Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Nafarroako meatzaritzaren arkeologia’, Arkeologiari buruzko Europako Jardunaldien 2024. edizioaren leloa

2024/05/21

Laugarren urtez jarraian, Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundeko Kultura Zuzendaritza Nagusiak, Kultura Ministerioarekin lankidetzan, Frantziako Arkeologia Ikerketa Prebentiboen Institutu Nazionalaren (INRAP) ekimenarekin bat egin du, ekainaren 15etik 16ra bitartean 2024ko Arkeologiaren Europako Jardunaldiak egiteko.

Jarduera hori Frantzian hasi zen, 2010ean, eta Europako Kontseilua osatzen duten herrialdeek bat egin dute harekin. Helburua da, batetik, arkeologia-ondareari buruz abian diren ikerketak publiko orokorrari hurbiltzea, eta, bestetik, europar herritarrak Europako kultura-aberastasunaz eta -aniztasunaz kontzientziatzea.

Nafarroako Gobernuak ekitaldi horretan lagundu nahi du, Nafarroako arkeologiarekin zerikusia duten jardueren programazioaren bidez. Horrela, 2021ean espeleologia-arkeologia sinbiosia aukeratu bazen "Speleaus" erakusketaren bidez, 2022ko edizioak gazteluen arkeologian jarri zuen arreta "Harrizko zaindariak" erakusketarekin, eta 2023an "Nafarroako nekropoli islamikoak" aurkeztu ziren. 2024ko edizio honetan gai monografiko bat jorratuko da: "Meatzaritzaren arkeologia Nafarroan".

Lanz, Mendebaldeko Pirinioetako meatze-gune garrantzitsuenetako bat

Programaren barruan, meatzaritzako arkeologiaren ikerketan adituak diren 10 pertsonak hitzaldiak emango dituzte, Eugi eta Lanz herrietan. Horrez gain, Legarchulo (Baztan), Aierdiko Erreka (Lantz) eta Eugiko Munizioen Errege Fabrikako meatze-guneak bisitatuko dituzte, azken bi horiek indusketa-prozesuan baitaude.

Antzinako meatze-jarduerak historiaurrearen amaieran has daitezke, eta oso ikerketa gutxi egin dira gure erkidegoko historiografia arkeologikoan. Sei bosturteko baino gehiago dira kobrezko lehen meatzea aurkitu zenetik, "Gizaki Berdeen Leizea" izenekoa, Urbiolan, orain arteko zaharrenetakoa; izan ere, Brontze Arokoa da, baina duela gutxi jarri dira abian horrelako ikerketa arkeologikoak.

Joan den mendeko laurogeiko hamarkadaren erdialdean, lehen lan-kanpaina bat egin zen Lantzeko meatze-gunean, eta haren kronologia erromatarra berresteko balio izan zuten. Lan horiek areagotu egin dira azken hamabi urteetan, eta aldi horretan Gilles Parent frantsesak, meatzaritzan aditua den arkeologoak, esku-hartze garrantzitsuak egin ditu. Meatzeko (Luzaide) kobrezko meatze erromatarra eta Baztango lehen urre ustiategiak (erromatarren garaikoak horiek ere) nabarmendu behar dira.

Azken hiru urteetan, Vianako Printzea Erakundeko Kultura Zuzendaritza Nagusiak diziplina anitzeko proiektu franko-espainiar bat jarri du abian, Lantzeko meatze-multzoaren karakterizazio integrala jorratzen duena, eta Mendebaldeko Pirinioetako garrantzitsuenetako bat dela adierazten ari dena, kontserbazio-maila benetan apartekoa duena. Hiru kilometro eta erdi baino gehiagoko galeria sare ikaragarria zulatu zuten Historiaurretik kobrearen bila, eta erromatarren garaian izan zuten jarduerarik handiena. Une horretatik aurrera, ustiapena bertan behera utzi zuten, meatze-jarduerarik egin gabe.

Aldi berean, Eugiko Munizioen Fabrikaren inguruko eremuan, indusketa arkeologiko eta berreskuratze prozesu betean, fabrika-multzoari lotutako meatze-jarduera aurkitzen eta aztertzen hasi dira. Lehenengo datuen arabera, jarduera hau bizia eta behar bezala antolatua izan zen, aro moderno eta garaikidean, Frantzia hegoaldeko Banka (Pyrénées-Atlantiques) foku garrantzitsuari dagokionez.

Aldez aurretik izena emanda

Jardunaldiek Nafarroako ondare arkeologikoaren puntu garrantzitsu horien ezagutzan datu eta aurrerapen nagusiak emango dituzte, bakoitza ikerketa-prozesu desberdin batean.

Gainera, "Indusketa bidez irekia" izeneko programari jarraipena ematen zaio. Programa horrek ikerketa-prozesuan dauden aztarnategiak erakutsi nahi ditu, ikertzaileek beraiek egindako bisita gidatuen bidez.

Jardueretara sartzea doakoa da eta aldez aurretik izena eman behar da, lekua bete arte, patrimoniohistroico@navarra.es helbidean edo 848426090.

 Nafarroako meatzaritzaren arkeologia’, Arkeologiari buruzko Europako Jardunaldien 2024. edizioaren leloa

Zerrendara itzuli