Premio Príncipe de Viana 2012
Antonio López García (Tomelloso, Ciudad Real, 1936) espainiar margolari nabarmenetakoa da. Nekazari familia bateko lau neba-arreben artean zaharrena da eta bere osaba Antonio López Torresen lehen eragin piktorikoak jaso zituen. 1949an Madrilera joan zen San Fernandoko Arte Ederretako Akademian sartzeko eta 1950 eta 1955 artean ikasi zuen. Aldi horretan, Enrique Gran, Amalia Avia eta Lucio Muñoz artistekin egin zuen topo, besteak beste. 1955ean, beka batekin joan zen Italiara, eta bertatik bertara ezagutu zuen Errenazimentuko pintura. Ikasketak amaitu ondoren bakarkako lehen erakusketak egin zituen Madrilen. 1961ean Maria Moreno margolariarekin ezkondu zen. Bi alaba dituzte: Maria eta Carmen. 1965etik 1969ra arte, San Fernandoko Arte Ederretako Eskolan kolorea prestatzeko katedrako irakasle arduraduna izan zen.
Antonio Lopezen lana XX. mendeko abangoardia artistikoen estilo bereizgarrietatik at dago, baita errealismoarekin zerikusia izan dutenetatik ere. Bere lanen gauzatze prozesua hainbat urtetan zehar garatzen da, batzuetan hamarkadetan, erreasmazio mantso eta hausnartuarekin, eta xehetasunaren tratamendu betearekin, argazkigintzatik hurbil, margotzen duen objektuaren, pertsonaiaren edo paisaiaren esentziaren beraren bila.
1983an, Arte Ederren Merezimenduaren Urrezko Domina eskuratu zuen, eta 1985ean, Arteen Asturiasko Printzea Saria. 1993an, San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiako kide oso izendatu zuten; 1998an, Prado Museoko Errege Patronatuko kide 2009ra arte; eta 2004an, New Yorkeko America Academy of Art and Letterseko kide.
1990ean, Victor Erice zinema zuzendariak El sol del membrillo filmatu zuen, non artistaren sormen prozesua jasotzen den, bere etxeko patioko irasagar bat margotzen duen bitartean. Bere obraren beste erakusketa berri batzuk Bostongo Arte Ederren Museoan (2008), Bilboko Arte Ederren Museoan eta Thyssen Bornemisza Museoan (2011) egin dira.
2006tik, Nafarroako Unibertsitateak Iruñean antolatzen duen Figurazio Maisuen Pintura Tailerreko zuzendaria da.