XVIII. eta XIX. mendeetan sortu zen mundu garaikidea. Biztanleria eta ekonomia hazi ziren, nekazaritza eta merkataritza garatzearekin. Nazio-estatu modernoak sortu ziren, inperio handiak eraiki eta zientziak garatu; gizartea konplexuagoa eta laikoagoa bilakatu zen. Ilustrazioaren garaia zen, Arrazoiarena, kapitalismoarena, burgesiarena eta, aldi berean, iraultza politikoen eta Erromantizismo kulturalaren garaia.
Nafarroan aldeak daude bi mendeen artean. XVIII. mendea bake aroa izan zen: herriak hazi ziren, bideak hobetu eta herri lanak ugaldu. Tentsio politikoak, hala ere, handituz joan ziren Espainian zentralismo politikoa eta uniformetasun kulturalak aurrera egin bezala. Aldiz, XIX. mendean gerla da nagusi, Frantziaren kontra lehenbizi, eta zibilak gero. Horren ondorioz, Nafarroa, pobretu ez ezik, errege baten, erlijio baten eta hizkuntza baten inguruan ardaztutako estatu baten probintzia bihurtu zen.
Eskolen eta administrazio publikoaren pixkanakako hedapenak gaztelania ezarri zuen. Hezkuntzaren, kulturaren eta administrazioaren alorrak debekatu zitzaizkion euskarari. Apurka-apurka, baita erlijioarena ere. Hirietatik kasatua, euskara larreko mintzaira bilakatu zen, eta atzerakada etengabean ibili zen, bai lurraldez bai gizartez.
Paradoxikoki, Hizkuntzalaritzak eta Erromantizismoak halako ezagutza eremu bat eman zioten euskarari. Garai hartan, ugariak dira hizkuntzari buruzko ikerketak eta argitaratzen diren gramatika eta hiztegiak. Literaturako gai ere bihurtu zen, baita funtsezko osagai ere euskaltzaletasun kulturalean, lehenbizi, eta nazionalismo politikoan, gero.