-lan ugari zuzendu ditu. Hamabost monografiaren egilea da eta hirurehun artikulu baino gehiago argitaratu ditu aldizkari eta liburu kolektiboetan. Txostenak eta komunikazioak antolatu eta irakurri ditu nazioarteko ehun biltzarretan baino gehiagotan.

2003an, Kataluniako Generalitatearen ikerketa-saria jaso zuen. 2014an Alemaniako Institutu Arkeologikoko kide izendatu zuten. Corpus Inscriptionum Latinarum II (Hispania) ren edizio berriko batzordeko kidea da, eta Paleohispanistikako Nazioarteko Batzordeko kidea ere bai. Ikastaro eta hitzaldiak eman ditu bai Espainiako eta bai nazioarteko hainbat unibertsitate eta akademiatan. Nazioarteko aldizkari anitzen Batzorde Zientifikoko kidea da. Ebaluatzaile lanetan dihardu Europako hainbat ikerketa-programatan. Aholkulari-lanak egin ditu museo, kultura enpresa eta erakusketetarako. 2018az geroztik, Espainiako Ikasketa Klasikoen Elkarteko Atal Katalaneko lehendakaria da.

Poeta gisa, lan hauek argitaratu ditu: Mar de amores y latines (Ángel Urrutia saria, Medialuna Ediciones, Iruña 1996); De un dios bisoño (José Hierro saria, San Sebastián de los Reyes 1998); Los arrancados (Lumen, Bartzelona 2002), Enveses (Valencia saria, Hiperión, Madril 2018) eta De mudanzas (Tiflos saria, Castalia, Madril 2020). Haren olerkiak antologia ugaritan agertu dira eta hainbat hizkuntzatara itzuli dira. Literatura irakurraldi eta errezitaldi anitzetan parte hartu du, eta epaimahaikide aritu da hainbat literatura sariketatan.

Hogei urte baino gehiago daramatza literatura, musika eta opera kritikak egiten hainbat hedabidetan  (Expansión, Fuera de Serie, Radio Clásica, Audioclásica).

Javier Velaza Frías