9 Eguzki programaren 2025eko edizioan, ikusarazi nahi dugu sormen artistikoak duen izaera surrealista, abstraktua, ziklikoa, fantasiazkoa eta magikoa.
Artea tresna bat da errealitatetik aldentzeko, objektibotasunetik eta haren etengabeko estimuluetatik (datuak, algoritmoak eta prozedurak) ihes egiteko. Sorkuntzek aukera emanen digute egun beldurtzen gaituen mundu honetatik atseden hartzeko. Espazio-ontzi batean bezala, oso urrun bidaiatzera bultzatuko gaituzte, distantzia hartu ahal izateko, goizero gainera datorkigun informazio-olde hori ulertu, barneratu eta digeritzeko. Ilargiak egunak eta urteak zehazten ditu, mareetan eragiten du, eta zalantza nabarmenak daude ez ote duen eragiten baita Lurreko izaki bizidun guztien orekan ere.
Bilakaera estatiko eta kontrolatuaren utopia, hormigoizko zutabeen gisako egitate sendoetan oinarritua, ez dator bat gizarteek eta gizabanakoek izaten ditugun gorabehera irrazionalekin. Ilargiak jota gaude uste badugu gure historia askoz ziklotimikoagoa dela lineala baino? Sophie Strand idazle iparramerikarrak “Species Lunation” saiakeran idatzi duenez, “duela soilik 2.000 urte, kulturak ilargi-zikloen arabera aritzen ziren. Behin-behinekotasuna eta zikloak hor egon dira gizateriaren historia guztian. Hala ere, egungo kulturak askotan nahasten ditu feminitatea eta ilargia, ilargi-eria eta eroa, pentsamendu ziklikoa zientziaren kontrakotzat jotzen du, baina, egiazki, ilargia gu guztiona da”. Eta, jarraian, zera dio: “Zer da ilargiaren jakinduria? Ilberrian ere, ilargia hor dago oraindik: beteta, osorik, baina baita hutsik ere, okluituta. Osotasun horrek galera gordetzen du samurki gorputzaren barnean. Ilargia zinetikoa da. Bultzatzen zaitu zure mugak desegitera, berretsi beharrean”.
9 Eguzki programaren edizio honetan, zentzua eman nahi diogu “ziklo” hitzari. Gure mugak desegin nahi ditugu, eta aldaketaren ideiari lotu une batez, sorkuntza artistikoaren ikuspegi surrealista eta abstraktu baten bidez. Denbora geldituko duen espazio batekin amets egin nahi dugu, zeinak aldatzera, eraldatzera eta beste forma batzuk hartzera bultzatuko baikaitu. Animatzen zaituztegu oporrak hartzera eta zazpi ekintza hauetan parte hartzera. Berdina duten gauza bakarra da erabat desberdinak direla.