Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Nafarroako Artxiboak Nafarroako historiari buruzko ikastaro bat eskainiko du

2020/02/17

Nafarroako historiari buruzko ikuspegi zabal eta zehatza jasotzeko interesa duen edonorentzat dago zabalik.

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak ikastaro bat antolatu du Nafarroako Historian interesaturik dagoen jende guztiarentzat. Ikastaroak bi helburu ditu: batetik, parte-hartzaileen sen kritikoa bultzatzea gertakari historikoak aztertzerakoan, eta bestetik, dokumentazio-iturrien gaineko ezagutza hobetzea. Guztira, 20 saio izanen dira, astearte eta ostegun orotan, martxo, apiril eta maiatzean. Nafarroako gertakari historiko nagusiak jorratuko dira, Antzinate berantiarretik hasi (V. mendea) XX. mendearen bukaerako Trantsiziora bitarte. Nafarroako unibertsitateetako hainbat historialarik emanen dute ikastaroa, guztiak ere aditu handiak beren ikerketa eremuetan. Beraz, hona hemen Erdi Aroaz, Aro Modernoaz eta Aro Garaikideaz arduratuko diren irakasleak; Íñigo Mugueta Moreno, Eloísa Ramírez Vaquero, Jesús M. Usunáriz Garayoa eta Javier Caspistegui Gorasurreta.

Ikastaroa noiz eta zer ordutan

Nafarroako historiari buruzko ikuspegi zabal eta zehatza jasotzeko interesa duen edonorentzat dago ikastaroa zabalik. Saioak Nafarroako Errege Artxibo Nagusian bertan emanen dira, astearte eta ostegunetan, 19:00etatik 20:00etara. Horri esker, Artxiboan berean gordeak dauden Nafarroako historiaren agiri garrantzitsuak kontsultatzeko aukera emanen zaie parte-hartzaileei; beraz, arras egokia haien prestakuntza osatzeko. Hona hemen ikastaro egunak: martxoak 3, 5, 10, 12, 17, 24 eta 31; apirilak 1, 7, 8, 21, 23, 28 eta 30; eta maiatzak 5, 7, 12, 14, 26 eta 28.

Lekuak mugatuak baitira, erreserba egin behar da, 848 42 46 67 telefonora deituz. Erreserba eskatzeko epea otsailaren 21era arte (ostirala) egonen da zabalik; egun horretan zozketa eginen da. Zozketaren emaitza parte-hartzaile bakoitzari jakinaraziko zaio.

Nafarroako Artxiboak Nafarroako historiari buruzko ikastaro bat eskainiko du
Nafarroako Artxibo Nagusiaren portada

Zerrendara itzuli