Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

MARTZILLAKO DANTZARIAK ETA FALTZESKO MAKAIA DANTZA TALDEA

Kultur 2022

Espainia Plaza - Lodosa

2022ko uztailaren 22a, ostirala - 20.30etan

Kultur 2022 programako dantzak

Urtero, abuztuaren 24an, Martzillako dantzak egiten dira Pluko Andre Mariaren eta San Bartolomeren omenez. Bi kalejira egiten dira, agintariena eta prozesiokoa. Gainera, zaindariei eskaintzak egiten zaizkie parrokian, haien egun handian (abuztuaren 5ean eta 24an, hurrenez hurren), eta makil dantza (paloteado), pikoa, arku dantza eta jota dantzatzen dira. Musika Jose Luis Fraile iruindarrak konposatu zuen, eta, dantzetarako, Baztango Mari Cruz Goñi eta Amadeo Arretxearen laguntza izan zuten. Jantziak Marecilla Emakume Elkarteak eginak dira, eta urre koloreko xehetasunak, eskapularioak, kaskabiloak, Andre Mariaren dominak eta espartinak dituzte, besteak beste; horrez gain, Andre Mariaren egunean albaka banatzen da. Pertsonaia ospetsu batek ere parte hartzen du zikloan, bazter nahasleak (zascandil), koloretako trajea eta maskara jantzita; zaku batean, dantza bakoitzean erabiliko diren tresnak daramatza: makilak eta kriskitinak. Koloretako zintak eta kaskabilo handiak dituen makila bat ere badu, dantzariak prozesioan eta dantzetan gidatzeko.

Makaia dantza taldea 1988an sortu zuten Faltzesen, gure lurraldeko folklorea biziberritzeko eta mantentzeko asmoz. Urte hauetan, taldea finkatu egin da, eta, gaur egun, bi sekzio ditu: txikiena eta gazteena. 

1993an Faltzesko Dantzak estreinatu zituzten; bost pieza horien musika Bernardo de Zala y Galdeano faltzestar musikariaren liburuan dago jasota (liburua 1700. urtean argitaratu zen, Iruñean). Dantzetan, Faltzesen ohikoa den nekazaritza tresna bat erabiltzen dute, igitaia (hoz/foz). Ondoren, inauterietako dantzak egin zituzten. Hala ere, Nafarroa osoko dantzak daude taldearen errepertorioan: erriberako makil dantza, mendiko ingurutxoa, eta, nola ez, Nafarroako jotaren hainbat bertsio. Baina hori guztia ezinezkoa litzateke faltzestarren gogo bizirik eta laguntzarik gabe: orainaren bidez etorkizuna markatzen dugula esan ohi da, eta, horregatik, espero dugu gaur egun lantzen ari garen folklorea hurrengo belaunaldiei iristea.

Bilatzailea