Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Modu birtualean bisitatzen ahal dira dagoeneko Tuterako katedraleko klaustroko kapitelak, NUPek Kulturako Zuzendaritza Nagusiarekin lankidetzan 3Dn eskaneatutakoak

2021/11/24

Proiektu horrek aukera ematen du XII. mendean harriz irudikatutako zenbait eszena eta irudi xehetasunez ikusteko.

Ostegun honetan, hilak 25, 18:00etan, Tuterako Dekanotza Jauregian, Tuterako katedraleko klaustroko kapiteletara bisita birtuala egiteko webgunea aurkeztuko da. Vianako Printzea Erakundea - Kultura Zuzendaritza Nagusiak eta NUPek lankidetzan egindako proiektu horri esker, zehaztasun handiz erregistratu ahal izan dute arkitektura-elementu horien geometria. Aurkezpenean esku hartuko dute, alde batetik, Alicia Ancho Villanueva Vianako Printzea Erakundea - Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Erregistroko atalburuak, zeina kapitelak zaharberritzeko prozesuaz eta harriak izaten dituen arazoez eta erabiltzen diren tratamenduez mintzatuko baita, eta, bestetik, José Ramón Alfaro López NUPeko irakasle titular eta proiektuaren zuzendariak, zeinak kapitelak eskaneatzeko eta webgunean argitaratzeko prozesua zehaztuko baitu.

Zehazki, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile talde batek Tuterako Santa Maria katedraleko klaustroko kapiteletako 50 bat eszena eskaneatu ditu 3Dn. Orain, eszena horiek birtualki behatzen ahal dira, modu hurbilago eta dinamikoago batean.

Tuterako Santa Maria katedraleko klaustro erromanikoa 1188 eta 1200 artean eraiki zen. 2016an eta 2017an zutabeetako kapitelak garbitu eta finkatu ziren, Nafarroako Kutxa Fundazioak, “La Caixa” Gizarte Ekintzak eta Tuterako Dekanotza Jauregiak finantzatutako proiektu baten bidez. Zaharberritzea amaitu ondoren, 2018an, Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuak NUPi agindu zion 3Dko digitalizazioa osatzeko proiektua, eta hori da orain erakutsiko dutena. Bi erakundeek Tuterako Dekanotza Jauregian aurkeztuko dute webgunea, herritarrei ezagutzera ematearren Nafarroako kultur ondarea ezagutzeko eta gozatzeko aukera ematen duen tresna interesgarri hori.

Hiru hilabetez, Diseinu Industrialeko Ikerketa Taldeko bost ikertzaile aritu ziren lanean: José Ramón Alfaro López, Marta Benito Amurrio eta Carmelo Puyo Irisarri (hirurak Ingeniaritzaren Adierazpen Grafikoko irakasleak); Amaya Pérez Ezcurdia (Ingeniaritzako Proiektuetako irakaslea); eta Juan Ignacio Latorre Biel (Ingeniaritza Mekanikoko irakaslea).

3Dn eskaneatzeak aukera ematen du kapitelen geometria eta haien egungo egoera jasotzen dituen datu-base bat izateko. Informazio horri esker, obra horiek aztertzen jarraitzeko modua izanen da aurrerantzean ere, nahiz eta denboraren poderioz hondaturik edo suntsiturik bukatu. Gainera, zenbait teknika baliatuta erreprodukzioak sortzen ahal dira. Zehazki, proiektu honetan 1:10 eskalako erreprodukzioak egin dira eskaneatutako bertsioak oinarri hartuta.

Eszenak eta sinbologia

Hasiera batean klaustroa osatzen zuten 58 kapiteletatik, 16ren arrastorik ez dago, eta, beraz, ez dago horietan irudikatutako irudiei buruzko erreferentziarik. Eskaneatutako elementuen artean, eszena erlijiosoak, sinbolikoak (animaliak eta izaki fantastikoak) eta garai hartako bizitzaren irudikapenak daude, hala nola hartzaren ehiza edo putreak erbiak jaten.

Konposizioari dagokionez, irudi nagusia angelu batean ageri ohi da, eta besteak, berriz, alboetan, nagusiari begira, nahiz eta kasu batzuetan protagonista kapitelaren alde baten erdian dagoen. Batzuetan, hondo arkitektonikoak eta zuhaitz edo hostotza estilizatuak erabiltzen dira, espazio- edo paisaia-garapen baten ideia ematen dutenak.

Orain birtualki ikusten ahal diren kapitelak eta eszenak klaustroan duten kokapenaren arabera daude erreferentziatuta (iparraldean, hegoaldean, ekialdean eta mendebaldean). Aplikazioak aukera ematen du banaka ikusteko, handitzeko eta xehetasunez jakiteko zer irudikapen dagoen aldeetako bakoitzean.

Zehazki, iparraldeko kapiteletan eszena hauek daude irudikatuta: Gai ikonografikoak (oilarrak), Natibitatea, Ikustaldia eta deikundea, Epifania, Aurkezpena tenpluan, Kanako ezteiak, Jesusen bataioa, Bataiatzailearen predikua, Lazaroren piztuera, Jerusalemerako sarrera, Judaren traizioa, Azken afaria, eta Ikuzketa; hegoaldean, hauek: Pantokratorra, Ama Birjinaren Jasokundea, San Paulo Damaskorako bidean, Done Laurendiren martirioa, Ama Birjina eta dizipuluak, Ananias San Paulo sendatzen, San Andresen martirioa, Salomeren dantza, Jakue epaitua, Jakueren burugabetzea, Santuaren translazioa eta Herodesen oturuntza; ekialdean, berriz, hauek: Baratzeko otoitza, Atxiloketa, Ehorzketa santua, Hilobiaren zaintza, Linborako jaitsiera, Jesu Kristoren piztuera, Emausen dizipuluak, Apostoluen agerraldia, Hiru Marien agerraldia, Jesu Kristoren Igokundea, Jesu Kristo dizipuluei irakasten, Jesu Kristoren maiestatea, Ama Birjina eta dizipuluak; eta, mendebaldean, hauek: Daniel lehoien haitzuloan, Bi adarbakar, Arranoak hilotz bat irensten, Irakaren parabola, Apaintzeko kapitela, Musikariak, San Martin bere kapa moztua eskalearekin partekatzen, Jesu Kristo kapa erakusten, Hartzaren ehiza, Putreak erbiak irensten, Hegaztiak eta landare gurutzatuak, eta Epulonen eta Lazaroren parabola.

Webgunea NUPen “Bisita birtuala Tuterako katedraleko klaustroko kapiteletara” web orrian egonen da eskuragarri, baita culturanavarra.es webgunean ere.

Modu birtualean bisitatzen ahal dira dagoeneko Tuterako katedraleko klaustroko kapitelak, NUPek Kulturako Zuzendaritza Nagusiarekin lankidetzan 3Dn eskaneatutakoak
Tuterako katedraleko klaustroa.

Zerrendara itzuli