Alicia Andueza Pérez
Bordatuaren artea eta, oro har, ehungintzako artea izan da artearen historian gutxien aztertu eta, hortaz, gutxien ezagutu den esparruetako bat; hori, besteak beste, dekorazio-arteak txikitzat hartzeko joera zaharkituagatik eta ikertzaileek arte nagusitzat hartu direnak aztertzea hobesteagatik gertatu da. Nafarroaren kasuan, dokumentazio ugari zegoen artxiboetan brodatzaileei eta haien lanei buruz, eta horrek agerian jartzen zuen beharrezkoa zela Nafarroako artearen eremu ezezagun horretan ikertzea. Arrazoi horretan oinarrituta, ikerketa honetan luxuzko jarduera horrek Antzinako Erregimenaren mendeetan Nafarroan izan zuen bilakaera eta benetako dimentsioa aztertzen dira, bai eta Nafarroako elizetan gordetzen diren apaingarri sakratu garrantzitsuenak ere. Apaingarri horiek funtzio liturgiko nabarmena bete zuten eta Jainkoaren gurtzaren solemnitateari eta ikusgarritasunari lagundu zioten, baina, horrez gain, beste garai batean acu pictae edo jostorratzaren artetzat jo zenaren adierazpenak ere badira. Hala, ikerketaren asmoa da ondare aberats eta oparo hori hain luzaroan murgilduta egon den ahanztura isiletik ateratzea.