Kultur 2022 programako kontzertua
Martzillan jaioa, Iosu Larumbek Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan egin zituen organo ikasketak Raúl del Toro irakaslearekin. Era berean, Hizkuntzaren eta Musika Hezkuntzaren Pedagogiako titulua atera zuen ikastetxe berean. Bere prestakuntzan zehar trebatze ikastaroetara joan da, honako hauekin, besteak beste: Jacques Ogg, Els Biesemans, Fabio Ciofini, Benoît Mernier, Michel Bouvard, GéraudGuillemot eta Daniel Roth.
2000. urteaz geroztik, pianista eta organo jole laguntzaile gisa lan egiten du Atarrabiako San Andres Abesbatzarekin batera, eta, aldi berean, komunitateko hainbat abesbatza talderekin kolaboratzen du. Jarduera horiez gain, organo jole liturgikoaren lanak egiten ditu hainbat parrokiatan. Musikari laguntzaile edo bakarlari gisa errezitaldiak eskaini ditu Nafarroako hainbat herritan.
2005az geroztik, irakasle gisa dihardu hainbat musika eskolatan, eta, batez ere, piano eta musika hezkuntzako eskolak ematen ditu, beste irakasgai batzuez gain.
Parisen bizi zen César Franck organo jole eta konpositore belgikarraren jaiotzaren bigarren mendeurrena ospatuko da 2022an. Organorako mugimendu erromantikoaren aitzindari izan zen, tresna horrek musika eszenan zuen papera bigarren mailan geratu baitzen Frantziako Iraultzaren ondoren. Hala, berriro ere garrantzizko eta ospe handiko lekura itzuli zuen organoa, bere konposizioei eman zien hizkuntzari esker, eta ondorengoen eskola bat sortu zuen, instrumentuari errepertorio erromantiko-sinfoniko handia emanez. Dituen ezaugarriengatik, errepertorio hori naturaltasunez bereganatuko du Leireko monasterioko organoak.
Emanaldia, funtsean, konpositore horri eta bere inguruari buruzkoa izango da, XIX. mendeko Parisen eta ondorengoengan utzi zuen ondarean oinarrituta.