es | eu

Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Sari-banaketa

Barkos Lehendakariak azpimarratu du Arangurenek “ikusle kritikoak prestatzen” lagundu duela eta “arte dramatikorako zaletasuna erein” duela. Barkosek berak eman dio Vianako Printzearen 2016ko Kultura Saria institutuko katedradun eta antzerki-zuzendariari, eta ekitaldia Erriberriko Errege Jauregian egin da, lehenbizikoz.

Barkos Lehendakariak azpimarratu du Arangurenek “ikusle kritikoak prestatzen” lagundu duela eta “arte dramatikorako zaletasuna erein” duela. Barkosek berak eman dio Vianako Printzearen 2016ko Kultura Saria institutuko katedradun eta antzerki-zuzendariari, eta ekitaldia Erriberriko Errege Jauregian egin da, lehenbizikoz.

Nafarroako Lehendakari Uxue Barkosek, hitza hartu duenean, azpimarratu du Ignacio Arangurenek “ikusle kiritikoak prestatu eta arte dramatikorako zaletasuna erein” duela. Horixe esan du Nafarroako Gobernuak Ignacio Aranguren institutuko katedradun eta Navarro Villoslada ikastetxeko antzerki-tailerraren sortzaile eta zuzendariari egokitu dion Vianako Printzearen 2016ko Kultura Saria emateko ekitaldian.

Ekitaldi hori Erriberriko Errege Jauregian egin dute lehendabizikoz. Jauregiak lotura estua du lehen Vianako Printzearekin, Carlos Trastámara y Evreuxekin, han eman baitzuen bizitzaren gehiengoa. Bere garaian Europako Erdi Aroko gaztelu luxuzkoena omen zen.

SARITUAREN HITZAK

Ignacio Arangurenek, ezer baino lehen, eskerrak eman dizkie Nafarroako Gobernuari eta Nafarroako Kultura kontseilariari.

Gero, honako hau adierazi du: “Kultura eta hezkuntza eremu berean daude, horien asmoa baita guk hobeto elkar ulertzea, lehendabizi geure burua, pertsona eta gizarte gisa, eta gero gure inguruko mundu zorabiagarria. Eta hezkuntzak eta kulturak agertoki batean topo egiteko beharra dute”.

Arangurenek antzerki nafarrari eskaini dio saria, antzerki profesional zein ez profesionalari, eta, horrez gain, zera adierazi du: “antzezlanen ibilbidea arriskutsua izaten da gehiegitan, baina atseginez eta askatasunez egiten da beti. Eta sari hau bihotz-bihotzez eskaini nahi diet, halaber, nire lankideei, eskolak amaitzen dituztenean txalo-hotsaren ordez txirrin-hotsa entzuten duten irakasleei”.

Aurrez, sarituaren ikasle den Alfredo Sanzol dramagile, antzezle eta antzerkiko zuzendariak saritua goraipatu du, irakasle izan zueneko urteak gogora ekarriz: “Antzerkia joko oso serioa da, teknika eta arauak ezinbestekoak dituen jostaleku bat. Askatasun-eremu bat da, baina baita konpromiso-eremu bat ere. Ignaciok erakusten zigun gure papera ikuskizunean funtsezkoa zela. Guk erabateko konpromisoa hartzen ez bagenuen multzo osoa kaltetzen zela. Ezin dut azaldu zer sentitu nuen konturatu nintzenean ez zela gauza bera ni agertokian egotea ala ez egotea. Ez zela berdin nik arreta galtzea ala ez galtzea. Lehenbizikoz duineko sentitu nintzen. Sentitu nuen paper bat nuela, erantzukizun bat nuela beste inork nire ordez har ez zezakeena, eta nik egiten nuenak eragin erabakigarria izango zuela azken emaitzan”.

EKITALDIAREN NONDIK NORAKOAK

Ekitaldia Jauregiko patioan egin dute, eta zutoihal batekin eta bi enblemadun oihalekin apainduta zegoen. Ekitaldira bertaratu dira Gobernuko kontseilariak, Foru Komunitateko agintari politiko eta instituzional nagusiak, Nafarroako Kultura Kontseiluko kideak eta sarituaren senide eta lagunak.

Ekitaldia eguerdiko 12.00etan hasi da. Erriberriko Musika Bandako tronpetari eta tinbal-jotzaileek Nafarroako ereserkia, Erreinuan sartzeko martxa, jo dute. Gero, Alfredo Sanzolek hartu du hitza, dramagile, antzezle, antzerkiko zuzendari eta sarituaren ikasle izandakoak, eta Aranguren goraipatu du.

Ondoren, antzinako musikako Secretum taldeak Fabritio Carosoren (1526-1600) Celeste Giglio interpretatu du. Zuzendaria Sergio Barcellona zen, eta musikariak Íñigo Casalí (flauta ezti errenazentistak), Sergio Barcellona, (zengo-biola), Charo Indart (klabezina) eta Peio Otano (perkusioa).

Arangurenek Barkos Lehendakariaren eskutik saria jaso eta gero, Arangurenen hautagaitza sustatu duen Plaza de la Cruz BHIko Miguel Ángel Garcíak hitz batzuk egin ditu euskaraz, eta sarituak gaztelaniaz parafraseatu ditu.

Amaitzeko, Barkos Lehendakariak hartu du hitza eta Secretum taldeak M. Praetoriusen Suite de branles jo du.

14.00etan, agintariak Andre Maria elizako portalea zaharberritzeko lanak ikustera joan dira. Gero, Nafarroako Kultura Kontseiluak bazkaria eskaini dio sarituari Erriberriko Paradorean (Doña Blanca aretoan); bazkarian izan dira, halaber, Nafarroako Lehendakaria eta Erriberriko alkatea.

Ekitaldi hori dela eta, Nafarroako Gobernuak eta Erriberriko Udalak herri-jardunaldi bat antolatu du: larunbatean hainbat kultur-ekintza izango ditugu gozagai, guztiak doakoak.

Sari-banaketa