Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

DNA programak amaiera eman dio 2021eko edizioari, dantza garaikidea lurraldera hurbiltzearen garrantzia azpimarratuz

2021/10/01

Konpainiek, kultur guneek eta erakundeek Atarrabiako kultur etxean egindako jardunaldi batean baloratu zituzten lau dantza proiektuak, hurrengo edizioan estreinatuko direnak.

DNA Nafarroako Dantza Garaikidea programak 2021eko edizioan garatu diren sorkuntza eta ikerketa egoitzen itxiera ospatu du gaur Atarrabiako kultur etxean. Jardunaldi horretan, aurten izan diren egoitza artistikoen laburpena eta balantze "oso positiboa" egin dute antolatzaileek, eta dantza taldeek euren esperientzia artistikoak partekatu ahal izan dituzte.

Antolakuntzak Nafarroako Antzoki Sareko kultur guneekiko lankidetza nabarmendu du, bertan gauzatu ahal izan baitira sormen-proiektuak publikoaren aurrean. "Horrela, lurraldeak garrantzi handia hartzen du dantzaren hedapenean eta ezagutzan", azaldu dute DNAkoek.

Ekitaldian izan dira Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundearen Kultur Ekintza Zerbitzuko kide batzuk, programa koordinatzen dutenak; lau egoitzetako dantza-taldeak; egoitzetako kultura-guneetako ordezkariak, Nafarroako Antzoki Sarea eta Baluarte Fundazioa.

Jardunaldian zehar, konpainien eta espazio kulturaletako teknikarien arteko topaketen laburpena egin da. Gainera, funtsezko ideiak eztabaidatu dira egoitzen, erakundeen, bitartekaritzaren eta publikoen arteko harremanari buruz. Ekitaldia amaitzeko, egonaldien laburpen-bideo bat eta ondorio nagusiak azaldu dituzte.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, "DNA-ren edizio bakoitza urrats bat gehiago da dantza garaikidea eta mugimenduaren arteak sustatzeko helburua betetzeko". DNAk dantzaren inguruko sormen-prozesu osoa estaltzen du, sorkuntzatik, egoitza artistikoekin, ekoizpenarekin eta erakusketarekin. "Prozesu hurbila da, eta aldeek lankidetza eta inplikazio estua dute". Egoitzak hartzeaz gain, DNAk 2020ko ikerketa-proiektuetan garatu ziren ikuskizunak estreinatu ditu aurten. Edizio honetan, berritasun gisa, emanaldi horiek astebeteko egoitza teknikoa egin ahal izan zuten, estreinaldiaren aurretik.

"Programaren alderik onena da konpainiei beren sormen-prozesuan laguntzea, ondo heldutako lan profesional baten emaitza erakutsi ahal izatea, esperientzia horiek partekatzen dituzten publikoekiko hurbiltasuna eta dantza garaikidearen sustapena komunean duten beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzea. Hori da, hain zuzen ere, hurrengo edizioetan aurrera egiten jarraitzea espero dugun bidea", gaineratu dute.

Egonaldiak

Aurten DNA programan garatu diren lau egoitza artistikoak hauek izan dira: Led Silhouetteren Los perros, Altsasuko Iortia Kultur Gunean garatu zena eta krisi testuinguru batean pasio-dantzaren bidez erresistentzia egoera bat lortzea proposatu zuena; Ghislaineren Sonidos del cuerpo 0 ∞ LUZ, Ribaforadako Juan Ducun auditoriumean, luzaroko "arreta zentratuak" zentzumen-pertzepzioan eragiten duen eraldaketari buruzko ikerketa; Zuk Dance-ren Yerma, koreografiaren eta ikus-entzunezko sorkuntzaren konbinazioa, Federico García Lorcaren lanan oinarrituta, Zizur Nagusiko kultur etxean eman zena; eta Qabalum Ciaren La levedad, Tafalla kulturgunean egin zena eta gorputzak espazioan duen portaera baldintzatzen duten printzipio fisikoak ikertu zituena.

DNA, gainera, Atalak sarearekin elkarlanean aritu zen, besteak beste, Eva Guerreroren egoitza hartzeko, Dantzaz konpainiarekin batera, Lizarrako Los Llanos kulturgunean.

Ekitaldian, artistek programako egoitzetan egindako egonaldia baloratu dute. Martxel Rodriguezek, Led Silhouetteko kideak eta 2021eko Talentua Artistikoaren Sustapenaren Saridunak, espazioko kultur teknikariekin eta koreografoarekin izandako harreman ona azpimarratu du, eta "oso egoitza emankorra eta berezia" izan dela esan du: "Proiektua hutsetik hasi zen, eta hilabete batean aurrera egin dugu kontzeptuan, eszenografian eta ideian; orain, argi daukagu apirileko estreinaldiari dagokionez norantz jo nahi dugun".

Itxaso Alvarez Cano Zuk Danceko kideak azaldu duenez, egonaldia "oso garrantzitsua” izan da bere konpainiarentzat. “Hiru urte egon gara proiektua aurrera eramateko nahian, baina ez genuen lortzen". Artistak positibotzat jo du "Nafarroako gune naturaletan ikus-entzunezkoen eta bideo-artearen zatia egin ahal izatea eta udan entseguak egitea, ekoizleekin, dantzariekin eta bideo arduradunekin batera". "Asko hausnartu eta aurreratu ahal izan dugu", gaineratu du.

Qabalum CIAk adierazi duenez, "oso prozesu aberasgarria izan da materiala bilatzeko, ideiak agertzen uzteko eta, ondoren, eraldatzeko".

Azkenik, Ghislainek adierazi duenez, "Ideiatik proiektu artistiko bat gauzatzera baldintza egokiekin eta proiektuak hartzen duen espazioaren eta lurraldearen jarrera sinestezinarekin, lan egiteko modurik onena da; zoragarria da behar izan dudan guztia esperimentatzeko aske sentitzea".

DNA

DNA da programa artistiko bat, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak Baluarte Fundazioarekin batera antolatua, eta helburu du dantza garaikidea eta mugimenduaren arteak sustatzea.

DNA programak amaiera eman dio 2021eko edizioari, dantza garaikidea lurraldera hurbiltzearen garrantzia azpimarratuz
Argazkia, Atarrabiako Kultur Etxearen kanpoko antolaketaren eta egoitza artistikoen arduradunekin.

galeria

Zerrendara itzuli