[Sarrera doan edukiera bete arte]
San Migel eliza. Larraga 2018/08/30 | 19.30etan
Santa Klara Eliza 2018/09/03 | 20.15etan
Gurutzearen eliza 2018/09/04 | 20.00etan
Leireko monasterioa 2018/09/15
Santa Fe. Urraúl Alto 2018/09/22 | 18.00etan
Erriberriko Paradorea 2018/09/23 19.00etan
San Esteban. Bera 2018/09/29 | 18.00etan
Santo Domingo komentua. Iruña 2018/10/06 | 18.00etan
Leiewko monasterioa. Yesa 2018/10/07 | 12.45etan
Doneztebe/Santesteban. San Pedro. 2018/10/12 | 11.00etan
Doneztebe/Santesteban. Herrigune 2018/10/12 | 17.30etan
Doneztebe/Santesteban. San Pedro 12/10/2018 | 19:30h.
11:45 - 13:30 | Katedrala.
10:30 - 13:00 | Katedraleko klaustroa.
17:00 | Almirantearen etxea.
20:45 | Katedrala.
Tafallako Andre Maria eliza 2018/10/20 | 17.45etan
San Nikolas eliza. Iruña. 2018/10/27 | 18.00etan
San Nikolas eliza. Iruña. 2018/11/03 | 18.00etan
Askatasuna, horra zer diren haizea eta musika. Ez ditugu ikusten, sentitzen baizik. Betidanik, naturan berean, elkarren lagun min.
Haizeak musika sortzen du naturan; musika desberdina, zer objekturi edo zer izaki biziduni lotzen zaion. Gizakiari hori aski litzaioke miragarri horri so atsegin hartzeko. Alabaina, isuri sortzailea dugun izakiak gara eta behar izaten dugu isuri hori nola edo hala ase. Musika tresnak horrexegatik asmatu ditugu, bertzeak bertze organoa, musika egiteko makina bat, barrenean ehunka edo milaka hodi dauzkana, forma eta neurri desberdinetakoak, haizea modu desberdinetan dardararazten dutenak; elementu horien soinuak ezin konta ahala modutan konbinatzen ahal ditugu, naturaren dinamikaren itxuran, nahiz eta inoiz ez hura bezain jori. Musika tresna honek, bederen, badu dohain bat: haraindikotasunaren zentzua suspertzen dio entzuleari, edo, aldiz, hurbilenarekin, bizitzan dagoen xumeenarekin lotzen. Eta hori guztia, nobleziaz beti.
Gure kulturaren testigu konplexu, aberats, zahar, gaur egungo eta ederra dugu; ezin, beraz, erabili ongi etorri egiten dion mundu eta gizarte honetatik aparte dagoen zerbait balitz bezala; ez da inoiz halakoa izan, eta gizarteek berek modelatuz joan dira beren izaeren arabera. Milaka urte ditu organoaren historiak eta, hala ere, inoiz ez da izan, gure inguruan bederen, gaur egun bezain isolatua eta ezezaguna. Horregatik, duela zenbait urtez geroztik, “Organo Musika Nafarroan” zikloa bere apurra egiten ari da gure instrumentua berriz ere izan dadin garai batean zen hura: Kulturaren, Zientziaren, Espiritualtasunaren, Artearen edo Literaturaren alor desberdinek pertsonen arteko harremanaren bidez elkar topatzeko bitartekoa; hori aberasten saiatzen gara gure gaurko testuinguru orokor nahiz tokikoan oinarrituriko ikuspegiarekin. Hagitz interesgarria da ohartzea zer desberdin diren zikloko bi emanaldi, non eta horrela. Tuteran nola Donezteben bertzela, Beran hola Tafallan hala, eta erdian Iruña, hiriburua den aldetik hainbertze eskaintzen duena, eta hain gabezia handikoa, jotzaileen, entzuleen eta antolatzaileen arteko giza hurbiltasunaz den bezainbatean.
Organoaren bertze alderdi interesgarri bat, kultur ondasuna den aldetik: haren ahalmena, herri tikietako biztanleak batzen dituzten elementuetariko bat bilakatzeko. Arrunt eskergarria da ikustea jende mota guztiengan pizten duen interesa, aditzera ematen zaielarik musika tresna interesgarria dutela herriko elizan. Interes horretan faktore desberdinak gurutzatzen dira belaunaldi bakoitzean: haurtzaroko oroitzapenak, adineko jendeak kontatzen duelarik nola laguntzen zion organistari haizearen hauspoari eraginez; kontzientzia, herri batek bere ondarea zaindu ezean bere funtsa galtzeko arriskua duela; instrumentu baten deskubrimendua, bazenik ere ez zekien jendearen aldetik...
Aurten, “Organo Musika Nafarroan” jaialdiak lehenago inoiz urratu gabeko tokiak bisitatuko ditu, hala nola Santa Fe, Urraulbeitin, eta Erriberriko paradorea, bi toki bikain Erdi Aroko musika egiteko eta entzuteko. Organoa konbinatuko du bere ohiko esparruan batere ohikoak ez diren musika tresnekin, bertzeak bertze organo eta perkusioko kontzertu bat, erran ohi denez, labetik atera berriko obrekin osatua, eta bertze bat, saxofoi eta organokoa, interpreteek berek instrumentuen konbinazio horretarako egokitutako errepertorioetan barneratuko dena. Aurten, behin berriz, elkarlanean ariko da Larragako organo zikloarekin, eta bisita eginen zaio Leireko Monasterioari eta bere organo sinfoniko bikainari, baita Berako San Estebango organo erromantiko entzutetsuari ere. Tafallak organo eta tronpetako kontzertu bati irekiko dizkio besoak; konbinaketa hau berezkoa du, baina ikuspegi pertsonalaz jantzia etorriko da oraingoan.
Gurea bezalako ziklo bat ospakizun bat izaten da beti; gure organoen aberastasuna eta aniztasuna oroitarazten digu, baita Musikak gure historian izan duen garrantzia ere. Aurten, bi ekitalditan, besta giroan erreibindikatuko dugu jaialdia bereganatzen duten herriek ondare hau kontuan hartu, merezi bezala zaindu eta haren balioa zabaldu beharra, herri bakoitzaren nortasunaren parte den aldetik. Egiteko franko dago alde horretatik, baina horrek, inor uzkurtu beharrean, lan horri buru-belarri lotzeko pizgarria da.
Azkenik, erran beharra dago gure organo zikloak handitu egin duela gure herriko alor desberdinetako erakunde, elkarte eta batasunak elkarretaratzeko eremua izateko bere isuria. Entitate horiek bidea ematen dute zikloa aberasteko, gizatiarragoa egiten baitute eta etekin gehiago ateratzen baitzaie herri bakoitzak eta jarduketa esparru bakoitzak ematen dituen aukerei. Alde horretatik, goretsi egin behar da Organoaren Lagunen Nafarroako Elkartearen (ANAO) laguntza; ziklo honi berak eman zion hasiera 1984 hartan. Laguntza horrek bidea emanen du lagun interesdun eta interesgarrien partaidetza modu eraginkorragoan gauzatzeko gurea bezalako jaialdi batean.
Haizea topaleku, gogoeta-bide, esperientzia-iturri... Haizea arte bihurtua.
Ongi etorri guztiei!
José Luis Echechipía París
“Organo musika Nafarroan”
zikloko zuzendari artistikoa