Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Nafarroako Artxiboak II. Mundu gerraren bukaera ekarri nahi izan du gogora maiatzean

2020/05/07

III. Reicharen errendizioaren 75. urtemugaren harira.

Inoiz izaniko gerrarik handiena -II. Mundu Gerra- bukatu zenetik 75. urte joan diren honetan, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak maiatzeko erakusketa txiki birtuala apailatu du, gerra horri buruzko agiri batzuk erakusteko. Horrela, “II. Mundu Gerraren bukaeraren 75. urtemuga (1945)” izenburuko erakusketa birtuala formatu txikikoa da eta webaren bidez dago ikusgai. Horretarako, irudiak deskargatu behar dira.

Nafarroa II. Mundu Gerraren testuinguruan

Espainiak gerran parte hartu ez bazuen ere, eta herrialde neutrala edo ez beligerantea izan arren, gerra horri buruzko agiri sorta bat dago gordea Nafarroako Errege Artxibo Nagusian, pare bat arrazoi direla medio: batetik, Nafarroa Espainiako eta Frantziako estatuen arteko mugan dagoelako, eta bestetik, zenbait pertsonaren dokumentu-funtsen edukia aberatsa eta berezia delako.

Gerraren lehen urteetan, erabat nagusitu ziren Erroma-Berlin-Tokio ardatzaren eta haien kideen indarrak. Hasierako aldi hartan, tropa alemanak Frantziako armada berehala azpiratu eta Parisen garaile sartu ziren. Horren ondorioz, Frantziako gobernuak armistizioa eskatzea beste biderik ez zuen izan. Hitzarmenak, hau da, 1940ko ekainaren 22ko Armistizioak, bi eremutan zatitu zuen Frantzia: haietako bat, alemanek zuzenean militarki okupatutako huraxe izan zen (herrialdearen iparraldea eta kostalde Atlantikoa) eta, bestea, Frantziako gobernu batek administratua, Vichy hirian kokatua. Bi eremuren artean ezarritako muga-lerroa Arnegi parean hasten zen, hau da, Espainia eta Frantzia arteko mugan, Nafarroan. Beraz, Endarlatsa eta Luzaide arteko lurraldeak alemanek hartutako eremua izan zuen mugakide eta, hori zela eta, soldadu alemanek hainbat bisita egin zituzten Luzaide, Orreaga eta beste leku batzuetara.

Aldi berean, Alemaniak 1941eko udan Sobiet Batasunari eraso egin izanaren karira, Franco jeneralaren gobernuak boluntarioen unitate bat bildu zuen Sobiet Batasunaren aurka borrokatzeko, alemanen banderapean, Espainia gerratik at mantenduta ere. Espainiako Gobernua, izan ere, bat zetorren pentsamoldez III. Reicharen erregimen nazionalsozialistarekin, komunismoaren aurka ekiterakoan. Unitate hura, Wechmacht-eko 250. Infanteria Dibisioa, armada alemanean txertatu zen eta Espainiako Boluntarioen Dibisioa izena eman zitzaion, baina Dibisio Urdina ere esan zitzaion. Dibisioa 40.000 gizon inguruk osatu zuten. Hain zuzen ere, Nafarroako Errege Artxibo Nagusian gordetako hainbat argazkitan ageri da dibisioko nafar kideen lehenetariko ordezkoei Iruñean egindako omenaldia, 1942an, hain zuzen ere. Beste argazki batzuetan, berriz, ageri da zer-nolako ongietorria egin zitzaien 1954an dibisioko kide espetxeratuei Iruñean, urte hartan itzuli baitziren Sobiet Batasunetik Espainiara.

Gerraren amaiera

1942ko bukaeran, aliatuak bi gudutan nagusitu zitzaizkien Ardatzeko tropei, hots, Stalingradon eta El Alameinen, eta bi gudu haien ondorioz, gerraren norabidea behin betikoz aldatu zen. Horrela, 1945eko hasieran, aliatuen soldaduak Alemanian bertan ari ziren borrokatzen, eta aldi berean, III. Reicha hondatzen ari zen.

Gatazkaren azken egunei buruzko agiri batzuk ere ekarri dira erakusketara. Zehazki, Emilio de Navasqüés y Ruiz de Velasco espainiar diplomatikoaren funts pertsonaletik ateratakoak. Garai hartan, politika ekonomikorako zuzendari nagusi zebilen Kanpo Arazoetako Ministerioan. Horrela, agiri interesgarri bat dago ikusgai, 1945eko maiatzaren 25ean datatua. Agirian, Espainiak Munichen zeukan kontsulak Bavariako egoera zertan zen jakinarazi zuen, soldadu aliatuen eta SS nazien arteko azken borrokek kontsulatua kaltetu zutelako. Gainera, ez zuten janaririk, eta sardina eta atun latak bidaltzeko eskatu zion ministerioari, bai eta kafea ere. Era berean, ikusgai dagoen beste agiri batean, Vicente Trellesek, hau da, Espainiako Enbaxadak Berlinen zeukan agregatu komertzialak, egun batzuk lehenago (1945eko maiatzaren 12a) jakinarazi zuen, enbaxadako langile guztiek Suitzako hiriburura –Bernara– alde egin behar izan zutela, borrokaldiak hurbil zeudelako.

1945eko maiatzaren 8an, Alemaniako goi agintaritza militarrak III. Reicharen errendizioa sinatu zuen potentzia aliatuen aitzinean eta, urte hartako irailean, Japoniak kapitulatu egin zuen. Horrenbestez, II. Mundu Gerra (1939-1945) amaitu zen, hots, gizateriaren historian inoiz gertaturiko gerrarik handiena, milioika eta milioika lagunen heriotza eragin baitzuen. Bukatzeko, 1945eko maiatzaren 8an Donostiako Kontxa hondartzan hartutako argazki batzuk daude ikusgai, hau da, gerra Europan bukatu zen egunean hartutakoak, hain zuzen ere. Irudietan, Heinkel 111 hegazkin bonbaketari bat ageri da, SS-etako Leon Degrelle ofizial belgikarrak gidatua. Premiazko lurreratzea egin behar izan zuen Donostiako hondartzan. Oslotik zetorren hegan, ihesi, Norvegian ere indar alemanek kapitulatu egin baitzuten.

Material gehigarria:

· Liburuxka​

· Armada alemaneko ofizialen argazkiak, Luzaiden (1940)

· Armada alemaneko ofizialen argazkiak, Orreagako Antso VII.aren hilobian (1940)

· Armada alemaneko ofizialen argazkiak, Ibañetako Errolanen monumentuan (1940)

· Dibisioko kideen argazkiak, Dibisoi Urdinari Iruñean egindako omenaldian hartutakoak (1942)

· Dibisio Urdineko dibisio-kide espetxeratuei egindako ongietorriaren argazkiak, boluntarioak Sobiet Batasunetik Espainiara itzuli zirenean (1954)

· Álvaro Silvela de la Viesca Municheko Espainiako kontsulak Kanpo Arazoetarako ministroari igorritako telegrama zifratua, Bavariako egoeraren berri emateko eta janaria behar zutela jakinarazteko (Munich, 1945eko maiatzaren 25a)

· Espainiak Berlinen zeukan enbaxadako agregatu komertzialak -Vicente Trellesek- Juan Antonio Suanzes Espainiako Industria Institutuko presidenteari igorritako ofizioa (kopia), Berlingo egoeraren berri emateko, Espainiako material industriala berreskuratzeari zegokionez (Berna, 1945eko maiatzaren 12a)

· Suitzako Gerra Ekonomiarako Bulego Nagusiaren informazio-orria bai errazionamendu-arauei buruz, bai elikagaiak zein salgaiak Suitzan sartzeari buruz (Berna, 1946ko uztaila)

· Leon Degrelleren Heinkel 111 hegazkinaren argazkiak, Kontxako hondartzan lurra hartu ondoren (Donostia, 1945eko maiatzaren 8a)

 

 

Nafarroako Artxiboak II. Mundu gerraren bukaera ekarri nahi izan du gogora maiatzean
1945ean Kontxako hondartzan lurreratutako hegazkin alemaniarra

Zerrendara itzuli