es | eu

Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

SESMA

UR TTANTTA BAKAR BATEKIN

Abuztuaren 18tik urriaren 6ra arte.

Eskultura, apainketa.

2018ko Landarten Sesmak espartzuaren tradizioan sakontzen segituko du, Marijose Recalde artistaren eskutik 

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren arte eta landatartasun programaren bigarren edizio honetan Sesmak diseinuko estalki bat sortuko du espartzuarekin Altzuzako erromeriarako. Iaz, herriko bizilagunek eta Marijose Recalde artista plastikoak “La Espartina” sortu zuten, udalerrian landare horrekin mendez mende lan egin duten emakume guztien omenez.

Sesmak artearen eta landatartasunaren Landarte programan hartuko du parte berriz ere eta, gainera, jarraipena emanen dio bere lehen esperientziari, espartzuaren artisautzaren tradizioa berreskuratzeko proiektu batekin; horretan, berriz ere, Nafarroako Gobernuko Museoen Zerbitzuarekin eta Marijose Recalde artistarekin arituko da lankidetzan.

Oraingoan espartzuzko estalki bat osatuko du, itzala emateko Sesmako zenbait tokitan. Espartzuzko olanen edo eguzkitakoen arazoa da astunak izan ohi direla; beraz, nafar sortzailearen laguntzaz, egiturak arintzeko modua asmatuko dute, espartzua eta beste material batzuk nahasiz, estaltzeaz gain, apaingarri ere izanen direnak.

Ekintza nagusia Altzuzako erromerian gauzatuko da, herriko kuadrilla guztiak bertaratzen diren ospakizunean. Talde bakoitzak espartzuzko bere panela eginen du diseinu eta marrazki desberdinekin. Urtero, itzala emateko erabiliko da, bai erromerian erabiltzen diren gurdietan, bai landan. Han perimetro-egitura bat eraikiko dute eta hark ainguralekuak izanen ditu panelak jarri eta kentzeko.

Proiektu hau gauzatzeko, Marijose Recaldek espartzua txirikordatzeko antzea erakutsiko die bi astez langintza horretan ez dakitenei. Ondoren, Sesmako herritarrek segituko dute urtean zehar lana burutzen, artistaren gainbegiradapean.

Joan den urteko edizioan, herriko bizilagunek eta Marijose Recalde artista plastikoak “La Espartina” eskultura sortu zuten, udalerrian landare horrekin hainbat eta hainbat urtez lan egin duten emakume guztien omenez. Izan ere, espartzua Sesmako familia askoren ogibidea izan da. Dakigunaren arabera, herria gutxienez ere XIX. mendearen bukaeraz geroztik egon da espartzugintzari lotua. Bizilagunek 6 urte eskasekin ikasten zuten langintza. Gaur egun apirilean antolatzen den azoka handi batekin gogoratzen dituzte garai zahar horiek.

Mari Jose Recalde

Nafar eskultore eta margolari garaikide hau Iruñean sortu zen 1964an. Marrazketa ikasketak egin zituen bere sorterriko Arte eta Lanbideetako Eskolan eta Arte Ederretako litzentzia eskuratu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, 1990ean. 1987an pinturako lehen saria lortu zuen Arte plastikoen Nafar Sariketan. Orduz gero, hainbat sari eskuratu ditu.

Bere ibilbide profesionalean zehar 30 bat banakako erakusketa egin ditu, honako hauek izanik nabarmentzekoak: “Viaje al conocimiento”, Nafarroako Unibertsitate Publikoan; “Siempre que hay Alegría”, Nafarroako Museoan, eta “El lado dulce de la vida”, Donostiako Arteko galerian. Taldeko 50 erakusketa baino gehiagotan ere parte hartu du. Haren lana hainbat bildumatan dago: Nafarroako Kutxa Bilduman, Caja España Bilduman, CIEC Fundazioaren Bilduman, Nafarroako Museokoan, Iruñeko eta Güeñesko udalekoetan.

http://www.948merkatua.com/es/agenda-de-actividades/2017-11-16/espectaculos/marijose-recalde

SESMA