XXII. mendeko bigarren erdian, Ikaerie XB espazio-ontzian doan tripulazioa Alfa Centauri konstelaziora doa bizitza estralurtarra dagoen ikustera. Misioak 28 hilabete besterik ez ditu irauten, baina Lurrera itzultzen direnean bertan dagoeneko 28 urte igaro dira. Bidaian mundu osoko 40 zientzilarik parte hartzen dute eta elkarrekin bizitzen ikasi behar dute, hainbat peripezia bizitzeaz gainera. Gertatzen zaizkien gauzen artean, XX. mendeko espazio-ontzi batekin egiten duten topaketa dago. Gainera, bidaiarietako batek buruko arazoak ditu eta “izar beltz” erradioaktiboaren ondorioz sortutako sintomak ere pairatzen dituzte.
Stanislaw Lem idazle poloniarraren Magallanesko hodeia nobelaren egokitzapena da film hau. Idatzizko obra 1955an argitaratu zen eta etorkizuneko gizarte komunista utopiko baten inguruko istorioa kontatzen du. Gizarte horrek eguzki sistema osoa kolonizatzea lortzen du eta izarrarteko lehen bidaia abiatzen du.
Pelikula honetan ageri den espazio-ontziaren disenua (korridore luzeak, bideokonferentziak eta jantziak, besteak beste) ondorengo urteetan egindako hainbat pelikulatan eragina izan zuen, hala nola, 2001, A Space Odissey (Stanley Kubrick, 1968), Solaris (A. Trakivski, 1972), Alien (R. Scott, 1979), Intersetellar (Ch. Nolan, 2014) edota Star
Trek seriean (era berean, Ipar Ameriketako film klasiko batean -1956ko Planeta debekatua pelikulan- oinarritutako robot bat ageri da film honetan).
Cahiers du Cinema-ko zinema kritiko Pierre Kastek esan zuen moduan: “pelikula hau zientzia fikzioa maite duen persona orok behin eta berriz ikusi dezake, eta etengabe gozatuko du; gainera, pelikula hau oso aproposa da zientzia fikzioa maite ez duten pertsonek genero horrek zineman egiten dituen ekarpen itzela ulertu dezaten”.
Ikarie XB1 pelikulak 1963.urteko Festival del film di fantascienza di Triestejaialdiko Sari Handia, Urrezko Asteroidea, jaso zuen (Chris Markerren La Jetée filmarekin konpartitu zuen saria).