Irakurketa-elkarteetan, kideak aurrez irakurtzea hitzartutako liburu baten inguruan eztabaidatzeko elkartzen dira, aldian-aldian.
Batzuek elkarteetan parte hartzen dute zaletasuna partekatzeko eta liburuez eta literaturaz hitz egiteko foro iraunkor bat edukitzeko; beste batzuentzat etengabeko prestakuntza moduko bat da, kultura-aukerak zabaltzeko modu bat, bakardadearen kontrako antidotoa… Arrazoi horiek guztiak onargarriak eta aintzat hartzeko modukoak dira.
Etorkizunean, liburutegi publikoek gizarte-eskari berriak hartu beharko dituzte aintzat. Izan ere, zeregin berriak izango dituzte: sozializazio-eremu eta hausnarketa- eta eztabaida-foro izatea, herritarrak kulturadunak izateko ez ezik, baita gainerakoen iritzien aurrean jarrera adeitsuagoa izateko ere; erabiltzaileei aisia partizipatibo eta sortzailea eskaintzea; kultura idatzia dinamizatzea; eta irakurketari aspaldian zituen eta pixkanaka galtzen joan den alderdi erritualak bueltatzea. Zeregin berri horietan guztietan, irakurketa-elkarteek eginkizun nabarmena dute, gaur egun irakurketa-elkarteen bitartez antolatzen baitira zeregin gehienak.