9 EGUZKI Nafarroako Museoko Behatokira itzuliko da edizio berri batean, zeru mugagabearen pean. 9 hitzordu, presentziaren artearekin. Hizkuntza plastiko, eszeniko eta soinudun berriekin esperimentatzen duten 9 ekintza artistiko.
Aurten, lehenbiziko bi esku-hartzeak, ekainaren 26an eta uztailaren 3an, Museoko plazan egingo dira, ospakizun moduan. Izan ere, duela berrogeita hamar urte, egun hauetan eta kale hauetan, Iruñeko Topaketak egin ziren. Historiak oraindik ere gogoan duen gertakari artistiko bakana.
9 EGUZKI 2022 zikloak bat egingo du 1972ko Topaketen 50. urteurrenaren kulturaprogramazioarekin, Ramón Andrés zuzendari artistiko, saiakeragile eta poetaren aldarrikapena bere eginez: elementu eraldatzaile eta gogoetarako moduan uler dadila kultura. Hartara, forma eta interes anitzetatik, artista gonbidatuek nolabaiteko intentsitatearekin interpelatu egingo dute munduan dugun iritzia eta ustea. Haien jardunetik tratatuko diren alderdietako batzuk hauek dira: nola ulertu bestea edo erlazionatu makinekin; nola berrikusi kontaketa hegemonikoak edo hitza eman isilduari; nola izan kontziente gorputzen, irudien eta objektuen arteko erlazioaz; nola eraman ideia bat bere mugaraino; nola igaro sorkuntza baten protagonista izatera eta nola aitortu sozialki artistaren lana. Gogoeta horiek eta beste batzuk agertuko dira forma edo keinu artistiko baten pean, agerian geldituko dena ikus-entzuleekiko topaketa eta presentzia ekintza batean.
KOMISARIOA: Alexandra Baurès