Oteiza Museoak Karlos Martínez B. eta Javier Arbizu artisten “Macla, mamua, bismuto, vicario” erakusketa proiektua aurkezten du
Oteiza Museorako berariaz egindako interbentzio hau “Hazitegia” programako lehena da
Oteiza Museoaren produkzioa, Huarte Arte Garaikideko Zentroaren partaidetza. Lankideak: “la Caixa” Fundazioa, Nafarroako Kutxa Fundazioa, Eguesibarko Udala eta Caniche Argitaletxea.
Oteiza Museoak “Macla, mamua, bismuto, vicario” erakusketa proiektua aurkezten du. Oteizaren obrari buruzko erakusketa interbentzio hau Karlos Martínez B. eta Javier Arbizu artistek berariaz ondu dute Altzuzako zentrorako eta Hazitegia programako lehen interbentzioa izango da.
Oteiza Museoak eta Huarte Arte Garaikideko Zentroak sustaturiko programa horren lehenengo interbentzioa da eta bi zentro horien produkzio eta erakusketa inguruneak elkartzeko borondateak bideratu du, sorkuntza garaikidetik abiaturik Jorge Oteizaren obrari buruzko gogoeta-agertoki berriak sorraraztearren.
Bi artista horiek iaz Huarte Zentroan egindako ikerketa eta produkzio egonaldiarekin abiatu zen proiektua. Egonaldiak proiektu bat zehazteko aukera eman zien autoreei eta Corrales eta Molezún-ek 1966an eraiki zuten Madrilgo Huarte Etxe ospetsu horretan egindako interbentzioan mamitu zen, zeina jardunaldi bakarrekoa izan zen 2018ko otsailaren 17an, Caniche Argitaletxearen ekoizpena zela bide.
Macla, mamua, bismuto, vicario proiektuak orain Oteiza Museoak, 2018ko uztailaren 27tik azaroaren 30era, bere baitan hartzen duen erakusketa interbentzioarekin jarraitzen du, ondokoa hauek lankide dituela: “la Caixa” Fundazioa eta Nafarroako Kutxa Fundazioa, InnovaCultura programaren barnean, eta Eguesibarko Udala.
Proiektu honen abiaburua “makla”ren ideia da, Oteizak hala izendaturiko obra sailarekin loturikoa; obra horiek bi bolumen edo gehiagoren fusioak sorturik daude eta beren atalen arteko harremanek aktibatu dituzte. Une honetatik aurrera, interbentzioak eskultura alderdia eta objektu alderdia elkartzeko era berezia proposatzen du, material eta objektuen ezaugarri propioak nahasten dituzten interbentzio sotilen bidez, zeinek esanahi errepertorio berria sortzen duten eta, era askean, ondoko hauekin lotzen dutenak: Museoaren espazioa, Oteizaren obraren eraikitze moldeak eta eskultorikoa etengabeko eraldatze prozesutzat hartzea.
Bismutoaren presentzia, forma geometrikoetan kristaltzen den minerala, proposamenaren ildoetako bat da, gorputz josiaren ideiaz lan egiten duena, baita doblearen kontuaz ere, “etengabe bete gabea den” eskultura baten mamitzat harturik, Jorge Oteizak definitu zuen bezalaxe.
Proiektua ez dago obra batzuen erakusketa soil baten gisa pentsatua, piezek (hamazazpi guztira) interbentzio bat eta bera osatzen baitute, zeina Oteiza Museoko espazio desberdinetan erakusten den, eraikuntzaren kanpoaldea ere horietako bat dela. Pieza horietako bakoitza espazio beraren elementu aktibatzaile gisa pentsaturik dago, baita eskultorikoaren katalizatzaile gisa ere, material eta prozesu eratzaile garaikideak oinarri harturik.
Interbentzioa argitalpen homonimo batekin osatzen da, bi interbentzioetan zeharreko ikus-ibilbide osoa barne hartzen duena, eta Rosa Lleó, Plataforma Green Parrot-eko komisario eta zuzendariaren testu bat du osagarri.