Hainbat egile
Liburu honek Lizarran 2014an egindako Erdi Aroko Ikerlanen XLI. Astean aurkeztu ziren txostenak jasotzen ditu; Behe Erdi Aroko Europako finantzen munduari buruzko gogoetari eskaini zitzaion ekitaldi hura. Gai hori aukeratu zen Europa azken urte haietan jasaten ari zen zailtasun ekonomiko eta sozialak ikusita, haien erroa, nolabait ere, finantzaria eta fiskala baitzen. Krisi finantzaria, banku porrota, egonkortasun ituna, aurrekontu defizita, gastua lotzea, zorra, dirua, arrisku prima, eta beste hainbat kontzeptu, bizitzen ari den egoera dramatikoaren isla dira. Horregatik, Aste hartan aztertu ziren, besteak beste: Mendebaldea edo kristautasun latinoa osatzen duten formazio politiko desberdinen sistema fiskal eta finantzarien historia; ekonomia publikoaren eginkizuna; zirkuitu finantzariak eta Milango Estatuaren sistema fiskalak; monarkia frantziarra negozio fiskalaren eragile gisa, eta hango bankariek krisi garaietan izan zuten eginkizuna; Ingalaterrako mundu finantzaria eta kontinentearekin izan zituen merkataritza harremanak; Behe Erdi Aroko Aragoiko burbuila zentsalista eta krisi finantzaria; Behe Erdi Aroko Kataluniako zorraren merkatua; Erdi Aro amaierako Gaztelako merkataritza zirkuituak eta fluxu finantzariak; erregearen errentak eta Granadako erresumaren merkatu finantzariak; eta Behe Erdi Aroko Nafarroako zorraren finkapena eta finantzen balantzeak. Ezinbestekoa zen historiografiak arlo horietan egindako ekarpenen inguruko gogoeta egitea, eta kontzeptu eta lexiko mailako zenbait auzi ikertzea ere bai.