Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

2021 Edizioa

37. edizioa

Irailak 17 - Urriak 29

XX. mendeko laurogeiko hamarkada jardun eta interes handiko garaia izan zen Espainia osoan. Nafarroa ez zen salbuespena izan; izan ere, 1984an abian jarri ziren organoaren inguruan Nafarroan gaur egungo kulturan ezinbestekoak diren bi elementu: Organoaren Lagunen Nafarroako Elkartea eta "Organo musika Nafarroan" zikloa. Garai hartan, Organoaren Lagunen Nafarroako Elkartearen helburuen eta jardueren ondorio izan zen zikloa (elkarte horrek sortu eta hasiera eman zion) eta berehala jaso zuen Nafarroako Gobernuaren laguntza instituzionala. Urte batzuk geroago, Kultura Departamentuak bere programen artean sartu zuen jaialdi hau eta Organoaren Lagunen Nafarroako Elkarteko kideek aholkua eta laguntza eman zioten zenbait urtez.

Denboran zehar, egoerak eta bizitza, eskuarki, aldatuz joan dira eta, batzuetan, aldaketa hori traumatikoa gertatu da. Bi entitate horien buru izan diren pertsonak aldatzen joan dira eta haietako batzuk jadanik ez daude gure artean eta haien ordez beste batzuk ari dira orain, zeinek ideia eta ekarpen berriak ekarri baitituzte, xede bera abiapuntu badute ere. Nolanahi ere, "Organo musika Nafarroan" zikloa antolatzen segitu da urte eta egoera horietan guztietan eta gure kulturaren alde apustu egiten segitu da. Esan behar da, Nafarroan, oso dela garrantzitsua, bai ikuspuntu historikotik, bai ondarearen aldetik ere. Hain da aberatsa organoarekin zerikusia duen oro gure komunitatean, ezen honelako ziklo batek aukera anitz ematen baitu gai anitz eta diferenteekin lotzeko. Halaber, aukera ematen du jakiteko munduan zer dagoen organoaren inguruan. Batetik, interpreteak ditugu, musika-proposamen klasiko eta berriekin datozkigunak, eta, bestetik, askotariko formatuak , hala nola solasaldiak, hitzaldiak, musika inprobisatuko proiekzioak, ikusizko arte zuzenean sortzea musika inprobisatuarekin batera, eta antzeko beste proposamen batzuk (halakoak egin dira gurean azken urteotan).

Jaialdi honen beste kualitate bat da, orobat, urte osoan zehar mantentzen duela zuzendaritza artistikoa, kulturaren inguruko zernahi elkarte, entitate edo partikularrekin eta, bereziki, organoaren ingurukoekin batera. Hartara, harreman estu eta usu hau islatzen da zikloak urtero aurkezten dituen programazioetan eta zikloari dimentsio handia emateko modua da, Nafarroan gaur egun egiten den kulturaren isla eta eragile aktibo moduan. Hausnarketa honen barnean sar dezakegu zikloaren ekitaldi batzuk Alesbesen estreinakoz antolatzea aurten, Alesbesko Udalarekin eta herri horretako barrokoa sustatzen duen elkartearen laguntzari esker. Hausnarketa horren parte ere bada Beran antolatu den kontzertua, Valentín Larrea omentzeko. Valentín pianista eta konpositore gipuzkoarra izan zen eta lanik handiena Iruñean egin zuen. Familiak Valentínen lana hedatzeko egindako ahaleginek lehen fruitua eman du aurtengo zikloan.

Halaber, badira zikloak berekin dakartzan alderdi baikor gehiago, esaterako, beste behin Iruñeko Domingotarren komentua aurkeztea musika jarduerak egiteko toki paregabe moduan. Komentu horretan dago Iruñeko organorik ospetsuenetako bat eta horrek laguntzen du helburu hau gauzatzen, leku hori bizitzen ari den trantsizio-une delikatuan.

Laburbilduz, "Organo musika Nafarroan" zikloak 37. edizioa du aurten eta organoaren eta gure kulturaren ondarea sustatzeko tresna da, bai gure komunitatean, bai kanpoan. Hala, aukera dugu interprete handiak entzuteko, dela jadanik ospea dutenak, dela beren ibilbidearen hasieran daudenak eta, horretaz gainera, gure tresnak modu batean baino gehiagotan jotzen ikusteko eta, orobat, gure kontserbatorioetan organo ikasketak egiten ari diren ikasleak ezagutzeko. Azkenik, ondare honen beharraz  eta ahalaz sozialki kontzientziatzeko modu bat da, bide berriak erabiliz, kulturari ekarpena egiteko. Azken finean, herritar guziendako bizitza kontzienteagoa, ederragoa eta aberasgarriagoa bilatzea da xede.

José Luis Echechipía París

"Organo musika Nafarroan" zikloaren zuzendari artistikoa

 

.

2021 Edizioa