Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

1997: Pedro Miguel Echenique, fisikoa

Vianako printzearen saria 1997​

Pedro Miguel Echenique Landiríbar (Isaba, Nafarroa, 1950) egoera solidoaren fisikan espezializatutako zientzialari bat da, gaur egun Materia Kondentsatuaren Fisikako katedraduna Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) eta Donostia International Physics Center (DIPC) ikerketa-zentroko presidentea.

Zientzia Fisikoetan lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean 1972an, lizentziaturako aparteko sariarekin eta karrera amaierako sariarekin 1973an. 1976an Fisikako Philosophical doktore (PhD) gradua lortu zuen Cambridgeko Unibertsitatean, eta 1977an Fisikako doktorea izan zen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, non 1978an doktorego sari berezia lortu baitzuen. 1976tik Oak Ridgeko Laborategi Nazionaleko aholkularia da (Tennessee, AEB). Doktoretza-ondokoa egin zuen, lehenengo, ikertzaile bisitari gisa Oak Ridge Laborategi Nazionalean, eta, gero, Fellow Nordita gisa Kopenhageko Bohr Institutuan. Hainbat egonaldi egin zituen Lunden eta Goteborgen (Suedia), 1976 eta 1977 artean. 1979an, Egoera Solidoaren Fisikako katedradun lanpostua irabazi zuen Bartzelonako Unibertsitatean.

1980 eta 1983 artean, lehen Eusko Jaurlaritzako kide izan zen, Hezkuntza eta Kulturako sailburu eta Jaurlaritzaren bozeramaile gisa. Jardun horretan, Euskara Normalizatzeko Legea bultzatu zuen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistema abiarazi zuen, bai eta teknologia-zentroak sortu eta ikasketa-bekak nazioartekotu ere.

Etapa politiko horren ondoren, Unibertsitatera itzuli zen, lehenik Cambridge-n, Cavendish laborategiko irakasle bisitari gisa, eta, azkenik, Euskal Herriko Unibertsitatera (EHU), Materia Kondentsatuaren Fisikako katedradun gisa. Gaur egun, gainera, EHUri lotutako bi erakunde eta ikerketa-zentroren presidentea da: Donostia International Physics Center (DIPC, 1999an sortua) eta Nanozientziako Ikerketa Kooperatiboko Zentroa (CICnanoGUNE, 2006). 2007 eta 2012 artean, Jakiunderen lehen presidentea izan zen (Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademia), eta orain ohorezko presidentea da, baita Euskampus Fundazioko presidenteordea ere (Euskal Herriko Unibertsitateko Nazioarteko Bikaintasun Campusa). Materialen Fisika Zentroaren (CFM) sustatzaile izan zen. Erakunde horretan Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseilariak (CSIC) eta Euskal Herriko Unibertsitateak parte hartu zuten, eta lehen zuzendaria izan zen. CSICen kontseilu errektoreko kide (2001-2007) eta Berrikuntzaren Euskal Agentzia-Innobasqueren presidenteorde (2008-2012) izan zen.

Ikerketa zientifikoaren ikertzaile eta sustatzaile gisa, hainbat sari eta aintzatespen jaso ditu, besteak beste: Overseas Fellow del Churchill College, Cambridge, Ingalaterra (1985); Eusko Jaurlaritzaren domina (1990); Xabier María de Munibe Teknologia eta Zientzia Saria (1996); Dupont de Ciencia Saria (1996); Euskadi de Investigación Saria (1996); Viana de la Cultura Printzea saria (1997); Euskal Herriko Unibertsitateko urrezko domina. (1998); Hijo Predilecto de la Villa de Isaba. (1998); Alfontso X.a Jakitunaren Gurutze Handia (1998); Ikerketa Zientifiko Teknikoko Asturiasko Printzearen Saria (1998); Fisikako Max Planck Saria (1998); Donostiako Urrezko Domina (2000); Zientzia eta Teknologiako Iberdrola Saria (2002); Espainiako Fisika Elkartearen urrezko domina (2002); Irujo Etxea Fundazioaren Manuel de Irujo Saria (2003); Blas Cabrera Ikerketa Sari Nazionala (2005); Gipuzkoako urrezko domina (2006); Foreign Member of the Académicos mie Royale des Sciences, des Lettres et des Beaux-Arts de Belgique (2009); Manel Xifra i Boada de Comunicación CientíficoTécnica saria (2010); Sabino Arana saria (2011); Liberpress Camins saria (2012) eta Lanbide Heziketarekiko konpromisoaren HETEL saria (2012).

Bilatzailea