Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Nafarroako Museoek errekorra hautsi dute 2023an, 335.688 bisita izan dituzte

2024/02/09

Nafarroako museo eta bilduma museografiko iraunkorren erregistrokoak diren hamalau ekipamenduek, Nafarroako Museoak markan bilduta, 335.688 bisita izan dituzte erakusketa iraunkorretara eta aldi baterakoetara 2023an, hau da, aurreko urtean baino %24,39 gehiago, Nafarroako Gobernuko Museoen Zerbitzuak eskainitako datuen arabera.

Hazkunde horrek adierazten du pandemiaren ondoren museo-ekipamenduetan publikoa berreskuratzen eta Foru Komunitatean sektorea sendotzen jarraitzen dela, datu estatistikoak sistematizatuta biltzen direnetik lortu izan diren emaitzarik onenak izanik.

Zenbait museo, bestalde, bere erakusketa-jardueragatik nabarmentzen dira, pertsona bisitarien kopuruarekiko bisita-kopuruari dagokionez. Hala, Nafarroako Museoak 75.841 bisita zenbatu ditu, Xabierko Gazteluaren Museoak bisitarien zifra horrekiko 73.651 kopurua dakar eta Nafarroako Unibertsitateko Museoak 70.455.
 
Pertsona bisitarien harira, 221.683 zifra oinarri izanik, Xabierko Gazteluaren Museoa aurten ere nagusi izaten dirau, datu onenekin (73.651); segidan ditu Nafarroako Museoa (39.641) eta Nafarroako Unibertsitateko Museoa (27.717). Museo gehienetan bisitarien gorakada jazo da, zentro bakoitzeko batez besteko hazkundea % 22,33koa izanik. Ezinbestekoa da museo guztiek egiten duten lana aipatu eta balioestea, euren baliabideak edo kokapena, beste baldintzatzaileen artean, alde batera utzita, zeren zifra horrek hobekuntza orokorra adierazten du horietan guztietan.

Eskola-taldeekin betetako zeregin didaktikoari dagokionez, nabarmentzekoak dira Nafarroako Museoa (10.439), Jorge Oteiza Fundazio Museoa (6.130) eta Nafarroako Unibertsitateko Museoa (5.134).

Azkenik, museo hauetako askotan halaber kultura-programazioa antolatu ohi da bere gai eta bildumak oinarritzat hartuz eta programazio horrek erabiltzaileak erakartzen ditu, 59.984 zifraraino helduz. 

Datu-bilketarako sistemak

Museoek publikoa neurtzeko datu-bilketarako sistema berdina erabiltzen dute, zeinek bereizten dituen pertsona bisitaria (erakusketa iraunkorra eta/edo behin-behineko erakusketak bisitatzen dituen pertsona fisikoa) eta bisita (zentro bakoitzeko erakusketa iraunkorrek eta/edo behin-behinekoek jaso ohi dituzten bisitak). Beraz, “bisita” adierazleak islatzen du pertsona bakoitzak zein erabilera egiten duen zentroak eskaintzen dituen erakusketen harira. Pertsona erabiltzaile terminoa, museoak eskaintzen dituen bestelako zerbitzuetan (tailerrak, ikastaroak, etab.) parte hartzen duen pertsona orori dagokio.

2022tik publikoaren datuak sexuaren arabera berezita jasotzeko obligazioa dago, Nafarroako Gobernuaren Berdintasun Planak (2022-2027) finkatutako jarraibideen arabera. Emakume bisitarien kopurua zertxobait handiagoa izan da, guztizkoarekiko % 52,28koa, erabiltzaileen kasuan gertatzen den bezalaxe, % 52,94.

Zentroek, bestalde, hautazko moduan, zenbaketa estatistiko pertsonalizatuak egiten dituzte eta horietan bestelako kontzeptuak sartzen dira, esaterako online jarduera, erakusketa bakoitzeko publikoari buruzko informazio zehatza edo bisitarien posta-kodearen jatorria.

Pertsona bisitarien profila

Museotako datu publikoen analisiak agerian jartzen du aurreko urteko profila mantentzen dela. Pertsona bisitarien % 43,74a Nafarroatik dator bisita banaka egitera (% 69,55), goizez (% 64,68) eta doako sarrerarekin (% 54,95). 
    
Foru Komunitatetik datozen pertsona bisitariak zifra osoaren erdira hurbiltzen dira (% 43,74). Beste autonomia erkidego batzuetatik datorren turismo nazionala hazi egin da, ehunekoa % 41,73 izanik. Atzerriko publikoa ere modu esanguratsuan ugaritu da, dagokion zifra % 14,48koa izanik.

Urtean zehar eginiko bisiten datuak

2023an zehar hazkunde nabarmena jazo da hilero aurreko urtearekin alderatuta, irailean izan ezik. Eta hilabete jendetsuenak apirila (39.186 bisita), abuztua (38.99) eta maiatza (33.817) izan dira. 

Laburbilduz, “2023ko bisiten batez bestekoak goranzko joera nabarmena mantendu du eta pandemiaren ondoren publikoa pixkanaka berreskuratzea lortu dela ziurtatzeaz gainera, zifra errekorrak lortu ditu Foru Komunitateko museotara eginiko bisitetan”, adierazi dute Museoen Zerbitzutik.

Doako sarbidea 

2023an, Nafarroako Museoak bisitatu zutenen arteko % 54,96ak dohainik egin zuten. Hala ere, doakoak ez diren ekipamendu guztiek sarrera libreko egun edo ordutegi jakin batzuk dituzte ezarrita.

Vianako Printzea Erakundea – Kultura Zuzendaritza Nagusia, Nafarroako Kultura Eskubideen Foru Legea betez, herritarrei Museo eta Bilduma Museografiko Iraunkorren bildumetako funtsak eskuratzeko erraztasunak emateko lanean ari da.

Nafarroako Museotako publikoaren datu estatistikoak eskura daude kontsultarako Cultura Navarra webgunean.  

 

Nafarroako Museoek errekorra hautsi dute 2023an, 335.688 bisita izan dituzte
Erakusketa bat Nafarroako Museoan.

Zerrendara itzuli