Geldilekuak eta ostatuak ezagutarazi nahi du Nafarroako Artxibo Garaikideak honako hauei buruz gordetzen duen dokumentazioa: ostatuak, hostalak, hotelak, ostatu-etxeak eta apopilo-etxeak. Oso ezagunak ez ziren funts dokumentalak aurkezten dira, abiapuntu izan daitezkeenak Nafarroako garaiko historiaren ikas eta iker eremu berrientzat.
Ostalaritza establezimenduak sailkatzeko espedienteak dira, 1939tik 1986ra artekoak, Informazio eta Turismo Ministerioaren Probintzia Ordezkaritzak emanak. 1939ko apiriletik, nahitaezko baimena eman behar zuen Gobernazio Ministerioak (1951tik aurrera, aipatu Probintzia Ordezkaritzak), ostatu ematen zuen edozein enpresa edo negozio irekitzeko. Eskaerari erantsita, establezimenduaren eraikin edo solairuaren planoa aurkeztu behar zen, berariaz adierazita logelak, komunak eta prezioak (logelarena eta otorduenak). Espediente horietan, gainera, memoriak, errentamendu-kontratuak, titulartasun aldaketak, bajak eta argazkiak agertzen dira. Horregatik, oso interesgarriak dira aurreko mendeko Nafarroaren egoera ekonomikoa eta soziala ezagutzeko. Nabarmentzekoa da gaur egun establezimendu horietako asko irekita daudela, eta hasieran emakumeak zirela negozioburu.
Nafarroako Artxibo Garaikideak 1.000 espediente baino gehiago gordetzen ditu; orain arte, Artxibo Irekian honako hauen lehen sorta argitaratu da: turismo establezimenduak, lehen mailako hotelak, bigarren mailako hotelak, hirugarren mailako hotelak, ostatu-etxeak, apopilo-etxeak eta ostatuak. Izan ere, horiexek ziren establezimenduen kategoriak, emandako zerbitzuen kalitatearen arabera. Negozioen erreferentziez gain, titularra, urteak eta herria jasotzen dira, bai eta, halakoak baziren, planoak eta argazkiak ere.