Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Juan de la Rubia, klabeorganoa

Lizarrako Antzinako Musikaren Astea

Gurutzearen Eliza Gares - Gares

2018ko irailaren 4a, asteartea - 20.00etan

Jatorriz Vall d’Uixókoa (Castelló), Juan de la Rubia Bartzelonako Familia Santuaren Basilikako organista titularra da eta irakaslea Esmuc eskolan (Kataluniako Musikako Goi Mailako Eskola). Europako agertoki nagusietan eman ditu kontzertuak eta bai Latinoamerikan eta Asian ere, eta ikus-entzuleek eta kritikariek harrera bikaina egin izan diote. Azken urteetan, bere kontzertu-jarduera etengabea izan da, eta emanaldiak egin ditu hogei herrialdetan baino gehiagotan eta, besteak beste, hauetan: Madrilgo Musikako Auditorium Nazionalean, Bartzelonako Palaun, Berlingo Konzerthausen, Parisko Saint Sulpice basilikan, Leipzigeko Gewandhausen, Koloniako eta Westminster katedraletan (Londres), eta San Petersburgoko Mariinsky antzokian eta Philharmonian. Bakarlari aritu da Freiburger Barockorchesterrekin, Haendelen organorako kontzertuak eta Bachen kantatak interpretatzen, eta antzinako musikako instrumentu- eta ahots-talde desberdinetako zuzendari eta/edo kontinuista aritu da.

Johann Sebastian Bachi eskainitako bere diskoak “Urrezko melomano” saria eskuratu du, “erabateko errebelazio den lana” delako (Alejo Palau, 2016ko uztaila). ABC egunkariaren arabera, “urteko disko eder eta harrigarrienetako bat” da (Stefano Russomano, 2016ko iraila). Duela gutxi, bere azken CDa grabatu du, Antonio de Cabezónen musikasri eskainita, Bartzelonako Musikaren Museoko Hauslaib klabeorganoan. Scherzo aldizkariaren arabera, “esperientzia liluragarria zentzu guztietan”.

Aitarekin eta Ricardo Pitarchekin musika-ikasketak hasi eta gero, organoko eta pianoko prestakuntza hartu zuen Valentzian, Bartzelonan, Berlinen eta Okzitaniako Tolosan, eta bost sari berezi ere eskuratu zituen espezialitate desberdinetan. Bere irakasle izandakoen artean Óscar Candendo, Wolfgang Seifen, Michel Bouvard eta Montserrat Torrent daude. Azken hori babes handia izan zen bere prestakuntzan. Era berean, eskola magistralak eman dizkiote, esate baterako, Olivier Latry eta Ton Koopmanek. Bere errepertorioak antzinako musikatik egungo musikara arte doazen lanak hartzen ditu. Aitortza handiena lau arlotan iritsi zaio: Espainiako Errenazimentuko eta barrokoko teklaturako musika, Erromantizismoko lan handiak (barnean hartuta Wagner eta Brahmsen lanen transkripzioak. Azken horren kasuan, osorik transkribatu du 1. sinfonia, do minorren, Op. 68). 2003an lehen grabazio diskografikoa egin zuenetik, hamar disko kaleratu ditu bakarlari moduan. Beste arte-diziplina batzuetara zabalik, de la Rubia elkarlanean aritu izan da arte eszenikoetako pertsona ospetsuekin, hala nola Lluís Pasqual eta Nacho Duatorekin. Juan de la Rubia bere belaunaldian sari gehien jaso duen interpretatzaileetako bat da. Lortu dituen sarien artean, Espainiako Musika Gazterien Lehiaketa Iraunkorra nabarmendu behar da –inflexio-puntu erabakigarria ekarri zion bere musika-ibilbidean– eta Lehen Palau saria, Palau Kataluniako musikaren jauregiak emandakoa. 2012an, Reial Acadèmia Catalana de Belles Arts de Sant Jordi izenekoko kide izendatu zuten.

Programa

Antonio de Cabezón.
Un viaje en claviórgano por la Europa del siglo XVI

Es Dios tan liberal en las recompensas que da por lo que a los hombres quita, que por el usufructo de la vista corporal que quitó a Antonio de Cabezón, le dio una vista maravillosa del ánimo abriéndole los ojos del entendimiento para alcanzar las sutilezas grandes de este arte y llegar en ella a donde hombre humano jamás llegó.

Antonio de Cabezón 
(Castrillo Mota de Judíos, 1510 - Madrid, 1566)
Diferencias sobre la gallarda milanesa Diferencias sobre el canto del caballero Je prends en gré (Crecquillon) Je prends en gré (glosado) 

Hernando de Cabezón 
(1541-1602)
Douce memoire 

Antonio de Cabezón 
Pavana con su glosa Pavana italiana

William Byrd
(1538-1623)
The Queenes Alman Antonio de Cabezón Ancor che col partire 

Jacques Arcadelt 
(1507-1568)
Il bianco e dolce cigno 

Antonio de Cabezón 
Diferencias sobre el canto del caballero Diferencias sobre las vacas Tiento de quinto tono

Klabeorgano hau Lorenz Hauslaiben (Nurenberg, 1590 eta 1600 artean) klabeorganoan inspiratuta dago nagusiki, Bartzelonako Musikaren Museoan gordea (MDMB821).

Gutxi gorabeherako iraupena: ordu 1 eta 10 minutu.

Programaren oharrak

Gaur arratsaldeko kontzertuari bitxi etiketa jarri ahal izango genioke. Egiazki, ez da ohikoa kontzertu-programa bat eskaintzea klabeorganoa bezalako musika-tresna batek jotako musikari. Litekeena da gaur Santa Klaran eserita gauden gehienontzat musika-tresna hori entzuteko lehen aukera izatea. Ez dezagun lotsarik izan aitortzeko eta, hartara, agerian uzteko kulturaren arloan ditugun hutsuneak. Azken batean, ez da astero sortu ohi den aukera bat. Nik aitortzen dut, eta, agian nire prestakuntzarengatik, bai lotsagorritu beharko nukeela horregatik. Hitz hauek baliatu nahi nituzke lehen batean musika-esperientzia bitxi honetan aurkitu dezakegunaren zentzua pitin bat aztertzeko.

Has gaitezen informazioa emateko helburu hutsa duten ohar batzuk eginez. Eta hasieratik has gaitezen, musika-tresna azaltzen. Zer da zehazki klabeorgano bat? Klabezinaren eta organoaren arteko konbinazioaren emaitza da. Biak ala biak tekladunak, baina erabat desberdinak diren mekanismoak dituztenak. Organoan, airea hodietatik igarotzean sortzen da soinua; klabezinean, berriz, hariak zimikatzean sortzen da soinua. Hortaz, lehena aire-instrumentua da eta bigarrena hari punteatuko tresna. Egitean bi artisau desberdinek esku hartzen dute, bakoitza mekanismo baterako. Bi mekanismo, azkenean, bi tinbre edo hoskera oso desberdin sortzen dituztenak, bata bestetik ezin hobeto bereiztea ekartzen dutenak. Instrumentuak bizpahiru teklatu izan ditzake, hartara, klabezinaren soinua sortzeko, edo organoarena, edo bien nahasketa den soinua.

Dokumentuetan jasoa XV. mendearen amaieran ageri da lehenbiziko aldiz, Espainian. Gero, Ingalaterrara, Frantziara, Italiara, Alemaniara eta Europako gainerako tokietara zabaldu zen, eta goren unea XVI. eta XVII. mendeetan lortu zuen. XVIII. mendean oraindik ere Frantzian erabiltzen zuten, Clave organicé izenarekin. Mende horretan pianofortea garatzen hasi zenean –instrumentu honetan mekanismoa ez datza, klabezinean bezala, hariak zimikatzean, baizik eta mailu batekin kolpekatzean, hartara, soinu pianoak (leunak) eta forteak (larriak) lortzeko– piano egituratu izeneko instrumentu batekin ere esperimentatu zuten. XVIII. mendearen amaieran, nahasketa horietatik guztietatik organoak eta pianoak baino ez zuten iraun. Une gorena izan zuenean elizako hierarkiako goi mailetan oso estimatua izan zen musika-tresna hau, Aita Santuaren Kaperan eta bai katedraletan ere. Halaber, Europako herrialde nagusietako Errege Kaperetan ere aurkitzen dugu. Klabeorganoak ez du bere literatura, baina teklaturako mota guztietako lanak interpretatzeko gaitasuna du. Hona hemen aztertu nahi nukeen bigarren alderdia: instrumentuetarako literatura berekia. XVI. mendean, instrumentuetarako musikak tradizioa eta berrikuntza konbinatzeak markatutako etapa bat igaro zuen. Alde betetik, instrumentuetarako musikak berekiak zituen aurreko tradizioak lantzen jarraitzen zen, hau da, ahots-piezak instrumentuetarako egokitzea (eta oso ohikoa zen instrumentu tekladunetarako egokitzea) edo gregoriar doinuetan inspiratutako instrumentu-bertsioak, liturgietan erabiltzeko, eta bai musika-tresna ahots-konposizio bateko ahotsetako bat ordezteko erabiltzea. Baina tradizio horrekin batera, beren bidea, beren hizkuntza, bilatzen zuten instrumentuen piztea ere gertatu zen XVI. mendean. Pixkana ahots-musikatik independizatzen joan ziren, barrokoko esaten zaien mendeetan behin betiko emantzipatzera iristeko.

Bide horretan, batak bestea berrelikatzen duten bi elementu daude. Alde batetik, konposizio-energia, instrumentuetarako berekiak diren musika-forma berritzaileak agertzea ekarri zuena, adibidez, ricercar (Espainian tentua esaten zitzaion, imitaziozko izaera eduki zuen pieza bat, fugaren aitzindaria), tocata birtuosistikoa, tema bariazioekin (Espainian diferentzia esaten zitzaien) edo dantzarako musika, esaterako, pavana. Eta bestetik, eraikitze-energia, instrumentuen artisauek gauzatzen duten lana, ikertzeko nola lortu zurezko, metalezko eta harizko tresnak gai izatea soinuak sortzeko, beren ezaugarriak (tinbrea, intentsitate desberdinak lortzeko gaitasunak, tesitura zabalagoak), ahotsari lagun egin edo hura ordeztetik harago, beren kasa arte musikala adierazteko gai direnak. Eta hementxe koka dezakegu gaur arratsaldeko kontzertua bezalako bat entzuteko esperientzia. Testuinguru horretan kokatuta, musika egiteko modu berri bat pixkana bidea egiten doan hamarkada horietan, izateko ahotsik eta testurik behar ez duen musika. XX. mende betean begien bistako gauza iruditzen zaigu. XIX. mendean bertan, instrumentuetarako musika sentimenak adierazteko modu egokientzat jotzen zuten erromantikoek. XVIII. eta XVII. mendeetan indarra hartu zuen. Baina XVI. mendean, kontzeptu hori aurrera egiten ari zen oraindik.

Bilaketa-garaia da, eta, halakoa den heinean, esperimentaziokoa. Antonio de Cabezónen (1510-1566) lanek –Hernando semeak kaleratu zituen 1578an, Obras de música para tecla, arpa y vihuela  izenburupean– adierazten dute era berean jo daitezkeela hiru instrumentuetako edozeinetan, eta horrek agerian uzten du instrumentuetarako musikaren kontzeptu generikoa eta batetik bestera egokitzeko gaitasuna, interpretatzailearen inguruabarren edo aukeren mende. Oraindik musika-alderdi espresiboak axola du tinbrikoaren gainetik. Edo, bestela esanda, tinbrearen alderdia bigarren mailakoa da. Hortik konposizio batek instrumentu batean edo bestean nolako soinua izan dezakeen probatzeko aukera. Edo bi konbinatzen dituen batean. Egun, zurrunagoak gara. Chopinen musika gustatzen zaigu isats handiko piano batean, eta Steinway bat bada, hobeto. Garbizaleoi kirrinka egiten digu Bachen klabezinerako pieza bat piano elektriko batean jota entzuteak. XVI. mendean, musikaren funtsera iristeko gaur galdu dugun gaitasun bat zuten agian. Uste dut irekiagoak zirela. Antonio de Cabezónen lana konposizio moduan zen ezagutua; beste gauza bat zen interpretazioa musika-tresna batean edo bestean egitea. Edo are gehiagotan. Bere handitasunaren zati bat tinbre batekin edo beste batekin interpretatua izateko eskaintzen zuen aukeran zegoen.

Juan de la Rubiak programan Hernando de Cabezónen testu bat jasotzen du, aitaren gainekoa. Hitz ederren bidez, azaltzen du Karlos I.aren eta Felipe II.aren Errege Kaperako organistak, itsua izanda txikitatik, nola egin zuen aurrera soinu garbiaren adierazkortasunaren bilaketaren bide berri horretan, ahots abestuaren laguntzarik gabe: “Jainkoa hain liberala da gizakiei kentzen dienarengatik ematen dien ordainetan, ezen Antonio de Cabezóni kendu zion gorputz-ikusmenaren gozamenarengatik espirituaren ikusmen zoragarria eman baitzion, ulermenaren begiak zabalduta arte honen sotiltasunak lortzeko eta hartan iristeko gizakia inoiz iritsi ez zen tokira”.

Kontzertu hau gogoa zabaltzeko da, XVI. mendean bezala, bilatzeko eta berritzeko gaitasunera. Gure musika-lehentasunen sorta zabaltzeko aukera handi eta paregabea.

Manuel Horno
Musikologoa

Bilatzailea