XVII. mendeari "zorigaiztokoa" esan izan zaio. Badaude horretarako arrazoiak. Batetik, geldialdia, biztanlerian nahiz ekonomian. Bestetik, gerla, erlijioa dela-eta edo, besterik gabe, Europan nor nagusituko.
Espainiarendako halaxe izan zen, zorigaiztokoa. Gainbehera militarraren garaia izan zen; kontinentean, Frantziaren alde; itsasoan, Ingalaterraren fabore. Barne zatiketaren garaia ere bai, Kataluniak eta Portugalek sezesioaren hautua eginda. Gaztelaniazko literaturaren distira da horren ifrentzua.
Nafarroari, berriz, garai haiek indartze bat ekarri zioten politikan eta nortasunean, eta orobat ekarri bere historiografiaren sorrera. Ameriketatik, halaber, emigratzaile indianoen dirua eta artoa heldu ziren.
Barrokoaren mendea zen, mundu katolikoak mundu protestanteari erasoa jo zionekoa. Hizkuntzaren eremuan ere islatu zen hori guztia. Erromak bulkatu zuen herria bere mintzairan ebanjelizatzea. Latinak liburu sainduetan eta liturgian irauten bazuen ere, ele biko kateximak agertu ziren, euskaraz eta erromantzez. Administrazioak eta eskolak baztertuta, euskarari elizan eta etxe barrenean baizik ez zitzaion aterpe ematen.
Erdarazko hezkuntza Nafarroako herrietan hedatuz joan zen euskararen kaltetan. Hegoaldean gaztelaniak eta iparraldean frantsesak prestigioa hartzen eta ematen zuten, monarkia boteretsuen makineriaren bulkadaz.
Euskarak, berriz, ahozko hizkuntza izaten segitzen zuen, eta gero eta larrekoagoa ageri zen jendearen begitan. Ezari-ezarian, herrikoia den guztia bezala, prestigioa galduz joan zen zabaldu ahala eliteen ideologia, oro arrazionalismo eta zientzia.