Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Nafarroako Gobernuak Kultura Intereseko Ondasun izendatu du, Ondasun Higigarri gisa, Irulegiko Eskua

2024/02/14

Nafarroako Gobernuak gaurko bilkuran hartutako akordioaren arabera, Irulegiko Eskua Kultura Intereseko Ondasun izendatuko da, Ondasun Higigarri gisa. Pieza k. a. I. mendearen hasierakoa da, eta euskaraz idatzitako eta orain arte ezagututako lehen dokumenturik zabalena eta osoena da, erabat babestu beharreko ondasun aparta. 

Irulegiko Eskua banako eran babesteko beharra bermatzen duten atzemandako arriskuen artean piezaren fintasun materiala dago. Izan ere, kontserbazio-baldintza espezifikoak eta etengabeak eskatzen ditu, eta horrez gain, bere kontserbazio egokia bermatuko duten mantentze-lanak. Prebentzio-neurrien artean legoke bere zaintza arriskuan jartzen duten aldi baterako esposiziotarako mailegua kontrolatzea.
 

Ezaugarriak 
Pieza 2021eko ekainaren 18an aurkitu zen, Irulegiko aztarnategian (Aranguren ibarra) programatutako indusketa arkeologikoetan zehar. Indusketa-gunea Irulegiko kastro baskoiari dagokio, zehazki, harresien barruko bere gela-eremuari. ‘Irulegiko Multzoa’ izeneko esparru hori, Kultura Intereseko Ondasun izendatu zuen Foru Gobernuak 2023ko apirilaren 26ko hitzarmenari jarraiki.

Eskua brontze irabiatu, luzatu, lisatu eta ebakitako xafla baten gainean egina dago. Bere neurriak dira: 143,1 mm-ko altuera x 127,9 mm-ko zabalera eta 1,09 mm-ko lodiera, eta 35,9 gramo pisatzen ditu.

Laua da esku-zabalaren aldean, baina atzealdean azazkal formak ageri dira, hiru hatzen artean galduta (erakuslea, bihotza eta hatz nagia). Piezak hondoratze ildaskatu perimetrala eta 6,5 mm-ko zulaketa du eskumuturretik gertu, euskarri bigun batean sartuta eusteko. Atzealdean aldiz, lau lerroko eta 40 zeinuko inskripzio bat dago, hatzekin beherantz irakurtzeko egina.

Inskripzioa eta bere esanahia
Piezaren lehen berezitasunetako bat inskripzioa egiteko modua da. Idazkera errazteko, hasteko pautatu esgrafiatu baterako hiru lerro markatu ziren. Jarraian, zeinuak marra zuzenetan grabatu ziren, eta azkenik, punteatze teknika baliatuz markatu ziren.

Ebakidura esgrafiatuaren eta punteatuaren konbinazioa ezezaguna zen orain arte inskripzio paleohispanikoetan eta kasu bakarra idatzi da Inperio osoko epigrafia latindarrean. Testua idazteko erabilitako ikur-bilduma hau erdi-silabiko paleohispanikoen familiari dagokio, ezaugarri berezi batzuk tarteko direla: T zeinuaren presentzia, orain arte txanpon-etxe (oTikes eta uTanbaate) baskoien diru-kondairetan bakarrik ezagutu izan dena. Irulegiko Eskuaz geroztik, transkribatzen duen hizkuntzaren zeinu espezifiko gisa hartu da eta bibratzaileentzako bi zeinu daude. Ezaugarri horrek baztertu egiten du erabilitako hizkuntza zeltiberikoa izatea. Ezaugarri linguistiko horiek eta beste batzuek pentsarazi digute Eskuaren testua azpisistema berezi edo ikur-bilduma baskoian idatzita dagoela.

I. mendearen hasieran datatu zenez, ziurta liteke antzinako baskoiak ez zirela herri guztiz anepigrafikoa izan eta idazkera ezagutu eta erabili izan zutela.

Azkenik, nabarmendu behar da Eskua berezia dela, euskarriaren tipologiari eta morfologiari dagokienez (hatzak beherantz zintzilik dituen esku bat) hala nola erabilitako teknika inskribatzaileari (esgrafiatutako ordinatio baten gainean eginiko punteatua) eta inskripzioaren hizkuntza-ezaugarriei dagokienez; horrek Nafarroako Historiarako pieza paregabea izatera darama.

 

Nafarroako Gobernuak Kultura Intereseko Ondasun izendatu du, Ondasun Higigarri gisa, Irulegiko Eskua
K.a. I. mendearen hasiera aldeko data du, eta euskaraz idatzitako eta orain arte ezagututako lehen dokumenturik zabalena eta osoena da

Zerrendara itzuli