Agiriei esker, hezkuntzak Nafarroan, XX. mendean, izaniko bilakaera ezagutzeko parada izanen da.
Nafarroako Artxibo Garaikideak (NAG) berrikitan antolatu du Iruñeko San Frantzisko eskoletatik heldu den dokumentazioa. Eskola horien irakaskuntza jarduerari buruzko agiriak dira, joan den mendekoak. Gaur egun, Iruñeko Frantzisko Deuna HLHIP da.
Dokumentazio-funtsak balio bereziki garrantzitsua dauka, ikastetxe hori, eskola izateaz gain, Nafarroako Irakasletzako ikasleen praktika-zentroa izan zelako, bai eta hezkuntzari lotutako hainbat erakunderen egoitza ere. Gainera, antolaketa, administrazio orokorra eta irakaskuntzaren kudeaketa ezagutzeko aukera ematen du, eta era berean, eskola irakaskuntzen antolaketa eta plangintza, edota ikaskuntzarako hezkuntza programa ez-formalen hasiera, Nafarroako haur eta lehen hezkuntzako ikastetxeetan, joan den mendean.
1904tik 2012ra bitarteko agiriak
NAGen gordea dagoen dokumentazioak 1904tik 2012ra bitarteko urteak barnebiltzen ditu eta San Frantzisko eskoletako irakaskuntza jarduerari eta Martin de Azpilkueta Eskola Taldeari dagokie, bai eta Irakasletza Eskola Normaleko ikasleek garatutako praktikei ere. Era berean, kokapen berean zeuden beste erakunde batzuetako agiriak dira (Gazteriaren Frontea, San Jose Eskola Dominikala, Ropero Escolar, eskola kantina …).
Agiri batzuetan Iruñeko Udalaren lana jasoa dago, Hezkuntzarako Toki eta Udal Batzordeen bidez. Alkatea zen batzordeburu. Eskolen funtzionamenduari buruzko eta lokalak behar bezalako baldintza higienikoetan mantentzeari buruzko agiriak dira; eskolak hezkuntzaz bestelako xedeetarako ere erabili baitziren. Batzorde horiek, halaber, maisu-maistrak izendatzeko eskumena izan zuten. Ahalmena 1914an berreskuratu zuten, Hezkuntzari buruzko Moyano Legearen ondorioz galdua baitzuten.
Ikastetxearen historia
San Frantzisko eskolak 1902ko abenduaren 1ean hasi ziren eraikitzen. Hasieratik eskola izateko pentsatutako lehen eraikina izan zen, San Frantzisko komentua zegoen lekuan. Hasieratik beretik haurrendako eskola gisa pentsatu zen, baina irakasletzako ikasleen praktikak egiteko eskola ere izan zen, hau da, irakasle ikasketan ari zirenek praktikak egiteko tokia. Hori halaxe izan zen 1967ra arte, urte hartan bi eskola elkartu baitziren Eskola bakarrean (Eskola Normala), hots, “Huarte de San Juan” Maisuen Eskola eta “Blanca de Navarra” Maistren Eskola. Urte hartatik aitzina, irakasleen praktikak edozein eskolatan egin ahal izan ziren.
Bestalde, Iruñeko alde zaharrean, bazen beste eskola bat, 1954tik aurrera, Martín de Azpilcueta izenekoa, Compañía kalearen plazan kokatua (“Compañiako Eskolak” hara joan baitziren aldameneko eraikin batetik). Ikastetxe hori 1994an itxi zen, eta dokumentazioa San Frantzisko Eskoletako artxibora eraman zen. Orain, berriz, dokumentazio hori, bai eta San Frantzisko Eskolakoa bertakoa ere, Nafarroako Artxibo Garaikidera (NAG) era