Dantzaren profesionalek otsailaren 8ra arte, asteartea, izanen dute aukera beren proposamenak programan aurkezteko. Programa 6.000 eta 8.000 euro artean dago diruz hornitua.
Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak DNA 2022 Nafarroako Dantza Garaikidea programaren sorkuntza eta/edo ikerketarako lau egoitza artistikoen deialdiaren oinarriak argitaratu ditu. Eskaerak aurkezteko epea otsailaren 8an bukatuko da, asteartea.
Programa dantzaren profesionalentzat da, pertsona fisikoentzat nahiz juridikoentzat, Nafarroakoak izan edo Foru Komunitatearekin lotura dutenak izan. Ez dute edizio honetan aurkezterik izanen iazko egoitzen onuradunek.
Egoitzak 6.000 edo 8.000 euroz daude horniturik, eginen diren kultur ekipamenduen kokalekuaren arabera. Guztiak ere Nafarroako Antzoki Sareak aukeraturiko espazioetan garatuko dira eta bitartekaritza-jarduerak barnebiltzen dituzte proiektua eginen den espaziorako lehentasunezkoak diren entitate edo taldeekin.
Dantzaren eta arteen sustapena
Egoitzen helburu nagusiak dira, batetik, dantza garaikideko proiektuak sortzea, eta bestetik, mugimenduaren arteak eta dantza lurraldean sustatzea. Programak, halaber, sormenezko komunitatearen espiritua sustatzea du xede artista parte-hartzaileen artean, eta sektorean enplegua sortzea. Bestalde, publikoarekiko bitartekaritza lan horrek ingurune onuragarri bat sortu nahi du herrian arte-diziplina horietarako.
Egoitzek lau aste diraute, maiatzetik irailera, eta ez dute zertan elkarren segidakoak izanik. Egoitzetatik sortzen diren sormen proposamenak estreinaldi gisa emanen dira DNA 2023n.
Parte hartze aldera, konpainiek sorkuntza eta/edo ikerketa proiektuari buruzko txosten bat aurkeztu beharko dute, besteak beste honakoak jasota: helburuak, lan metodologia, publikoekiko bitartekaritza proposamena, eta egoitza-aldiaren bukaerako lagina.
Eskaerak eta aurkeztu beharreko agiriak programasydifusion@navarra.es posta elektronikora bidaliko dira edo, eskabide orokorraren bidez, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikora. Bestela, aurrez hitzordua eskaturik, Erregistro Bulegora eramanen dira, hau da, Iruñeko Navarreria kaleko 39ra.