es | eu

Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Saria

"El silencio de las flores", José Lainez eta Concha Martínezek, 2017ko Vianako Printzea Sariak, dantza zabaltzeko aukeratutako koreografia aurkeztu da.

2017an Kulturaren Vianako Printzea sarian jasotako zenbatekoa “El silencio de las flores”, dantza ikuskizun garaikidearen obraren estreineko ekitaldira bideratzea erabaki dute José Lainez eta Concha Martínez koreografoek. Iralaren 22an, Barañaingo Auditoriumean, aurkeztuko den muntai honekin, koreografoek dantza zabaldu nahi dute. Sarrera doakoa da eta gonbidapena lehiatilan jaso beharko da. 

Gaur goizean aurkeztu dute obra, eta aurkezpen-lanetan ibili dira Mamen Oroz eta Marta Coronado Nafarroako Gobernuko Kultura Ekintzako zuzendaria eta arte-zuzendaria hurrenez hurren; Laida Aldaz eta Carmen Larraz proiektuaren koreografia-laguntzaileak; eta José Lainez eta Concha Martínez Kulturaren Viana Printzearen 2017ko sarituak.

“El silencio de las flores” ikuskizuneko partaideek koreografo-bikote horrekin lan egin dute uneren batean, karreran zehar. Hasteko, Marta Coronado aipa genezake, Bruselan bizi den arte-zuzendari, dantzari eta koreografo nafarra. Yauzkari taldeko kideetako bat da, Pablo Juanko dantzariarekin batera. Bestalde, Carmen Larraz, Laida Aldaz eta Cristina Goñi Nafarroako Gobernuaren Dantza Eskolako ikasleak izan dira, José Lainez zuzendaria eta Concha Martinez Dantza Klasikoa Saileko irakaslea eta arduraduna zirenean. 

Cristina Goñi, Pablo Juanko, Laida Aldaz, Carmen Larraz eta Marta Coronado sortzaile eta interpretatzaileen “El silencio de las flores” ikuskizunaren koreografia Marta Coronadok izenpetuta dago. Laida Aldaz eta Carmen Larraz arduratu dira laguntza koreografikoaz eta ekoizpenaz. Eta David Bernués, berriz, argi-diseinuaz, muntaketa teknikoaz eta koordinazioaz. Jantziez, MG. Musika Erik Satie, Heitor Villalobos eta Antonio Ruiz Ripó egileek izenpetuta dago. Eta Mikel Muruzabal arduratu da sustapeneko argazkiez.

Barañaingo Entzunaretoa eta Iturramako Civivox izan dira obraren egoitza artistikoak. 

Proiektuaren sinopsia

Isiltasuna soinuaren erabateko absentzia baldin bada, giza komunikazioaren eremuan hitz egiteari uko egitea ere bada. Soinu absentziak, ordea, ez du beti esan nahi komunikaziorik ez dagoenik. Isiltasuna solemnea izan daiteke, argigarria. 

Obra honek isiltasunaren barrena bidaiatzea proposatzen digu, zarataren absentzia ez ezik irudien gelditasuna, kontzeptu etenak eta ez-hitzezko harremanean ere errepara dezagun. Isiltasuna sortze- eta bilaketa-tresnatzat hartzea bat egiten gaituenaren kausa bilatzeko, eta harremanen inguruan ikertzeko. Isiltasunaren talde-introspekzioa, haren hutsarekin eta osotasunarekin.

Marta Coronado, koreografo nafarra

Iruñean jaio zen, eta Nafarroako Gobernuaren Dantza Eskola Ofizialean dantza-ikasketak egin zituen. José Lainezen Yauzkari konpainian dantzan hasi zenean ekin zion lanbide-karrerari. 1996an, Bruselara bidaiatu zuen P.A.R.T.S. eskolan ikasten jarraitzeko asmoz. 1998an, Anne Teresa De Keersmaeker-en Rosas konpainian dantzan hasi zen.

2002ko denboraldian Bessie Saria jaso zuen (New York Dance and Performance Award) haren prestazio artistikoagatik. 

2008an, P.A.R.T.S eskolan Rosas-en errepertorioaren zuzendarikide moduan ekin zion lanbide-ibilbideari, “Drumming” eta “Re-rain” proiektuekin. Gaur egun, entseguen zuzendaria da Rosas konpainiako errepertorioen atalean.

Irakasle gonbidatua izan da Vienan (ImPulzTanz), Madrilen, Amsterdamen (Theatre School), Buenos Airesen, Hong Kongen, San Paolon, Caracasen, Johannesburgon edo La Raffinerien (Brusela); eta hainbat konpainietan ere, horien artean Última vez, Thor Company eta Marsellako Ballet Nazionala.

2009an hasi zen koreografo-lanetan, La Salle Singaporen, CDC Toulousen, Fueradelejen eta Dantzaz Kompainian sortze-lanak egiteko eskatu ziotenean.

2011n, House of Bertha taldea sortu zuen. 2013an, PHD In One Night proiektuan parte hartu zuen.

Egun, “Orfeo and Manjun” proiekturako La Monnaie operan koreografo gonbidatua da, eta Anne Teresa De Keesrmaeker-en koreografo laguntzailea Broadwayn, “West Side Story” musikala berregiteko.

Iruñeko La Faktoria koreografia-zentroko zuzendarikidea da, Laida Aldaz eta Carmen Larrazekin batera. 

Saria