Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Mutazio poetikoa. Natura bizia Angel Ferranten objektuetan, 1945-1950

Oteiza Museoa - Alzuza

2017/03/23 - 2017/05/28
Komisarioa: Clara Eslaba. Erakusketaren diseinua: Javier Balda

Ekoizpena: Oteiza Museoa. 

Laguntzaileak: Nafarroako Gobernua, Nafarroako Museo Sarea, Caja Navarra Fundazioa, Eguesibarko Udala eta Iruñerriko Mankomunitatea

Bere ibilbide osoan zehar, Angel Ferrantek (Madril, 1890 – 1961) batera eraman zituen sorkuntza-jarduera bizia eta artetiko lan pedagogikoa. Artistak Oteizarekin partekatu zuen pedagogiarekiko interesa, eta modu aktibo batean bilatu zuen mundua haurraren heziketa estetikoaren bidez eraldatzea, aldi berean bere obra lotuz naturalak bere haurtzaroko oroitzapenetan utzitako aztarnarekin. Mutazio poetikoa. Natura bizia Angel Ferranten objektuetan, 1945-1950 proiektuak gogoetarako espazio bat proposatzen du, Ferranten obrako naturalaren eta eskultorikoaren arteko erlazioari dagokionez. Gogoeta hori garatzeko, Oteiza Museoak hartzen dituen erakusketa-proiektua eta gela esperimentala izango dira, argitalpen monografiko baten edizioarekin batera.

Oteiza Museoak produzitzen duen erakusketa-proiektu honek (2017ko martxoak 23-maiatzak 28) Clara Eslaba du komisario, eta laguntzaile ditu Eguesibarko Udala, Caja Navarra Fundazioa eta Iruñerriko Mankomunitatea. Guztira 60 eskultura, autorearen argazki original eta elementu dokumental aurkezten ditu, XX. mendeko 40ko hamarkadan zehar garatu zituen lanekin eskultorikoa berrikusteko eta eraldatzeko prozesuan parte hartu eta hori bizitasun eta konpromiso espazioetarantz proiektatu zuen artista honen obran naturalak utzitako aztarnaren erakusgarri. Ez da ahantzi behar artista eta pedagogo hau izan zela, 1932an, II. Errepublikaren Gobernuaren enkarguz ateratako arte-irakaskuntza berritzeko “Ferrant Planaren” egilea (horren eraginez, ondoren irakaskuntzarako gaitasungabetuta egon zen), eta Gerra Zibilean zehar Pradoko Museoaren ondarea salbatzeko eta ebakuatzeko plana gidatu zuen.

Erakusketa-proiektu honen mamia Ferranten Objektu aurkituen aukera bat da, hots, Fiobreko hondartza galiziarrean zeharreko paseoetan aurkitu zituen materialak mihiztatuz 1945ean egindako pieza multzo bat; izan ere, aurkitutako maskor, kortxo, harri-koskor, amu edo zur zatiekin oroitzapenez beteriko unibertso bat sortu zuen, aldi berean eskultura birdefinituz haurtzaroko keinuen eta sortze bultzadaren bat egitearen emaitzatzat. Obra horiek anbiguotasuna jorratzen dute, mimesiaren eta metaforaren artean, eta eskultura birdefinitzen dute kasual, aldakor, mugikor edo irekitik, Ferrantek bizitza osoan zehar esploratu zituen-eta printzipio horiek.

Erakusketan artistaren artxibo originaleko argazkiak eta dokumentuak daude -gaur egun Valladolideko Patio Herreriano Museoko Asociación Arte Contemporáneo-ren Bildumako Ferrant Artxiboan dago gordeta artxiboa-, eta baita 1945 eta 1950 bitartean egindako obra multzo bat ere, hark eskulturagintza bizitza-xedetzat ulertzeko zuen moduan naturaren oroitzapenak utzitako aztarna osatzeko. Proiektuko beste elementu bat argitalpen monografiko bat izango da, atal grafiko eta dokumental zabal batez eta bi analisi testuz osatua, proiektuaren komisario Clara Eslabarena baita bata eta Oteiza Museoaren Didaktikako arduradun Aitziber Urtasunena bestea.

Gela Esperimentala

Proiektuaren osagarri, gela esperimental bat izango da, haur eta heldu publikoari zuzendua. Bertan izango dira erakusketa ikusgarri dagoen bitarterako programatutako jarduera pedagogikoak, eta gonbidapen iraunkorra egingo du ekintza ludikotik sortze praktika bat garatzeko. Gelaren helburua da erakusketarako bisitaren esperientzia haurraren zein helduaren sorkuntzara zabaldutako lan eremu batez aktibatzea. Gelan naturako materialak aurkitu ahal izango dira, hala nola harriak, zurak edo hostoak, eta laneko mahaiak, tornuak, idazteko espazio librea eta argi-intentsitate desberdineko zonak, sortze lana ahalbidetzearren.

Ferrantek uste zuen “artea ez dela erakusten, sagarra fabrikatzen ez den arrazoi beragatik”.  Filosofia didaktiko horretan oinarrituta, gelak bilaketa-eremu gisa jardungo du erakusketa ikustera banaka hurbiltzen den ororentzat, eta lanerako eremua izango da erakusketa bisitatzen duten eskoletako irakasleentzat. Erakusketaren aurretiko lan gisa, Iruñeko Frantzisko Deuna Ikastetxe Publikoarekin egin da lan, egin dituzten natur inguruetarako irteera batzuk behatuz eta argazkiz jasoz, Getariako hondartzara egin zutena esaterako. Irteera horietan bildutako materialak gela esperimentalari gehituko zaizkio, laneko materialtzat. Gelan bertan ere badauzkagu Antonio Eslaba artistak eta Iruñeko Arte Eskolak lagatako laneko materialak.

Proiektu hau Asociación Arte Contemporáneo-Patio Herreriano Museoaren Bildumaren, Centro de Arte Reina Sofía Museo Nazionalaren eta zenbait bilduma partikularren lankidetzari esker izan da posible.

Clara Eslava Cabanellas 

Clara Eslaba Cabanellas Madrilgo Unibertsitate Politeknikoaren doktorea (2015) eta Nafarroako Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren goi mailako arkitektoa (2000) da, eta irakaskuntza eta ikerkuntza bateratzen ditu bere jarduera profesionalean. “eslava y tejada arquitectos” estudioaren fundatzaileetakoa da, eta gaur egun estetika, diseinu eta proiektu irakasle elkartua da Madrilgo Antonio de Nebrija Unibertsitatean. Territorios de la infancia (2005) liburua koordinatu du, eta ikergai ditu espazioaren haurtzaroko esperientzia eta horrek arkitekturako proiektuko sortze prozesuarekin dituen loturak; zenbait ponentzia eta argitalpen ditu hedabide espezializatuetan, proiektuaren teoriaren, arkitekturaren eta pedagogiaren, haurtzaroaren eta hiriaren inguruan. Duela gutxi Huellas de infancia en el impulso creativo. Ámbitos primigenios izeneko doktore tesia irakurri du, Juan Navarro Baldeweg-en zuzendaritzapean.

Jarduera pedagogikoak

Lantegia familian. Artea eta objektu aurkituak

Lantegi honek Angel Ferrant artistaren unibertsora hurbiltzea proposatuko du. Horretarako, Oteiza Museoko erakusketan zehar ibilbidea egin, eta material eta objektu aurkituen poetika esperimentatuko dugu. Partaideek bere eskulturak sortu eta materialak eta berauen testuinguruak ikertuko dituzte.

Bisita eta esperientzia lantegia. Apirilak 15, gaztelaniaz. Apirilak 16, euskaraz. 11:00 – 13:00 h. 6 eta 11 urte bitarteko haurrak heldu batek lagunduta. Toki kopuru mugatua. Aurrez izena eman behar da 948.332074 telefonoan edo didactica@museooteiza.org helbidean.

Haurrentzako lantegia. Natura Museoan sartzen da

Erakusketak Angel Ferrant artistaren obra multzo bat erakusten du. Horretan, hondartzako ingurune naturaleko materialak erabiliz hark eskultore gisa garatzen duen sortze prozesua ikusten da. Eszenatoki hori oinarri harturik, eta bilketa kontzeptutik abiatuta, Eguesibarren aurkitzen diren material naturalak eraldatuko ditugu, arte-lengoaia desberdinak landuz horretarako, hala nola marrazkia, grabatua edo eskultura.

Lantegiek erlazioa dute elkarrekin, baina modu independentean funtzionatzen dute. Beraz, ez dago derrigorrean lau egunetan izena eman beharrik.

Apirilak 18, 19, 20 eta 21. Gaztelaniaz eta euskaraz. 09:30etik 13:30 arte. 6 eta 11 urte bitarteko haurrak. Toki kopuru mugatua. Aurrez izena eman behar da 948 332074 telefonoan edo didactica@museooteiza.org helbidean.

Ikustaldi gidatuak ikuslego orokorrarentzat

  • Martxoak 26, igandea, 11:30 h. Ikustaldi gidatua erakusketaren komisario Clara Eslabarekin.
  • Apirilak 16, igandea, 11:30 h. Ikustaldi gidatua Museoko Didaktika arduradun Aitziber Urtasunekin.
  • Doakoak dira, aurrez Museoko sarrera aurkeztuta. Aurrez izena ematea komeni da, 948.332074 telefonoan edo didactica@museooteiza.org helbidean.

Uraren eta lurraren soinuak lantegia Mikel Artze artistarekin

Errotaren beraren ingurua harturik lanerako eszenatoki, zenbait lan-ariketa egingo ditugu, naturako soinu-pieza baten prozesua eta eraikuntza ulertzen lagundu dezaten. Laneko prozesuan partaide bakoitzak bere mikrofonoak egin, soinuak erregistratu eta bere pieza editatuko du.

Apirilak 8, larunbata, 11:00etatik 18:00ak arte, eta apirilak 9, igandea, 11:00etatik 13:00ak arte.

Tokia: San Andres Errota, Atarrabia. Partaideak: sortzaileak, hezitzaileak eta soinu-artearen sortze prozesuetan interesatutako publiko heldua. Toki kopuru mugatua. Aurrez izena eman behar da didactica@museooteiza.org helbidean

Irakasleentzako lantegi ikustaldia. Artea, bizitza-xed

Angel Ferrantek, bere bizitza osoan zehar, lan handia egin zuen arte-hezkuntzako irakasle gisa, eta bat egin zuen hezkuntza ireki, kritiko eta esperimentala bultzatzen zuen Eskola Berriaren filosofiarekin. Haren irakaspenak eta eskulturan egin zuen obra oinarri harturik, erakusketa aztertuko dugu, ikasgelarako lantresna bihurtzearren.

Haur eta Lehen Hezkuntza: martxoak 28. 17:00etatik 20:00ak arte.

Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa: martxoak 29. 17:00etatik 20:00ak arte.

Doakoa. Aurrez izena eman behar da didactica@museooteiza.org helbidean

Bilatzailea