Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Iruñeko zinema-aretoak, sektorean aldaketa handiak izan dituzten lau hamarkaden errepasoa egiten duen liburu baten protagonista

2021/10/18

Alberto Cañada Zarranz-en 'Los cines de Pamplona', Kulturak argitaratua, proiekzio zinematografikoen kronika egiten du, 1940ko hamarkada “dotorea”-tik 1980 arte, lehen multizineak iritsi zirenean.

Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundeak Los cines de Pamplona, 1940-1980. Crónica primicial de la exhibición cinematográfica en Pamplona lana argitaratu du, Alberto Cañada Zarranz kazetaria eta Nafarroako Filmategiko egungo zuzendariaren eskutik.

Liburua Nafarroako hiriburuko zinema-aretoek 1940tik 1980ra izan zuten bilakaeraren kronika da, eta zinemetako argazki, ziklo eta filmen kartel, sarrera, esku-programa, erabilitako proiektore mota eta proiektugileen eta aretoekin zerikusia duten pertsonen irudi ugariz ilustratuta dago.

Obra aurkezteko ekitaldia gaur egin da Nafarroako Errege Artxibo Nagusian, María Camino Barcenilla Baliabide eta Garapen Estrategikoko Ataleko buruaren eta Alberto Cañada egilearen eskutik.

Lanak ikerketa dokumental sakona, egilearen memoria pertsonala eta elkarrizketatutako pertsonen oroitzapenak batzen ditu. Nafarroako hainbat artxibo eta zinemak zeuden lokalak edo espazioak bisitatu dira. Gainera, zinemagintzari lotutako erakunde eta profesionalen dokumentu-ekarpenaz baliatu da. Bestalde, testigantza pertsonalak zutabe garrantzitsua izan dira zinema aretoetan eskuratutako bizipenak jasotzeko, erakunde editoreak azaldu duenez.

Argitalpenak 605 orrialde eta 400 aleko tirada ditu. 20 euroren truke eros daiteke Nafarroako Gobernuaren argitalpen-dendan (Navas de Tolosa kalea, Iruña) eta liburu-dendetan.

Iruñeko zinema-aretoen historia

Denbora-esparrua, 1940tik 1980ra bitartean, Nafarroako zinematografiaren historian bi mugarri nabarmenekin hasi eta amaitzen da: 1940an Vianako Printzea zinema inauguratu zen, Alberto Cañada autorearen ustez “Nafarroako hiriburuko zinematograforik dotoreena” zena; 1980an, ikerketa honen amaieran, Nafarroako lehen multizinearen inaugurazioa izan zen, zinema-emanaldiaren negozioaren funtsezko aldaketa.

Obra garaiaren testuinguru historiko eta sozialari buruzko introdukzioarekin hasten da. Nafarroako industria eta ekonomia-sarearen garapenetik, Iruñeko auzoen bilakaeratik, parrokien eraketatik edo negozioetatik hasi eta herriko bizilagunek egiten zituzten aisialdi, kirol eta musika-jarduerak bezalako alderdi zehatzagoetaraino.

Hurrengo bi kapituluek zinemagintzaren berezko ezaugarriak jasotzen dituzte. Lehenengoak Espainiako zinemaren ikuspegi orokorra azaltzen du, zentsuraren urteetatik abiatuta. Cañadak filmak proiektatzeko hainbat formatu aurkezten ditu, baita obrak jorratzen dituen lau hamarkadetan izan duten bilakaera ere, publiko mota eta proiekzioen antolaketa aldatzen doazen bitartean. Bigarrenak zinematografoaren egoera aurkezten du Nafarroako hiriburuan, "Urrezko garaia" deiturikoan (1940-1960), zinema areto enblematikoak ireki zirenean, telebista eta zineklubak iritsi arte (1960 eta 1980), zinema aretoen aurkari nagusiak.

Hainbat espazio eta sentsibilitate

Lanak zinema komertzialeko aretoei buruzko kapitulu bat du, besteak beste, SAIDE enpresak Iruñeko zinema komertzialaren monopolioa izan baitzuen hogei urtez (1942-1964). Hurrengo hamarkadetan Carmelo Echavarrenek kudeatutako Mikael eta Aitor zinemekin lehia sortu zitzaion.

Cañadak, gainera, hainbat urtez programazio erregularra, publikoari irekia eta irabazi-asmorik gabekoa izan zuten hainbat lokalen deskribapena egiten du: San Inazio ikastetxeko Loiola Aretoa, Santa Maria la Real ikastetxeko Champagnat aretoa, Salestarren gurasoen ikastetxea edo Calasanz ikastetxea, besteak beste. Autoreak El cine en 16 mm eta Agrupación Diocesana de Cines Parroquiales filmei buruzko kapitulu luze bat eskaintzen du, 50eko hamarkadan Iruñeko Elizbarrutiak sustatua eta ikastetxe, parrokia eta beste zentro batzuetan kokatutako 90 lokal ez-komertzialetarako programazio-sare bat sortu zuena.

Liburukiak zineramari buruzko kapitulu labur bat ere badu, 1971. urteko lau hilabetez Iruñean instalatua. Ondoren, Zinema publikoari buruzko kapituluan, Udalak finantzatutako doako proiekzioen kaleko jarduera horren laburpen kronologikoa egiten du Cañadak.

Obra zineklubei buruzko kapitulu batekin amaitzen da. Ikerketan aipatzen dira, besteak beste, Iruñeko Zinema Kluba, Lux Zinema Kluba, Unibertsitateko Zinema Kluba, Oberena Zinema Kluba eta Luis Lumière Zinema Kluba, programazioen eta zikloen irudiekin.

Iruñeko zinema-aretoak, sektorean aldaketa handiak izan dituzten lau hamarkaden errepasoa egiten duen liburu baten protagonista
"Los cines de Pamplona" liburuaren azala.

galeria

Zerrendara itzuli