Nafarroako Liburutegiak "Javieradas: punto de encuentro centenario/Xabieradak: ehun urtetik gorako topagunea" erakusketa hartuko du. Erakusketa honek Nafarroako Filmategiaren, Nafarroako Errege Artxibo Orokorraren eta Iruñeko Udal Artxiboaren laguntza izan du, eta Ondarearen 2024ko Europako Jardunaldien aurtengo edizioan programatutako jarduerekin bat egin du.
Erakusketak denboran zeharreko ibilbide bat egiten du, Xabieraden sorreratik, eta haien bilakaera erakusten du, testuinguru historikorako oso datu interesgarriekin. Xabierrera egiten den lehenengo erromesaldia duela 100 urte baino gehiagokoa da, eta ordutik, eta 30eko hamarkadaren amaierara arte – hasieran noizean behin, baina 1940tik urtero –, gaur egun milaka nafar, lurralde osokoak, joaten dira hitzordu horretara urtez urte.
Denboraren eta bilakaeraren ibilbidea
Fenomeno hori ulertzeko oso interesgarriak diren hainbat ale grafiko daude erakusketan. Obren artean, Lege Gordailuaren Funtsetik datozen Xabieraden zenbait kartel ikus daitezke; lehenengoa, 1940ko edizioari dagokio, Moisés Pérez de Albenizek egina, eta bertan oinarritu da liburutegia erakusketa iragartzen duen kartela egiteko.
San Frantzisko Xabierkoaren inguruko hondo zahar eta modernoko zenbait ale ere ikusgai daude. Horien artean dago Temas de Cultura Popular bildumak José María Recondoren Javierada liburuari eskainitako liburuxka, 1975ean argitaratua eta 1987an berriz inprimatua. Liburuxka hori, aurkeztutako funts gehienak bezala, BINADIn (Nafarroako Liburutegi Digitala) dago eskuragarri, kontsulta dadin.
Bisitariarentzako ale interesgarriak
Gainera, erakusketak Xabierren bi plano ditu, 1942. urtearen inguruan argitaratuak; horietako bat gatazka zibilaren osteko monumentu-multzoaren egoerarekin, eta bestea hurrengo urteetan gauzatu zen birmoldaketa-proiektuarekin, gaztelua eta basilika gaur egungo itxurarekin utziko zituena. Bisitariak A0 neurriko mapa bat ere aurkituko du, horretarako egina, eta panel bertikaletako batean jarria, Nafarroako ibilbide nagusien trazatuarekin eta elkarguneekin, Xabierko gaztelurantz doan elkargunean.
Erakusketa osatzeko, soinurik gabeko bideo bat dago, Nafarroako Filmategiko Artxiboaren eremuan gordetako hainbat filmen zatiak begiztan erreproduzitzen dituena, Jesus Baztan, Patxi eta Francisco Etxegarayren gordailuetatik eta Pio Caro Barojak zuzendutako "La javierdada" dokumentaletik hartutakoak, baita Nafarroako Errege Artxibo Orokorrak eta Iruñeko Udal Artxiboak erakusketa honetarako lagatako argazkien segida bat ere.
Azkenik, aipatu behar da erakusketan interesgune bat ere badagoela, Xabieradei eta Xabierko San Frantziskoren irudiari buruz etxez etxe mailegatzeko moduko hainbat lanekin (hainbat monografia, 2 cd eta DVD), bai eta bisita-liburu bat ere, noizbait Xabierrera joan diren bisitariak beren esperientzia partekatzera gonbidatzen dituena.
Erakusketa liburutegiko bigarren solairuan dago, Nafarroari eskainitakoan, eta abenduaren 31ra arte bisitatu ahal izango da, liburutegiaren irekiera-ordutegi osoan.