Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

2019: Tomás Yerro

Nafar Idazleen Elkarteak proposatu du haren hautagaitza, eta honako hau nabarmendu du hari buruz:

Tomás Yerro Villanueva (Lerin, 1950), Filologia Erromanikoan lizentziatua Nafarroako Unibertsitatean, Espainiako Hizkuntza eta Literaturako Batxilergoko katedraduna izan da, eta Nafarroako Unibertsitateko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionaleko eta Francisco Indurain Adinekoentzako Unibertsitateko irakaslea ere bai.

Nafarroako prentsan ohiko zutabegilea da, eta hainbat aldizkari zientifikotan idatzi du, hala nola Cuadernos de pedagogía, Revista de filología y su didáctica edo Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra. Río Arga poesia aldizkaria zuzendu zuen, non sarritan idatzi duen, eta Hezkuntza eta Kultura Ministerioak argitaratutako Ítaca hezkuntza aldizkariaren sortzailea eta lehen zuzendaria izan zen, baita Nafarroako Geriatria eta Gerontologia Elkarteak argitaratutako Cuadernos gerontológicosen argitalpen batzordeko kidea ere. Nafar Ateneoaren sorreran parte hartu zuen, eta Amado Alonso Fundazioaren patronatuko kide ere bada. 1991tik 1995era Nafarroako Gobernuko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria izan zen, eta 1995 eta 1999 bitartean, aldiz, Kulturako zuzendari nagusia.

Besteak beste, honako obra hauek idatzi ditu: Aspectos técnicos y estructurales de la novela española actual (1977), “Río Arga” revista poética navarra: estudio y antología (Charo Fuentesekin batera, 1988), Escritores navarros actuales: antología (koord. 1990),  Narrativa española actual 1993-1997 (1998), Por la senda del Quijote (koord. 2005) eta Amado Alonso: El español de las dos orillas (koord. 2014). Hainbat lan kolektibotan hartu du parte, eta beste autore batzuen hainbat argitalpenen hitzaurrea edo sarrerako azterlana idatzi du.

Irakasle, hizlari edo sari-epaimahaikide gisa, Nafarroako kultura erakunde gehienekin aritu da lankidetzan. Azpimarratzekoa da, gainera, urte askoan Nafarroako bizitza kulturalean parte-hartze oso aktiboa eta bizia izan duela, eskuzabaltasun osoz, batez ere literaturarekin zerikusia duen orotan.

Tomás Yerrok hainbat meritu ditu: sortzailea da, batez ere poesiaren arloan; aditu eta ikertzaile ezaguna ere bai, bere bizitza profesionalaren zatirik handiena arlo horretan eman duela eta  erretiroa hartu ondoren ere horretan jarraitzen duela; eta, oro har, gaztelaniazko literaturaren —eta, bereziki, Nafarroako literaturaren— dibulgatzaile nekaezin gisa egin duen lana.

2019: Tomás Yerro

Bilatzailea