Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

300 ikaslek parte hartzen dute Epizentroak proiektuan, gazte-literaturako kluben bidez irakurzaletasuna sustatzen duen ekimenean

2024/06/14

Epizentroak proiektua Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak bultzatu du, Liburutegi Zerbitzuaren bitartez eta Hezkuntza Departamentuarekin lankidetzan, eta gaur goizean amaitu da, Ibrahima Balde eta Amets Arzallus egileen ‘Hermanito:Miñan' gazte eleberri onenaren II. Epizentroak Saria emanez.

Nafarroako Liburutegiak programa honi amaiera emateko ekitaldia hartu du gaur goizean, eta bertan parte hartu dute Ignacio Apezteguía Vianako Printzea Erakundeko zuzendari nagusiak eta Gil Sevillano Hezkuntzako zuzendari nagusiak. Topaketan, parte hartu duten ikasleek gazte-literaturako idazleak elkarrizketatu ahal izan dituzte, pintura-jarduerak egin dituzte eta musika- eta antzerki-emanaldiak egin dituzte.

Epizentroek Foru Komunitateko hainbat ikastetxetako Bigarren Hezkuntzako ikasleekin gazteen irakurketa-klubak abian jartzea sustatzen dute. Edizio honetan 11 institutuk parte hartu dute (Basoko BHI, Calasanz BHI, Iparralde BHI, Julio Caro Baroja BHI, Padre Moret Irubide BHI eta Plaza de la Cruz BHI, Iruñekoa; Askatasuna BHI, Burlatakoa; Estella-Lizarrako Tierra Estella BHI; Marcillako Marqués de Villena BHI; Eguesibarreko Sarriguren BHI, Zizur Nagusiko BHI) eta ia 300 ikaslek DBHko 2. mailatik 4.era.

Urtarrila eta maiatza bitartean liburutegi publiko ezberdinetan ospatu diren hiru irakurketa klubetan, ikasleek aurretik aukeratutako eleberriak komentatu dituzte: "Hermanito: Miñan", Ibrahima Balde eta Amets Arzallusena; "Ane", Alaine Agirrerena eta "Como lágrimas en la lluvia", Jordi Sierra i Fabrarena. Saio horien ondoren, ikasleak berak erabaki du zein zen bere ustez hiru liburuetatik onena. Oraingo honetan, "Hermanito: Miñan" eleberriak irabazi du II. Epizentroak Saria.

Irakurketa-ohiturak garatzea

Proiektu honen azken helburua ikasleen artean irakurketa-ohiturak garatzea da, esparru akademikoan eta esparru akademikotik kanpo. Helburua irakurketa-klubak eta haien dinamikak ezagutzea da, eta nerabeek liburutegi publikoa ohiz kanpo bizitzea. Klub horietan komunikazio-trebetasun batzuk lantzen dira, eta elkarrizketa, enpatia, asertibitatea eta pentsamendu kritikoa bezalako balioen transmisioa sustatzen da.

Epizentroen aurreko edizioan, Maite Carranzaren "Una bala para el recuerdo" lana aukeratu zuten gazteentzako eleberri onena izateko. Lehen edizioa 2018an egin zen, baina pandemiak eten egin behar izan zuen bigarren edizioa. Aurten ere berreskuratu egin da, gazteen artean irakurzaletasuna bultzatzen jarraitzeko.

 

300 ikaslek parte hartzen dute Epizentroak proiektuan, gazte-literaturako kluben bidez irakurzaletasuna sustatzen duen ekimenean

Zerrendara itzuli