Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Punto de Vista

Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jailadia
2016ko otsailak 8-14

Iruña munduko zinema dokumentalaren ardatz bihurtzen da urtean sei egunean, otsailean. Mundu osoko ekoizpenek lehia egiten dute, haien ikuspegi aske eta ezinbestekotik errealitatea ulertzeko era askotako moduekin.

Hala, Atal Ofizialak zinema dokumental garaikideko era askotako estilo eta erregistroei irekitzen dizkie ateak. Egutegiko lehen hitzordu zinematografikoa da eta, aurreko denboraldiko lanik onenak biltzeaz gain, etorkizuneko apustu interesgarrienetako batzuk ezagutzera ematen ditu. Deialdian izena emandako film onenek bakarrik izango dute saria jasotzeko aukera.

Lehiaketaren asmoa argia da: deitutako zinemagileek, pelikula bakoitzean, dagoeneko ibilitako bideetatik harago joatea eta bide hori konpromiso etiko argiarekin egitea. Hori betez gero, edukia eta forma libreak dira. Atal Ofizialean (Erdialdean) lehia egin dezakete errealitateari buruz hausnartzen duten eta fikziozkoak ez diren ikus-entzunezkoek. Epaimahaiek baloratzen dituzte kalitatea, originaltasuna eta, batez ere, Jean Vigok esan zuen moduan, "ikusleei begiak irekitzeko eta itxuratik harago ikusten laguntzeko" gaitasuna.

Gainera, hasiera-hasieratik, Punto de Vista Jaialdiak zinema-jaialdien ardura nagusietako bat bere gain hartu nahi izan zuen: ikusleekin zeregin didaktikoa izatea eta zinemako oroitzapenak berreskuratzea. Erronka hori Atzera Begiradak atalak hartu zuen bere gain. Urtetik urtera, Punto de Vista Jaialdiak klasikoak ematen ditu ezagutzera, filmografia sortu berriak jartzen ditu eskura eta eskola, korronte eta zinematografia ezezagunen lanak zabaltzen ditu. Atzera begiradak dira, beraz, jaialdiaren ardatzak, eta begirada horiek ezartzen dute jaialdiaren tonua, asmoa eta mamia.

Punto de Vista Jaialdiak saio bereziak ere baditu: proiekzio paregabe eta bereziak; gai ezezagunei edo joera sortu berriei buruzko mahai-inguruak eta eztabaidak; erakusketak; zuzeneko musika duten proiekzioak; irudiak, hitza eta zuzeneko musika uztartzen dituzten ikuskizunak; maisu-eskolak; omenaldiak; prestakuntza-tailerrak eta maila askoko saio pedagogikoak. Saio bereziak berriak izaten dira urtero, erakusleiho aldakor, fresko, aberats eta zirikatzaileak dira, era askotako estilo eta proposamenak jasotzen baitituzte.

2010. urtetik, Jaialdiak proiektu bat finantzatzen du urtero, dokumentalista espainiar berriei Nafarroan ikus-entzunezko saiakera bat egiteko aukera eskaintze aldera. X Films proiektuaren bitartez, Punto de Vista Jaialdiak zuzendariei lan berri bat egiteko aukera ematen die, sorkuntza sustatzen du eta dokumentalen ahots berriak foru-lurraldera ekartzen ditu.

 jaialdiaren web orrialdea

Punto de Vista