Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Cultur-Izan ekimenaren bigarren edizioak musika eta dantza tradizionalen inguruko tailerrak, hitzaldiak eta ikuskizunak eskainiko ditu 13 herritan

2024/06/17

Cultur-Izan programaren bigarren edizioak, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak sustatutakoak, 17 ekintza izango ditu udan, Foru Komunitateko 13 herritan

Kultura, Kirol eta Turismo kontseilari Rebeca Esnaolak aurkeztu du programazio berria, Museoen Zerbitzuko zuzendaria den Susana Irigarayrekin eta programazioaren komisarioak diren Marcos Andres Vierge eta Igor Saenz Abarzuzarekin batera, biak ere Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak eta ikertzaileak, gure komunitateko musika-ondare inmaterialarekin lotutakoak. Ekitaldia amaitzeko, Hexe Brass Boskotearen emanaldia izan da; hau da, Andoni Quiroz, Alvaro Alonso, Javier Hernandez, Oihan Villalobos eta Unai Marin musikariek Pablo Sarasateren ‘Navarra’ jota interpretatu dute, Iñigo Remirez de Ganuzaren moldaketekin.

2023an Cultur-Izanen lehen edizioak harrera ona izan zuela ikusita, programa berritzea erabaki da, Nafarroan kultura tradizionalean aritzen diren erakunde eta elkarteen proiektuei babesa ematen jarraitzeko. Esnaola kontseilariak azaldu du Cultur-Izan martxan jartzea “abiapuntua izan zela Musikaren, Dantzaren eta Ahozko Adierazpenen 2022ko Mahaian folklorearen sektoreak eskatutako ekimena abian jartzeko”. Gainera, “hori izan zen kulturaren sustraia, identifikatzen gaituzten eta gure iragana eta oraina eratu dituzten adierazpen artistikoen jatorria den programa baten hazia”, adierazi du. 

17 kultur ekintza

Programaren alderdi musikala eta prestakuntza-arloa abuztuaren 24tik urriaren 27ra bitartean garatuko da, nahiz eta edizio hau bihar, ekainak 18, hasiko den berrikuntza nabarmenetariko batekin. Hain zuzen ere, ‘Vestir la identidad/Identitatea janzten’ erakusketa da, Julio Caro Baroja Nafarroako Museo Etnologikoaren ekoizpena, Erronkariko Julian Gaiarre Museo Etxean erakutsiko dena bihartik hasi eta abenduaren 15era arte. Erakusketan, hainbat museo-pieza, marrazki, argazki eta dokumentu ikus ahal izango dira, erronkariarren jantzi bereizgarria eskualdeko jantzi ikoniko edo Nafarroako jantzi tradizional gisa erreproduzitzeko erabilitako euskarriak ilustratzen dituztenak. Nabarmentzekoak dira Iruñeko Emakumeen Saileko koru eta dantza taldearen Erronkariko jantziak, Pirinioetako haranetako jantziei buruzko liburukietarako “Artzai”-ren marrazki originalak eta Castell Anaien tailer ospetsuak egindako Erronkariko tipoen jaiotza-irudiak.

Programaren barruan, ahozko adierazpeneko, dantzako, musika instrumentaleko, ahots-musikako eta abesbatzako emanaldiak eskainiko dira Nafarroako hainbat herritan: Agoitz, Antsoain, Burlata, Biskarreta-Gerendiain, Cintruenigo,  Lizarra, Irurtzun, Murchante, Iruña, Zangoza, Tafalla, Tutera eta Atarrabia.

Berrikuntza gisa, aurten, ekitaldi profesionalen egutegia gehitu da, tradizioa kultura tradizionalaren arloko prestakuntzarekin, bitartekotzarekin eta berrikuntzarekin konbinatzearren. Horrela, sei prestakuntza-ekintza nabarmen gehituko zaizkio programari.

Arlo horretan, beste urte batez, Cultur-Izanek estatu-mailako egungo musikaren esparruko artista bat gonbidatu du, tradizioan errotua, ondare hori ulertzeko eta lantzeko duen modua publikoarekin partekatu dezan ikuspegi garaikidetik. Aurten, Rozalen abeslari mantxarrak emango du eskola magistrala Musikaren Hiriko auditorioan, urrian.

Jarduera guztiak doakoak izango dira, libreak ikuskizunetarako edukiera bete arte, eta aurrez izana eman beharko da prestakuntza-tailerretarako.

Programa osatu ahal izan da espazio eszenikoak laga dituzten udalen eta honako hauek bezalako beste erakunde batzuen lankidetzari esker: Nafarroako Museoa, Julio Caro Baroja Nafarroako Museo Etnologikoa, Julian Gayarre Fundazioa, NUP eta Hezkuntza Departamentuko Musikaren Hiria.

 

Cultur-Izan ekimenaren bigarren edizioak musika eta dantza tradizionalen inguruko tailerrak, hitzaldiak eta ikuskizunak eskainiko ditu 13 herritan

Zerrendara itzuli