Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Nafarroako museoek era birtualean ospatuko dute Museoen Nazioarteko Eguna, asteburu honetatik aurrera

2020/05/14

Aurtengo goiburua hauxe da: “Berdintasunaren aldeko Museoak: aniztasuna eta inklusioa”

Nafarroako museoek Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko dute, maiatzaren 15etik 18ra. Ospakizuna Museoen Nazioarteko Kontseiluak  (ICOM) eratu zuen 1977an, museoek gizartea kultur bidean aberasteko duten garrantziaz kontzientziatzeko asmoz. Maiatzaren 18an ospatzen da mundu zabalean.

Aurten aukeratu duten goiburua hauxe da: “Berdintasunaren aldeko Museoak: aniztasuna eta inklusioa”.

Aurten, Covid 19ak eragin duen salbuespenezko egoera dela eta, museoak itxita daude alarma-egoera ezarri zenetik. Horrenbestez, museo gehienetan, ospakizuna birtuala izanen da. Hori dela eta, jarduera digitalak antolatu dira.

Foru Administrazioaren titularitateko Museoetan antolatu diren jarduerak 

Foru Administrazioaren mendeko hiru museoek jarduera sorta bat antolatu dute, guztiak ere online formatuan. 

Nafarroako Museoak bisita gidatu birtuala prestatu du, Maite Pérez Larumbe idazle eta prestatzailearen eskutik: Zertarako etorri Museora? Berariazko iradokizun bat da, museoa berriz ere goza dezagun, ateak berriro zabaldutakoan. ICOM erakundeak proposatu duen goiburuarekin bat, proposamenak erakutsi nahi du pertsonok gauza berdin asko ditugula, baina aldi berean, hain ezberdinak garenez, berdintasuna dela etikoki jarrera arrazoigarri bakarra, hots, tratu eta aukera berdintasuna, bai eta baliabideak eskuratzeko berdintasuna ere; besteak beste, kultura eskuratzekoa. 

Abiaburu horretatik, Maite Pérez Larumbek galdera hau eginen dio bere buruari: zertarako etorri Museora? Nafarroako Museoko bildumak eskaintzen duen aniztasunetik erantzunen dio, I. mendetik XX.era bitarte ondutako hamaika obraren bidez erantzun ere. Eta horrez gain, hainbat kontzepturen bidez, hots, denbora, espazioa eta enpatia, estatusa eta deskokapena, konbentzionala dena eta arraroa dena, kanpotik iritsiko dena eta hemengoa dena, argiaren mistika eta erritmo zibernetikoa, gorputza eta hark duen erresonantzia- nahiz lotura-gaitasuna, eta azkenik, museoa, geure burua aurkitzeko leku gisa. 

Karlismoaren Museoak, bestalde, gogoeta garaikidea proposatuko digu bai bere bildumaz, bai bere gaiez, Saioa Olmo artistaren online proiektu baten bitartez. Honatx izenburua: “Susurrando el futuro en el Museo del Carlismo-Geroa xuxurlatzen Karlismoaren Museoan”.

Proiektuak segida eman dio Karlismoaren Museoak berak bere edukiez -Multiprisma ekimenaren bitartez- 2019an abiarazitako ildo gogoetatsu eta garaikideari, baita Museoen Nazioarteko Egunean ere. Jarduerak, era berean, pertsona bisitari birtualarekiko elkarrekintza eskaintzen du, bisitariak berak ere bere xuxurla sortzea proposatuta. 

Karlismoaren Museoaren inguruko proposamena Susurrando el futuro – Geroa xuxurlatzen proiektuaren baitan dago. Belaunaldiek elkarren artean duten menpekotasunari buruzko lana da, Saioa Olmok 2017an lantzen hasia, Iturfest jaialdiaren barnean, Ant Kolektiboak antolaturik, Bizkaiko Arkeologia Museoarekin elkarlanean. Artista hori Arte Ederretako irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean eta Wikitoki-ko bazkidea. Partaidetzarako eta elkarlanerako prozesuekin esperimentatzen du, bai eta harremanezko teknologiekin ere. 

Azkenik, “Julio Caro Baroja” Nafarroako Museo Etnologikoak dokumental bat eskainiko du bere sorreraz eta ibilbideaz, 2017an egina, Pyrene ekoiztetxeko zuzendari Eugenio Monesmarekin elkarlanean. Horrela, programak dirauen 40 minutuetan zehar, protagonista batzuk mintzo zaizkigu bai proiektuaren historian izan zuten partaidetzaz, bai beren ikuspuntuaz. Museoa 1994an sortu zen, baina hastapenak 1960ko hamarkadan daude, Julio Caro Barojaren beraren eskutik. 25 urtetik gorako ibilbidea egina dauka bilduma bat osatzeko asmoz, eta zain dago ea noiz iristen zaion ikusgai jartzeko aukera. Dokumentalean, zehazki, urte horietan egindako lanen irudi argitaragabeak ikusiko ditugu. 

Beste museo eta museo-bilduma iraunkorretan antolatutako jarduerak 

Foru Administrazioaren titularitateko hiru museoetan antolatu diren jarduerez gain, Nafarroako beste museo eta museo-bilduma iraunkor batzuek eskainitako ekintza birtualak ere izanen ditugu gozagai, bai asteburu osoan, bai Museoen Nazioarteko Egunean, hau da, maiatzaren 18an. 

Horrela, Jorge Oteiza Fundazio Museoak bi proposamenen bidez parte hartuko du 2020ko MNEan, eta biak ere museoaren webgunean izanen dira eskuragarri. Batetik, Gure bilduma handitu! Askotarikoagoa eta berdintasunezkoagoa jarduerak esperientzia partekatua proposatzen du, bai bildumaren zentzua, bai Jorge Oteizaren obraren pentsamendu estetikoa, zabaltzeko. Museoak era komunitarioan aberastu nahi du bere bilduma bera, euskal artistaren pentsamoldearen aniztasuna erakusten duten lanak, objektuak, liburuak, kantuak eta olerkiak baliatuz. Jendeak, beraz, proposamen bakoitzaren irudi bat bidal dezake Museoaren sare sozialetara edota posta elektronikora. 

 

Bestalde, Museo ireki, inklusibo eta soziala. Erronkak eta estrategiak izeneko online topaketa maiatzaren 18an (asteartea) eginen da, streaming bidez, 18:00etatik aitzina. Gogoeta eginen da bai museo-eredu berriei buruz, bai arteek eta kulturak gizarte-eragile gisa bete dezaketen eginkizunari buruz. Honatx parte-hartzaileak: Ana Lucía Llano Rodríguez (La Tertulia Arte Modernoko Museoa,  Cali, Kolonbia), Isidro López-Aparicio (Granadako Unibertsitateko Bakea eta Gatazkak Institutua) eta Aitziber Urtasun, Oteiza Museoko Hezkuntza Estetikoko Sailaren arduraduna. Saioa zuzenean ikusteko, aurrez izena eman beharko da helbide elektronikoan, edo bestela, egun horretan bertan,  sare sozialen profiletatik estekatuz.  

Gustavo de Maeztu Museoak Gustavo de Maeztu, bizitza-ibilbidea dokumentalaren estreinaldia proposatu du, XX. mendearen hasierako artista garrantzitsu horren bizitzaren nahiz lanen irudietan ibilbidea egiteko. Maeztu Gasteizen jaio eta Lizarran hil zen. Ikus-entzunezkoa gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez ekoiztu da eta asmoa da Museoaren erakusketa iraunkorrean ikusgai jartzea, autorretratuen aretoan, leku ezin hobea baita artista bere testuinguruan kokatzeko, Maezturen ibilbidea ezagutze aldera. 

Tuterako Arte Modernoko Muñoz Sola Museoak, bestalde, Lurreko fruituak. César Muñoz Sola, José Serrano eta bilduma iraunkorra aldi baterako erakusketa berriari buruzko ikus-entzunezkoa jarriko du ikusgai bere webgunean, maiatzaren 16tik aitzina, bodegoiari eta lurreko fruituei eskainia. Hasiera batean, Tuterako Barazkiaren XXVI. Jaiaren harira programatua zegoen, baina alarma-egoeraren ondorioz, ez da egiterik izan. 

Haurrendako, berriz, Museoak maleta bat eskainiko du jarduera jolasgarriz betea, Arte Modernoko Muñoz Sola Museoaren edukia erakuste aldera. 

Erriberako beste museo-ekipamendu batek, Tuterako Museoak, ikus-entzunezko hiru ibilbide egin ditu arkeologia, eskultura eta pintura aretoetan, haietako bakoitzean dagoen lanik adierazgarriena azaltzeko; hurrenez hurren, toska urreztatuzko ataiforra, Santa Ana eta Ama Birjina Neskatoaren tailua, eta Azken Judizioa izeneko margolana, Boscok egina omen dena.  

Museoa, bestalde, ez da familiez ahaztu eta bideo bat eskaini die, etxean sormen tailer bat egiteko, Ariane Garcíaren eskutik: Sortu eta apaindu orburu bat.

Nafarroako Unibertsitatea Museoan, #MUNencasa izenburuko programa egokitu da, hala Museoen asteari nola Museoen Nazioarteko Egunari begira. Zehazki, hainbat ekintza eta berezko material prestatu dituzte eta, era berean, hainbat erakundek abiarazitako ekimenen berri eman, kultura eta artea gizartearen zerbitzuan sormenez jartzeko asmoz. Museoak Tableau vivant, del siglo XIX a nuestros días artikulua irakurtzea gomendatzen du biziki, Ignacio Miguéliz Museoaren bilduma-kontserbatzaileak idatzia. Hemeretzigarren mendean, artearen historiako lan ospetsuak hezur-haragizko pertsonaiekin birsortzeko zabaldu zen denbora-pasaz mintzo da, eta horrek egungo challengeekin duen loturaz. 

Julián Gayarre Museo Etxeak bisita birtual baten bidez erakutsiko du bere barnealdea, nafar tenore garrantzitsuenaren bizitzan ibilbidea egiteko. 

Erronkariko Museoak, gainera, lotura egin nahi du bere publikoaren egungo egoerarekin eta, horren haritik, gonbidapena zabaldu du jendeak bere ametsak partekatu ditzan, bai bizitzan gertatu zaigun onena, bai COVID 19 pandemiak eragin dizkigun amets berriak. Julián Gayarrek berak ere Milango Scala antzoki handian abesteko ametsa bete eta bere irakasle Conrado Garcíarekin partekatu zuen. Zure ametsak partekatu nahi badituzu, igorri zentroko e-mailera eta, era anonimoan, bertako webgunean argitaratuko dira.

Zubietako Errota Ekomuseoak bisita birtuala proposatu du errota ikusteko. Eraikina inguru horretako kulturaren eta usadioaren erakusgarri bizia da. Orain, oso urrun dagoela iruditzen zaigun egoera normal hartan, errotako tresnak ukitu eta irina usaintzen zen, baita irinaz egindako taloak ahogozatu ere.  Beraz, gure etxeetatik, ondare material eta immaterial eder hori ikusteko ibilbidea da, laster berriz ere gozatuko duguna.

Berbintzanako Las Eretas Museoa eta aztarnategiak Burdin Aroa Nafarroan. Las Eretas herrixka izenburuko dokumentala eskainiko du. Dokumentalaren bidez, ederki ikasiko dugu zer-nolako ezaugarriak izan zituen Burdin Aroak Nafarroan, Berbintzanako Las Eretas herrixkaren bitartez. Kultur Intereseko Ondasun izendatua, herrixka K.a. VII. mendean sortu zen. Indusketa-lanak egin dira eta, horrez gain,  herrixka hein batean birsortu da garai hartako bizimoldea ulertzeko. Aztarnategian, K.a. VI. eta IV. mende arteko herrixka gotortu baten aztarnak ageri dira. Bertako erakusketa iraunkorrean, berriz, herrixkan bizi izaniko jendearen bizimoduak ulertuko ditugu, bai eta heriotzaren inguruan zeuzkaten errituak ere. Dokumentala aztarnategiaren ondoko museo-gunean erakusten da bisitaldiaren barnean, eta egokitu egin da entzumen urriko jendeak ulertu dezan. Berbintzanako Las Eretas ekipamendua oso sentikorra da dibertsitate funtzionaleko pertsonek dituzten beharrekiko eta hainbat jarduketa egin ditu ildo horretan.

Henri Lenaerts Zentroak izen hau eman dio bere jarduerari: Museoen Nazioarteko Eguna 2020: Digitala eta oso bereziaHorrela, eduki digital aukeratuak jarri dituzte jendearen eskura, guztiak ere aniztasunarekin eta inklusioarekin zerikusia dutenak, baina Museoaren beraren begiradatik. Zehazki, erakusketa-edukiak eta argitalpen digitalak eskaintzen ditu, eta era berean, bere sare sozialen erabiltzaileekin elkarrekintzan aritzeko jarduera bat, bildumako pieza gogokoen aukeraketa sustatuta. Bukatzeko, Henri Lenaerts Zentroaren xedeak eta nahiak biltzen dira, gune askotarikoagoa eta inklusiboagoa eraikitze aldera. 

Azkenik, Iruñeko Erresumaren Museo Etnografikoak, Ollarango Arteta herri txikian kokatuak, bisitaldi birtual bat prestatu du aurtengo Museoen Nazioarteko Egunerako, zentroa ikusteko. Bisitaldia maiatzaren 16tik aitzina egonen da eskuragarri zentroaren webgunean eta sare sozialetan. Horrela, eta Museoak berriz ere ateak zabaltzen ez dituen bitartean, bisitariak mundu berezi horretan barneratzeko aukera izanen du, gure arbasoen eguneroko bizitzako milaka eta milaka objektu ikuste aldera. Gauza guztiak museoaren sortzailearen begiradatik daude era berezi batez bilduak eta apailatuak. Sortzailea Joxe Ulibarrena artista plastikoa izan zen, duela gutxi zendua. 

 

 

 

 

 

 

 

 

Nafarroako museoek era birtualean ospatuko dute Museoen Nazioarteko Eguna, asteburu honetatik aurrera

Zerrendara itzuli