Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

2004: Fernando Redón Huici, arkitektoak

Vianako Printzea Saria 2004​

Fernando Redon Huicik (Iruñea, 1929) batxilergoa ikasi zuen Iruñeko Marista Anaien Ikastetxean, eta Arkitektura Bartzelonako eta Madrilgo Goi Eskoletan.

Iruñeko Nafarroa Behereko etorbideko Huarte Etxearen eta Hiedretako eraikinaren (1959), Uharteko Dorreen (1963) eta Ultzamako Golf Klubaren (1964) proiektu arkitektonikoen egilea da. Azken bi lan horiek Javier Guibertekin elkarlanean egin zituen; bi arkitekto horien lanak Hogar y Arquitectura aldizkariaren ale berezi batean jaso ziren 1967an.

Hurrengo urteetan, bigarren Uharte Etxea eraiki zuen Manga del Mar Minorren (1969), Olatzagutiako Portland lantegiaren Kontrol Zentroa (1972), eta, arkitekto barnezale gisa, hainbat negozio lokal eraiki zituen Iruñean (1973), Manuel Sagastumerekin elkarlanean, 1979ra arte. 1974an, Nueva Forma aldizkariak Redonen lan arkitektonikoari buruzko ale monografiko bat argitaratu zuen. 1976an Clinca Ubarmin eraiki zuen, 1992an Sevillako Erakusketa Unibertsalaren Nafarroako pabiloia, eta 1996an Iruñeko Alde Zaharra oinezkoentzat jartzeko lanak proiektatu eta zuzendu zituen.

1979tik, hainbat kargu instituzional izan ditu kultura arloan, eta akademikoak unibertsitatean. Urte horretan, Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuko aholkulari izan zen, eta, ondoren, Vianako Printzea Erakundeko zuzendari. 1983an, Kultura Ministerioko aholkulari izendatu zuten. 1983an Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolako Proiektu irakasle sartu zen, 1990era arte. 1995eko ekainetik Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluko presidentea da.

Argazkilari bikaina ere bada (1979an bigarren saria eskuratu zuen Nikon Nazioarteko Argazki Lehiaketan, Japonian), baita diseinatzaile grafikoa ere. 80ko hamarkadan natura eta arteari buruzko argitalpenen diseinatzaile eta editore, katalogoen egile eta Nafarroako ondare artistikoaren hainbat erakusketen komisario gisa jardun zuen. Arlo honetan honako hauek argitaratu zituen: Navarra: Guía ecológica (1980), Fernando Pérez Ollorekin elkarlanean, eta Paseos naturalísticos, Pérez Ollo eta Jesús Elóseguirekin elkarlanean; El retablo de Aralar y otras esmaltes navarros (1982) erakusketaren komisarioa izan zen; La arqueta de Leyre y otras esculturas medievales de Navarra (1983), Asunción Orbe eta Fernando Pérez Ollorekin elkarlanean, Navarra: Historia y Arte (1984) liburua diseinatu zuen, eta El parque natural pirenaico en Navarra: Larra-Belagua (1986). 1986 eta 1988 artean Nafarroako urregintza erakusketaren bi edizioetako komisarioa izan zen, I eta II. Navarra desde el aire liburuaren eta argazkien egilea da.

Bilatzailea