Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Beietz!

Kultur 2022

Udal igerilekuak - Pueyo

2022ko uztailaren 2a, larunbata - 20.00etan

Kultur 2022 programako kontzertua

Folk-zelta doinuak, rock, punk edo reggae erritmoekin nahasten ditu Beietz! taldeak. Zeltik-parranda izena jarri diote estilo horri. Folk-rock indartsua, errebeldea, errebindikatzailea eta jatorra. 

Arbizuko talde honek bigarren diskoa aurkeztu du, Askatu Aingura, Peio Skalarik Arbizuko Studio Baten grabatua. Zortzi abesti ditu diskoak, eta Batera da lehenbiziko abestia; erreibindikatzailea da, azkarra, alaia, eta lau haizeetara oihukatzen digu ozeanoko olatuen indarraren parekoa dela marea morearen indarra. 

Diskoari izena ematen dion kantak, Askatu Aingura, itsas sakonetik aingura askatu eta lema hartzera gonbidatzen gaitu. Bide beretik, lotzen gaituzten kate horiek hausteko eta hegan egiteko koloretako mundu fantastikoetan murgiltzeko deia da Libre! abestia. 

Laugarren abestiarekin batera, lasaitasun gazi-gozoa dator; japoniar gereziondoaren hosto arrosakarak erortzean, maitaleek konexioa galtzen dute leihoaren hegian, Lehio hegian. Eta berreskuratu egiten dute Kale Gorrian abestian. Azken abesti horrek feeling izugarria du, larunbat gauetan tabernetan sortzen den hori. 

Bien bitartean, diskoak bila jarraitzen du Zure bila kantuan. Batzuetan noraezean galduta, zirkuluetan korrika... baina itxaropena galdu gabe. Gu abestien bila, eta haiek bero egoteko aterpe bila, kanpoan hotz handia egiten baitu. Hotz beltza, gu etxeko egongelan goxo gauden bitartean.

Eta amaitzeko, Udazkena abestiak, denborak aurrera egin arren, zapi urdina jantzi eta kalera parrandan ateratzera gonbidatzen gaitu.

Bilatzailea